Xabier Lete, gertutik, oroimenean: Urnietarren oroitzapena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 16a, 10:30

Ertz ugari zituen pertsona zen Xabier Lete. Euskaldun ororentzat idazle, kantari eta kulturgile aski ezaguna. Urnietan, ordea, artista eta pertsona ondo bereizi zituen bizitza osoan zehar. Urnietan bizi zen Xabier Leteren oroitzapena bildu nahi izan du Aiurri astekariak orrialde hauetan. Horra gertutik ezagutu zuten hainbat herritarren lekukotzak.

Juanito Albizu
Juanito taberna

"Xabier ezin da hitz bakarrarekin deskribatu. Aparta zen lagunekin, laguntzeko beti prest egoten zena. Oso alaia zen, Xabier azaltzen zenean giroa animatzen zuen. Giro arraro edo tristea bazegoen, Xabier iritsi eta akabo pena guztiak!

Betidanik ezagutu dut, azken urteetan pattal zebilen arren. Beti kaso egiteko prest, oso alaia zen. Hamaika pasadizo konta daitezke. Behin Juanito tabernan, kafe batean, hizketan hasi eta berak bakarrik antolatu zuen, oker ez banago, euskaldunen eta erdaldunen arteko futbol partida. Berak ireki zuen frontoia, baloia eraman ere bai. Eta denak bere esanetara.
Denekin harreman handia zuen, ez zuen bereizketarik egiten. Beti prest, eta beti bromatan aritzen zen. Guk tabernan harreman berezia egin genuen Xabierrekin. Tabernara maiz etortzen zen eta Miren andreari jateko zerbait prestatzeko eskatzen zion. Jateko antsietate handia izaten zuen, baina bere gaixotasunarekin berehala betetzen zen. Miren sukaldari ona da eta Xabier bereziki zaintzen zuen.

Xabier batzurentzat serioa eta distantea zela? Bada, Xabier poeta zen! Une batzuetan autobusa gainetik pasa balitzaio ez zatekeen konturatu ere egingo. Nik ere ikusi izan nuen bere munduan, bere pentsamenduetan murgilduta. Baina bestela oso alaia zen. Bere heriotza kolpe handia izan da guretzat".

Iñaki Aranzadi
Apaiza

“Azken urteetan umilduta zegoen erabat, gaixotasunak erabat umildu zuen. Lourdes ere horrela joan zen. Lourdes ikusten nuenean sic transit gloria mundi esaten nuen nire artean (euskaraz, horrela igarotzen da gloria munduan zehar). Gazteak zirenean zer nolako indarra zuten ikusi eta gero arrastaka amaitu zuten. Xabier azken aldian eguerdian irteten zen etxetik, ordubiak aldera, kanposanturako bidean. Egunero-egunero joaten zen, lore bat hartuta eta ahal zela inork ikus ez zezan.

Gaixotasuna dela eta, inork gutxik zekien Xabier Letek azken urteetan zer nolako sufrimendua igaro zuen. Azken urteetan berarekin topo egiten nueneko gauza ugari aipa daitezke. Euskararekin eta Euskal Herriarekin ernegatuta zegoen. Xalbadorren Hau da nire dolorea bertsoa datorkit gogora, oso egokia delako Leteren sentimendua adierazteko. Herriaren egoera ikusita sufritu zuen. Abilitatea edukita, kantatzeari utzi zion ernegatuta. Gogorra behar du izan gero! Sufritu zuen Euskal Herria.

Herria, euskara..., absolutoa zen berarentzat. Sakrifizio guztia egiteko prest zegoen baina desengainatu ziren Lourdes eta bera. Heldulekurik gabe geratu ziren. Zutoin horiek erortzen joan zitzaizkien.

Fedeari buruz gehiena gustatzen zitzaiona, askoz, Jainkoa errukitsua da esaldia zen. Ez Jainko zitala, epailea, errukitsua baizik. Errukitsua berarekin, eta bera ere errukitsua besteekin. Lourdes andreari ere biziki eskertu zion errukitasun hori, Xabier bera zen bezala onartu zuelako.

