Erbi ehizean, gaztetxotatik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 16a, 09:56

Jose Migel Larrarte eta Juan Otaegi billabonatarren zaletasun nagusia erbien ehiza da. Azken urteetan galtzen ari den ehiza motaren berri azaldu dute.

Noiztik datorkizue erbien ehizarako zaletasuna?
Juan:
Aspaldiko zaletasuna dut. Beizamarra naiz izatez eta inguru hartan, gaur ez bezala, erbi asko zegoen lehen. Gure gurasoek erbitarako joera handia zuten eta garai hartan asko estimatzen zen erbia botatzea, ez baitzegoen jateko aukera handirik. Gaur ez dago erbia jateko ilusiorik, baina guk hura ikasi genuen eta ohitura hari eusten diogu. Beizama, Albiztur eta Bidania inguruan ibiltzen naiz ni.
Jose Migel: Amasa-Villabona, Ibarra, Tolosa eta Irura hartzen ditu nire zonaldeak. Kamioaz bestaldera, Larraul, Asteasu nahiz Alkizan beste ehiztari bat ibiltzen zen, baina berriki utzi egin dio. Erbitan hasi nintzen ehizean eta erbitan jarraitzen dut. Orain, erbia bukatzen den garaian, basurdetara edo azeritara ere buelta batzuk egiten ditut.Osabetatik ikasi nuen erbiak ehizatzen. Izaskundarra naiz eta Altzon andregaia egin nuen garaian, txakurra eta erbia beste konturik ez zen izaten. Halaxe erantsi zitzaidan afizioa. Gustatu egin zitzaidan eta urte asko igaro da geroztik.

Zein berezitasun du erbiaren ehizak?
JM.:
Oso ehiza mota polita da. Guretzat, guztien artean politena. Erbien bila abiatzeko txakur onak behar izaten dira eta eguraldia ere ona behar izaten da, txakurrak lanik egingo baldin badu. Euria eta haizea oso txarrak diren bezala, eguraldi garbia eta izotza oso onak dira txakurrentzat. Esaterako, azaroko asteburuak oso euritsuak izan ziren eta ez genuen ezertxo ere ehizatu. Izan ere, asteburuz bakarrik ehiza daiteke erbia eta orduan giro txarra egiten badu, ez dugu aukera handirik izaten.
J.: Erbiak utzitako arrastoari jarraituz joan behar izaten du txakurrak, baina erbiak tranpa asko izaten duenez, –bidean atzera-aurrera egin, kosketara igo…–, arrastoa ondo eraman behar izaten du. Txakur ona izanez gero aurkitu egiten da erbia, gainerakoan, urrutira gabe, baina hantxe geratuko da. Erbia zonaka lokalizatuta egoten da eta egun batean leku batean badago, hurrengoan gehienez ere kilometro erdi batera egongo da. Horixe du polita.
JM.: Erbiak baditu bere sekretuak eta pazientzia handia behar da haiek ehizatzeko. Oso animalia delikatua da. Nire ustez, ehiza motarik zailena izango da.

Nola sumatzen duzue, bada, erbia non dabilen?
J.:
Gauez ibiltzen diren lekuetan arrastoa uzten dute erbiek eta guk arrasto hari segitu behar izaten diogu. Kilometro erdiko arrastoa agian.
JM.: Elurretan ondo asko antzematen dira arrasto horiek. Erbia alde batera abiatu arren, berriz beste aldera joaten da askotan, kontramartxak eginez. Bere senak aginduta, ikaragarrizko tranpak egiten ditu gainerako harrapariak despistatzeko. Koskaren bat ikusiz gero, behetik gora bizi-bizi egingo du salto eta bertan geratuko da igual. Zaila izaten da kasu horietan hura aurkitzen. Txakurrak oso ona izan behar du.

Taldean edo bakarka joaten zarete erbiak ehizatzera?
J.:
Bakarka ere ibil liteke, baina taldean joaten gara gehiago: gutxienez lauzpabost lagun eta bizpahiru txakur. Goizeko buelta egin eta eguerdian etxera itzultzen gara.
JM: Osabarekin ibili izan naiz urtetan, bi lagun. Hura hil egin zitzaidan eta eskerrak orain Lizartzako hiru lagun etortzen zaizkidan laguntzera. Bizpahiru txakur eramaten ditugu guk ere; izan ere, zenbat eta txakur gehiago eraman, zailagoa izaten baita haiek dominatzen. Bi txakur on izanez gero, nahikoa izaten da.

Zein garrantzia du zuentzat txakurrak?
JM.:
Nik txakurrik ez baneuka, ez zait iruditzen mendira ere joango nintzatekeenik. Txakurrak aterarazten du pertsona mendira. Ibiliz eta ibiliz ehizarako jarri egiten dira pixkanaka.
J.: Ehizean ere, txakur oso onak gutxi izaten dira. Erdipurdikoak gehiago.

