Jostailuak erosteko elkartasun kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 16a, 10:26

Filipinetan kale gorrian bizi diren haur behartsuen aldeko diru bilketa kanpainari ekin dio Mikel Arriet Arruiz andoaindarrak, jostailuak erosteko.

Filipinetan kale gorrian bizi ostean, Haven harrera etxean bizi diren haurrei Gabonetan jostailuak ematea du helburu kanpainak; aduanetako zerga saihesteko asmoz, hemen dirua biltzea eta han bertan jostailuak erostea kanpaina aurrera eramateko erarik errazena izan daitekeela pentsatu da.
Mikel Arriet Arruiz andoaindarra da bere bultzatzaile nagusia, eta Andoaingo familia ari zaio laguntzen. Arrietek zazpi urte daramatza Filipinetan sukaldari gisa; Fuego konpainiak Asiako irla horretan dituen hiru hoteletako sukaldeez arduratzen da bera. Udaldiro bertaratzen da Andoainera, eta aurtengo 2010eko uztailean Aiurri hamaboskariari eskaini zion elkarrizketan, besteak beste, Filipinetako gizartearen gehiengo baten bizi baldintzak aipatu zituen: “Filipinetako errealitatea hemengoarekin alderatuta ezberdina da: pobrezia handia dago, gehiengoa kartoizko etxeetan bizi da eta askok ez daukate urik etxean…”.
Ezin bizkar eman Filipinetako errealitate gordinari eta, hainbat ekintza burutzen ari da Arriet, sukaldeko ardurek uzten dioten denbora librean. Gazteen saskibaloi taldea finantzatu du azken lau urtetan: “leku askotan bezala, alkohola edanez estaltzen dituzte askok euren beharrak. Egoera horri aurre egiteko eta saskibaloia asko gustatzen zaienez, Chef Mikel saskibaloi taldea osatu eta liga batean hartzen dugu parte…”.
Bestalde, Filipinetako behartsuenei laguntzeko beste zenbat sistema irudimentsu jarri izan ditu praktikan: sukaldaritzako ikastaroak eta kirol ekitaldi edo lehiaketak antolatzen ditu, besteak beste, dirua biltzeko asmoz. Haurrak ere besoetan hartzen ditu, elikadura eta heziketa ordainduz.
Filipinetan milioi eta erditik gora haur kale gorrian bizi direla diote estadistikek, eta hain zuzen ere, haur horien bizimodu penagarria bertatik bertara ikusteak modu berezian hunkitu du Arriet. “Beltz Mendebaldarrak” izeneko irlan egin zuen egonaldi batean Haven elkartea ezagutu zuen, kaleko haurren harrera etxea dena. Etxe horrek tratu txarrak jasan dituzten kaleko haurrekin burutzen duen lanak txundituta utzi zuen, eta harrezkero, bertako kolaboratzaile sutsu egin da.
Andoaingo herritarrak eskuzabaltasunez erantzun diote orain arte Filipinetako haur behartsuen aldeko kanpainari. Diru bilketak hurrengo egunetan ere jarraituko duela esan beharra dago; hain zuzen, elkartasunezko ekitaldi honetan parte hartu nahi duenak, Txitibar plazan kokatzen den Adats ileapaindegira jo eta bere ekarpena uztea besterik ez du.


Informazio gehiago jakin nahi izanez gero, Internetez: Kalipaynegrense.org/ our-proyects/Haven-Children-Home.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!