Bukatzeko gauza polita esango dut, hausterre egunekoa. Kopetean hautsa jartzen zaigu esaldi hau esanez, bihotz berritu zaitez eta sinistu berri ona. Nik deneri jartzen nien, baina apaiza bakarra naiz hemen eta urtero-urtero Xabier Letek niri hautsa jartzen zidan esaldi hori esanez. Beraren ahotik entzunda polita zen, eta gogoangarria”.

Mikel Pagola
Udal kultur teknikaria

"Berak beti esan izan du oiartzuarra zela. Nahiz eta Urnietan bizi, oiartzuarra zela zioen. Xabierrek desio bat izan zuen eta azkenean lortu zuen. Barrenean bazuen har hori, Urnietan ahal izanez gero emanaldi bat eskaintzea berak bakarrik. Ez dok Amairu mugimenduaren garaian korronte hartako hainbat musikarirekin hainbat bider izan zen Urnietan. Baina bera bakarrik, sekula ez. Urnietarekiko zor hori zuela uste zuen; Urnietak emandako guztiarengatik berak urnietarrei kontzertua eskaini nahi zien.  1989an, gaixoaldia izan eta gero, bi saiakera egin genituen eta niri tokatu zitzaidan berarekin data adostea. Baina emanaldia iritsi aurretik osasun arazoak zirela medio emanaldia eskaintzeko asmoa bertan behera utzi zuen.

Zor hori bazuen eta argitaratu zuen azken liburuarekin 2009an errezitaldia eskaini zuen Joxan Goikoetxea musikariak lagunduta. Beraz, esan bezala, desio hori bazuen eta azkenean lortu zuen. Gustura geratu zen emanaldiarekin, Behingoagatik lortu diat Urnietan emanaldia egitea adierazi zidan pozik.

Udalak harreman estua izan zuen Lourdesen heriotzaren ondorioz, 2006 urtean Udalak Lourdesen omenez ekitaldi sorta antolatzea erabaki zuen eta, egia esan, horretan guztian Xabierren inplikazioa erabatekoa izan zen. Oso garbi zuen zer egin behar zen, eta nola. Lana ematen eta aholkuak ematen oso ona zen! Oso metodikoa zen bere gauzetarako, guregana etortzen zenerako dena oso ondo mamituta izaten zuen. Denbora asko zuen pentsatzeko, pentsatu egiten zuela nabarmena zen. Hitz jario ikaragarriarekin, elkarrizketarako bikaina zen. Oso aberatsak ziren berarekin izandako elkarrizketak. Asko ikasteko baliagarria izan den pertsona, nire ustez. Gauzak oso garbi zeuzkan pertsona zen, tratu pertsonalerako eta lan harremanetarako".

Mikelek gertuko pertsona bezala gogoratzen du, "herrian ez da olerkigile edo musikari bezala nabarmendu. Oso aktiboa izan da, baina beste alor askotan. Gogoan dut herrian antolatzen zen futbol txapelketan, Trabena edo Juanito edaritegia taldeekin adibidez, bere txima luzeekin jokoan aritzen zenekoa. Oso gertukoa zen. Egun hauetan irakurri ahal izan dudanez, jende askok dio gizon serioa, tristea zela. Eta horrek harritu egin nau. Nik uste dut jakin behar dela berarekin harremana izaten. Sekulako barreak bota ditut berarekin, punta zorrotzeko gizona zen. Oso umoretsua. Etorri onekoa zen eta azkarra, ikaragarri azkarra. Oso une onak igarotzeko aukera izan dut.

Niri ez zait tokatu haserre ikustea, gertukotzat hartu nuen beti. Kantari garrantzitsua izanagatik ere oso integratuta zegoen herrian. Oso pertsona atsegina zen, umore puntu ikaragarriarekin".

