San Tomas eguna, Eguberrien atarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 16a, 10:25

San Tomas egunaren inguruan Iñistorrak antolatzen duen ospakizuna indarra hartzen ari da Urnietan. Joxeba Lizeaga ospakizunaren sustatzaile nagusiak egunaren inguruko argibide guztiak eskaini dizkio Aiurriri.

San Tomas egunaren bigarren edizioa iristear da. Iazkoa ondo atera zen seinale al da bigarrengoa? 
Joxeba Lizeaga.
Egape ikastolak aspalditik antolatzen duen "Neguko Azoka" tradizio handikoa da, baina goizean izaten denez herritar askori ezinezkoa egiten zaio bertaratzea, eta ikusten genuen arratsaldean beste jaitxo bat egiteak merezi zuela. Gauzak horrela, badira urte batzuk ospakizunen bat antolatzeko asmotan genbiltzala, eta azkenean, iaz antolatu genuen lehenengoz. Urnietako tradizio eta herri kulturari lotutako jai xume bat egin eta, bide batez, Aiurriren harpidedunei esker ona adierazteko helburuarekin egin genuen, eta uste baino hobeto joan zen. Jan-edariekiko egindako aurreikuspenetan labur geratu ginen, sagardo txapelketan hamar baserriren parte hartzea izan genuen eta Gaztelekukoek antolatutako jokoetan ere partaidetza altua izan zen. Horrelako erantzuna ikusita garbi geratu zitzaigun jaiak bere tokia baduela eta jarraipena emateko gogoz gaude.

Urnietarrei ospakizuna herrian bertan egiteko aukera eskainiko diezue, berrikuntzekin gainera. Horiek azaltzerik bai?
J.L.
Bai, urnietar guztiak ez dute egun horretan Donostiara joateko aukerarik, eta horiei herrian bertan jaia ospatzeko aukera emango diegu. Aurtengo berrikuntza nagusiak bi izango dira, batetik, sagar-tarta lehiaketa; sagarraren bueltan antolatutako jaia denez, urrats berri bat emango dugu aurtengoan txapelketa honekin. Irekia denez, edonork parte hartzeko aukera du, horretarako nahikoa izango du etxean sagar-tarta egin eta arratsaldeko lauetatik zazpietarako tarte horretan plazara ekartzea. Aurkezten diren guztiek xanpain botila bana jasoko dute eta irabazlearentzako sari polita izango da.
Bigarren berrikuntza, baserritarrei  euren produktuekin azokara jaisteko aukera emango diegula da. Urnietan lehen mailako barazkiez gain, baditugu, gazta, eztia eta abar ekoizten dituztenak, eta kasu askotan herrian ez dira ezagunak; gure nahia horiek herritarrei ezagutzera ematea da. Halare, badakigu oso zaila dela baserritarrak ordutegi horretan jaistea, lanez lepo ibiltzen direlako, hurrengo egunerako jeneroa prestatzen, edo ardiak jezten..., baina gure ateak zabalik izango dituzte.

Gaztelekua iaz bezala zuekin batera jaia antolatzeko prest agertu da, garrantzia berezia ematen al diozu zuk Urnietako erakunde eta elkarte ezberdinen arteko elkarlanari?
J.L.
Gaztelekuak iaz parte hartu zuen jaian eta aurtengoan ere elkarrekin izango gara. Nahiz eta sarritan zaila izan, bai Sanmieletan, bai urtean zeharreko ekintzetan, elkarte ezberdinen arteko elkarlana funtsezkoa dela esango nuke, besteak beste, esfortzu berdinarekin emaitza hobeak lortzeko aukera ematen duelako. Gaztelekukoei ere zaila egiten zaie San Tomas egunerako zerbait antolatzea, gazte askok Donostiarako bidea hartzen duelako, baina gelditzen direnak gogotsu agertzen dira eta aurtengoan ere jaira etortzen direnek hainbat herri-kiroletan parte hartzeko aukera izango dute.

