Andoaingo Caritas, deialdia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 16a, 10:26

Eguberri egunen atarian, behartsuentzako laguntza eskatu du Andoaingo Caritasek. Erakundeak jakinarazi duenez, krisi ekonomikoak egoera latzak sorrarazi ditu andoaindar askoren etxeetan eta sufritzen ari direnek, beharrezkoa dute laguntza eta hurbiltasuna eskainiko dieten norbait alboan izatea: “Harrera eta laguntza proiektu berriak garatu beharra daukagu, elkarrekin lan eginez gizarte hau alda dezakegu, justuago izan dadin. Behartsuenen duintasuna eta bizi-kalitatea sustatu nahi ditugu”.

Arropa, jokuak…
Asteotan zehar, material bilketa egiten ari dira Caritaseko kideak Zumea kaleko hirugarren zenbakian duten egoitzan: “Jakiak, altzariak, arropak, jostailuak edota beste edozein material eman nahi duenak, Zumea kaleko gure egoitzan aurkituko gaitu eta 943 116 150 telefono zenbakira ere dei dezake”.

Diru bilketa bereziak ere egingo dituzte egunotan. Esaterako, abenduaren 18 eta 19an herriko parrokietan bildutako dirua Andoaingo Caritasera bideratuko da. Dirua kontu korronte bidez eman nahi duenak ere izango du horretarako aukera, Euskadiko Kutxaren 3035 0026 26 0260022466 kontuan sartuz.

Urtean zehar diru ekarpen finkoak egin nahi izanez gero, Zumea kaleko egoitzara jo beharko da datuak ematera. Bertan zehaztu beharko da, besteak beste, zenbateko diru ekarpena egin nahi den eta zenbateko maiztasunaz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!