Juxto Egaña
Txanbolin elkartea

"Xabier Leterekin lehen aldiz hitz egin nuen plazan, gaueko hamarrak aldera. Egunez lan egin eta gauez gaueskolan aritzen nintzen. Bakar bakarrik egoten zen Urnietako plaza den desertu hartan. Bere pentsamenduetan eta bere filosofian murgilduta zegoen. Ia bateratsu iritsi ginen Urnietara, ni Azkoititik 1969an eta bera Oiartzundik lehenxeago.
Ikastolaren sorreran, 60ko hamarkadaren amaiera hartan, egoera oso zaila zen. Lourdes eta Xabier haurrei kantak erakustera etortzen ziren. Kantu herrikoiak eskaintzen zituzten, haienak inoiz ez. Elefantita, Atxiamotxia...

Bestalde, gerora, 70-73 urte inguru hartan ikastolako juntako kide izan zen. Orduan antzeman nion Xabierri hizketarako eta komunikatzeko zuen dohaina, gerora hainbat goraipatu zuten dohain hori. Oso gizon interesgarria zen, gauzak esateko zuen horietakoa. Oso elegantea zen hizketan, gauza sinpleena esateko ere bai. Dohain berezia zuen, oso gutxi izan ditugu euskaraz hain modu elegantean hitz egiten dutenak. Kantaldietan ere, kantuen aurkezpenetan, aurkezpena bera gozamena zen.

Horri lotuta, ikastolak antolatzen zituen hainbat ekintzatan bera oso inportantea izan zen. Eta ez bakarrik ikastolaren sorreran, baizik eta beste hainbat kontutan. Zimitorioan Durangoko Azokaren modukoa antolatzen genuen eta horretan Xabierrek laguntza handia eskaini zuen. Baita kantaldietan ere. Bere bitartez hainbat musikari etorri zen Urnietara.
Urte batzuk pasa eta gero, Lourdesek jarraitu zuen ikastolako martxa. Xabierrek utzi egin zuen, beste eginkizun batzuetara bideratu zuen bere denbora.

Ikastolako garai hartako afari eta bilkuratan, Xabier Lete oso gizon interesantea zela esango nuke. Bere munduan murgildutako poetaren irudia bazuen ere,  lagunartean oso atsegina zen. Ez zuen inorekin arazorik sortzen, kontrakoa, txispa handikoa eta umore berezikoa zen. Ez zuen inoiz bere musikaren alarderik egin. Pentsa, gure ezkontzan, bertso batzuk aukeratu zituen. Bereiztu egiten zuen pertsona eta artista.
Gerora, urteak igaro ondoren, pena izan dugu herrian antolatu izan ditugun ekimenetan ez duelako inoiz protagonismorik hartu nahi izan. Saiatu ginen behin eta berriz, berak nahi zuen moduan parte hartzeko. Baina ez genuen lortu.

80ko hamarkadan politikagintzan eman zuen garai hura eta gero, faltan bota izan dut Xabierrek herrian inplikazio gehiago ez izatea. Penaz esan behar dut, baina bere arrazoiak izango zituen. Bera alde batetik oso profesionala zen, eta bere buruarekin oso exigentea. Agian gure emanaldiak gutxietsi egiten zituen, baina ezin dut bere azalean jarri.
2009an Mikel Laboaren omenezko kantaldia antolatu genuen herriko jaietan. Aurten Xabier Leteren omenez egin nahi genuen, bera bizirik zegoela. Baina sekula ez du omenaldirik jaso nahi izan. Lourdes ere halakoxea zen. Hala eta guztiz ere, herri modura Xabier Lete gaitzat hartuz kantaldia antolatzea interesgarria izango zela pentsatzen genuen. Orain hil egin da, eta ez dakigu zer egingo dugun. Nik, noski, kantaldi hori egingo nuke.
Urnieta'59 ikuskizunean Ez dok Amairu sortu zeneko garai hura landuko da. Xabier Lete nola edo hala bertan egotea nahi genuen, bere minutuko agerpena oso sarkorra litzateke. Hori zen asmoa, baina dagoeneko ez da posible izango".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!