Urnietan egiten den sagardo dastaketa eguneko hitzorduetakoa da. Zu zeu sagardozale izanik “zer nolako sagardoa egiten da Urnietan?” galderari zer erantzungo zenioke?
J.L.
Urnietan egiten den sagardoa inguruko herrietakoa bezalakoa da, oso ona. Kanpotar askok Urnietako bi gauza ezagutzen dituzte, Adarra mendia eta sagardotegiak. Gure herria sagardoarekin erlazionatzen dute. Orain baditugu bost sagardotegi eta gerra aurretik bederatzi, ziren; baina benetan sagardoaren kultura guztiz errotua zegoela adierazten digun datua beste bat da: ia etxe guztietan etxeko kontsumorako sagardoa egiten zela. Noski, hori baserriaren gainbeherarekin batera galtzen joan da. Baina, zorionez, oraindik tradizioak bizirik dirau eta badira ohitura zaharrari eutsiz etxerako sagardoa egiten jarraitzen duten gutxi batzuk. Kasu gehienetan, harro egoten dira izugarrizko maitasunarekin egiten duten lan horren emaitzarekin, eta herritarron miresmena ere merezi dutela uste dut.

Liburuaren eguna, Iñistor jaia, San Tomas ospakizuna... Iñistorrak dagoeneko urtean zehar hainbat hitzordu ohitura bilakatu ditu. Hitzordu horiekin egonkortu al da elkartearen eskaintza?
J.L.
Saiatzen gara urtean zehar kultur eskaintza ezberdinak proposatzen eta hauei jarraipena ematen. Esaterako, Iñistor Jaia ari da bere tokitxoa hartzen Sanmiel jaietan; liburuaren eguneko azokak ere azken urtean beherakada izanagatik erantzun ona izaten du, Gazte jaietako pailazoen emanaldiak ere ondo funtzionatzen du, eta San Tomas egunekoak ere bai, baina elkarte txikia gara eta horrek baldintzatzen du dena. Agian, bolondres lanak ez ditu bizi betiko garai onenak, baina bazkide berrien premia dugu eskaintza honi jarraipena eman nahi badiogu.

Egun gutxi dira Xabier Letek utzi gintuela. Urnietan urnietar bat gehiago zen, baina Iñistorra euskara eta kultura mailako elkarte modura, zer nolako balorazioa egiten duzue Xabier Lete poeta eta musikariaren inguruan?
J.L.
Xabier Lete poeta eta musikari handia izan dela uste dut. Elkartearekin ez zuen harreman handirik izan, Urnietako Erretratu Zaharrak liburuaren aurkezpenean izan zen, eta eskertu zuen lana. Iaz Pamiela argitaletxearen bitartez, Egunsentiaren esku izoztuak, bere azken poema liburuaren 25 ale ekarri genituen Urnietan saltzeko, eta denak saldu genituen, horrek harritu egin zuen. Iazko liburuaren egunean plazara agertu zen eta bere liburuak eskaintzeko eskatu nion. Han aritu zen hainbat liburutan bere eskaintza idazten. Herri honetako beste batzuen moduan, guk ere omenalditxo bat egiteko proposamena luzatu genion, baina, ez berak, ez Lurdesek omenaldirik ez jasotzea erabakita zutela adierazi zigun..."Agian beste urte batean; norbaitena onartzekotan, herritarrena onartuko nuke".

Zuzeneko omenaldi hori ezinezko den une honetan hileta elizkizunean izandako bi pertzepzio adierazi nahiko nituzke, batetik, elizan ginen ia denak 50 urtetik gorakoak ginela. Horren arrazoia izan liteke, plazetatik, modu jarraituan behintzat, aspaldian erretiratua zela, eta ondorioz, belaunaldi gazteagoentzat ezezaguna zela, neurri handi batean. Orain gure belaunaldikoen esku dago ondorengoei Xabierrek utzitako kantu eta poemen berri ematea, ea asmatzen dugun!

Eta bestetik, Iparraldeko kantari, idazle eta abarren erabateko presentzia."Euskal mundua" hain txikia den lurraldean garbi geratu zitzaidan Xabier erruz miresten dutela. Noizbait omenaldi bat prestatzen bazaio, hor badugu pista eder bat nondik jo jakiteko garaian.

 

SAN TOMAS EGUNA
ABENDUAK 21, ASTEARTEA

Udaletxeko arkupetan edo elizako zimitorioan.
16:30 Gazteentzako bola ikastaroa.
18:00 Txistorra eta edaria.
19:00 Sagar-tarta txapelketa.
19:30 Sagardo txalpelketa.
20:00 Gabonetako saskia zozketatuko da.
20:30 Jaiaren amaiera.

ANTZOLATZAILEAK: IÑISTORRA, GAZTELEKUA. BABESLEA: URNIETAKO UDALA.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!