Allurralde Udal kirol patronatuak urtez urte herriko kirolarien lorpenak txalotzeko kirol gala martxan jartzea erabaki du. Aurtengoa izango da lehen edizioa eta dagoeneko ezagun dira atal ezberdinetako finalistak.
Andoaingo kirolariei eta kirol elkarteei publikoki esker ona ematea, egiten duten lana sarituz, horixe da Andoaingo Allurralde Kirol patronatuak abian jarri duen ekimen berriaren xede nagusia.
Eguberrien atarian Basteron antolatu duten ekitaldian aditzera emango dituzte lehen edizioko irabazleak, abenduaren 23an hain zuzen. Oraingoz finalisten izen-abizenak zeintzuk diren aditzera eman dute. Epaimahaiak egunean bertan erabakiko du atal bakoitzeko irabazlea zein den. Ikusleen parte hartzearekin jaialdia are politagoa izango da.
Migel Angel Perez Lasa futbol epaileari aipamen berezia lehen kirol galan
Migel Angel Pérezek (Andoain, 1967) aipamen berezia jasoko du Andoaingo Kirolaren I. Galan. Futboleko epaile gisa 1998an igo zen lehen mailara, eta bertan dihardu orduz geroztik. Aitortu duenez, milaka ikuslez jositako estadioek, dirutza irabazten duten jokalariek edota mihi zorrotzeko kazetariek baino urduriago jarri du aipamenak.
Nola hartu duzu aipamena?
Migel Angel Pérez.: Egundoko ilusioa egin dit, eta Andoainen bertan izatea ere ohoretzat hartzen dut; izan ere, esan ohi den bezala, inor ez da profeta bere jaioterrian. Are gehiago, bereziki poztu naiz, jakinda epaileak oso gutxitan nabarmentzen gaituztela; kirolean protagonismo gutxi izan ohi dugu normala denez, eta aipatzen gaituztenean, kritikaren bat egiteko izan ohi da ia beti.
Zer iruditzen zaizu kirolaren gala Andoainen sortu izana?
M.A.P.: Primeran. Ideia oso interesgarria dela iruditzen zait. Bide egokia ikusten dut herriko kirolariak ezagutarazteko eta horien sakrifizioa aitortzeko. Aldi berean, eguneroko ahaleginari esker helburu asko lor litezkeen mezua ere zabaltzen da.
Erraza izan liteke ni bezala komunikabideetan agertzen den elitekoarekin gogoratzea; benetako meritua oinarri-oinarriko kirolaren munduan dabilen hori nabarmentzen jakiteak dauka.
Ni neroni harrituta geratu naiz galan aipatuko direnen zerrenda ikusi eta gero: inoiz ez nukeen pentsatuko Andoainen hainbeste kirol praktikatzen denik, ezta halako kirolari kopuru handia dagoenik. Horietako asko noraino iritsi diren ikustea ere ez da makala!!
Andoaingo oinarrizko kirola ezagutzeko motiborik izan duzu…
M.A.P.: Orain urte batzuk bai, egia esanda. Ikastetxeetako kirol jarduera antolatzen zuen ODEA elkartean aritu nintzen urtetan, Bixente Huizi, Caballero, nire aita eta beste zenbaitekin. OHOko haurrak entrenatzen nituen, eta 13 urtez partidak epaitzen ere hasi nintzen. Hortik abiatuta, helduen koadrilen torneo eta ligak epaitzera igaro nintzen. Horrela, bada, poliki-poliki, mailaz maila igotzen joan nintzen, lehen mailara iritsi arte.
Zerk jartzen zaitu urduriago, kirol gala honek ala Real Madrid-Valentzia partidak?
M.A.P.: Galak berak! Ohituta nago estadio bateko milaka zaletuek, maiz idolatratuegiak dauden jokalariek edo prentsak egin dezaketen presioa jasatera. Jendaurrean hitz egitea, aitzitik, ez da menperatzen dudan dohaia.
Egia esan, txaloak jasotzera baino kritikak entzun edo presioak jasatera ohituago zaudete epaileak…
M.A.P.: Zalantzarik gabe, eta horrexegatik esker bikoitza zor diet aipamena bultzatu duen Kirol Patronatuari. Esan beharra dago hirokoitza dela epaile baten prestakuntza: fisikoa, teknikoa eta psikologikoa. Aurreneko biek ez ezik, prestakuntza psikologikoak ere egundoko garrantzia dauka: epaile batek derrigorrezkoa du publikoaren eta komunikabideen presioa gainditzen jakitea. Ezagutu ditut bigarren mailan txukun jardun ostean, lehen mailarako jauzia egitean presioa jasan ezin izan dutenak. Dena esatera, iruditzen zait futbol epailea ondo prestatu ohi dela gaur egun.
Lehen mailara igo nintzenean, nire benetako kezka gizartearen presioarena izan zen; ea nola eramango nuen kontu hori, alegia. Denborarekin, ordea, gauzak oso ondo joan zaizkit; Andoainen batez ere, herritarrek asko lagundu izan naute, eta horrek berebiziko animoak eman dizkit aurrera jarraitzeko. Jesus Gilekin nolabaiteko xextra izan nuenean adibidez, ingurukoek eta herrikideek eskertzekoa den babesa eman zidaten.
Epaile gisa, zer geratzen zaizu egiteko?
M.A.P.: Goi mailan, 45 urtetan dago muga, eta beraz aurtengo denboraldia gehi beste bi geratzen zaizkit. Erretiroa hartzekotan naiz orduan, lanbide honek nekea eragiten baitu. Nazioarteko epailea izatearen ametsa aspaldi uxatu zitzaidan; bere garaian, FIFA ere nire alde jarri zen, baina Gipuzkoako Federazioan baten batek ezetz erabaki zuen eta baztertuta geratu nintzen.
Horrenbestez, gozatzen jarraitzea da nire gogoa, erretiroa hartu bitartean. Jendeari kosta egiten zaio sinestea, baina epaileek gozatu egiten dugu zelaian. Nire nortasuna halakoa delako, jendez gainezka agertzen diren Bernabeu bezalako zelaiak ditut gogoko nik; tentsioa antzemango zait aurpegian akaso, baina ondo pasatzen ari naizen zalantzarik ez izan. Azken batean, epaileek ere adrenalina askatzen dugu, beste edozein kirolariren antzera.
ANDOAINGO 1.KIROL GALA
ABENDUAK 23, OSTEGUNA
BASTERO, AUDITORIOA. 20:00.
AURTENGO FINALISTAK
URTEKO KIROLARIA
EMAKUMEZKOA
Kattalin Olasagasti Eskubaloia
Maddalen Aizpurua Triala
Gemma Martinez Arrantza
GIZONEZKOA
Francisco Arnaiz Atletismoa
Jabier Migel Triatloia
Iker Lizarribar Judoa
URTEKO KIROLARI GAZTEA
EMAKUMEZKOA
Nagore Arizaga Iribarren Eskubaloia
GIZONEZKOA
Imanol Iraola Txirrindularitza
Ugaitz Alonso Ormazabal Saskibaloia
Jon Migliaccio Navas Judoa
KIROL ELKARTEA
Andoaingo Txirrindulari Eskola
Judo Eskola
CDB Leizaran
BABESLEA
Frutas La Huerta
Aitzbeltz
Jose Mª Mendiola
AIPAMEN BEREZIA
Migel Angel Pérez Lasa, Lehen Mailako futbol arbitroa.