Azaroan hasi eta Urteberri egunera arte luzatzen da ehiza denboraldia. Motza irudituko zaizue zuei…
J.:
Oraingo arau berriak dira horiek. Lehen urriaren hasieran ireki eta urtarrilaren amaiera arte izaten zen erbia ehizatzeko aukera. Arau berrien ondorioz, bakoitzak herri eta gune jakin batzuetan soilik ehiza dezakegu orain, baimen zehatzak ditugu. Bi hilabetez  soilik ibil gaitezke.
JM.: Bakoitzak bere gunea du. Esaterako, legez, nik ezin dut Juan ibiltzen den zonan –edo hark nirean– ehizatu. Bakoitzak bere zonarako baimena besterik ez du eta gainera bi hilabetez bakarrik ari gaitezke. Oso denboraldi motza da hori. Ehiztarientzako legeak gero eta zorrotzagoak dira eta aspertzen hasita nago. Foru Aldundira bidaltzeko orriak oso zehatz bete behar izaten ditugu etxeratzean: noiz hasi garen, zein koadrilarekin, zenbat txakurrekin, non ibili garen, zer ehizatu dugun…
J.: Hori guztia baino okerragoa da erbia desagertzen ari dela.

Untxia desagertuta omen dago inguruan. Zein da erbiaren egoera?
JM.:
Untxirik ez da ikusi ere egiten eta erbia ere gutxitzen ari da urtetik urtera.
J.: Azalpena erraza da: jendea baserri girotik alde egiten ari da eta terrenoak zikintzen ari dira, sasiz betetzen. Ondorioz, azeria edota basakatua moduko animaliak ugaltzen dira eta horiek, erbia jaioberria den garaian, harrapatu eta jan egiten dute. Erbi gazteak kontserbatzea zaila dela badakigu, beste animalia harrapariek indarra hartzen dutelako. Etorkizun zaila dauka erbiak.
JM.: Erbiak dena kontrarioa dauka: bai goitik hasi –zapelatzak, beleak…–, eta baita behean jarraituta ere. Izaskun alde horretan izugarri ikusten da katua eta katuak erraz harrapatzen du erbia, erbi gaztea bereziki.
J.: Jendeak, oporretara joaten denean, katu asko uzten du kalean. Eta hark ere bizi egin behar… Biziraupena! Lehen ehizatzera atera eta erbia edota azeria bazter guztietan izaten zen; eta erbitara ez bazen, azerien atzetik joaten zen txakurra. Gaur, erbirik ezean,  azeriaren bila bidalita, orkatz edo korzoen atzetik abiatzen dira txakurrak –orkatz asko baitago inguruan–. Orkatza ehizatzea, ordea, debekatuta dago. Ezin dugu karrerarik atera.

Zein erbi kopuru ehiza dezakezue? Ehizatu al duzue alerik aurten?
J.:
Denboraldi guztian lau erbi harrapa ditzakegu. Ez dira asko, baina kopuruak ez digu asko inporta; ez baikabiltza erbia jateagatik. Mendira joan eta gustura ibiltzea da gure helburua.
JM.: Txakurrak eginiko lana ikustea gustatzen zait niri, nola jarraitu dion erbiari… Erbitako afizioa dugunoi, txakurraren lan ona ikusteak ilusio handia ematen digu. Norberaren txakurra beti onena.
J.: Aspaldikoa da esaera: ‘Norberaren txakurra onena eta andrea besterena’.
JM.: Nahiko ondo hasi genuen denboraldia bi erbi boteaz, baina azken asteburuak barregarriak izan dira eguraldiari begira.
J.: Guk ere beste bi erbi bota ditugu.

Erbiak biziberritzeko kopuru jakin bat zabaldu omen dute inguruan…
J.:
Horietakoak dira orain ehizatzen ditugunak. Oso erbi handia da, lehengoa baino askoz handiagoa eta, baita makalagoa ere. Azkena ehizatutakoak 4.200 kilo pisatu zituen, lehengoak ez ziren horrenbestekoak. Orain lehengo erako erbia botatzen ari dira eta ikusi egin beharko da zabaltzen ote diren.
JM.: Akaso gehiago botako balira, ondo txertatuko lirateke.

Jende gazteak ba al du erbitarako zaletasunik?
JM.:
Erbitarako ez dago gazterik, ezta inor ere. Egungo gazteak ez dauka erbia ehizatzeko pazientziarik. Txakurra hartu eta erbia lehenengoan botako dutela iruditzen zaie eta ez, ofizioa behar da. Jakina denez, ordea, ofizioa ez da bat-batean ikasten. Urte asko behar dira.
J.: Oilagor txakurrekin, esaterako, errazagoa da. Gazteari kosta egingo bazaio ere, oilagorra dagoen lekura joanda igual zorte hobea izango du. Baina erbia harrapatzea beste kontu bat da.

Erbia prestatzeko aintzinako errezeta
Ondo gozatuz gero, erbia jaki goxoa dela adierazi dute elkarrizketatuek, baina inondik ere, ez dela prestatzeko ehiza errazena. “Txokolatearekin egiten dute saltsa hainbat lekutan, baina haragia ere astuna denez, pisuegi geratzen da modu horretan”. Garai bateko emakumeek, erbia prestatzeko ohitura handia zutenez, ederki prestatzen zuten erbi gisatua Juan eta Jose Migelen ustez. Haien prestatzeko modua gogoratu du Juanek, “erbia larrutu eta pusketak egin ondoren, zartarian gorritu egin behar da. Beste ontzi batean porrua, azenarioa eta tipularekin saltsa egin eta iragaztontzian pasa. Saltsa hori erbi puskak dauden ontzira bota eta urarekin –edo haragi saldarekin hobeto– nahastu behar da segidan. Gero, sutan eduki denbora luzean, erbiaren haragia samurtu arte”. Platera bezperan eginda oraindik eta hobea egongo dela nabarmendu du Juanek, “untxiarena baino haragi gogorragoa da erbiarena, haragi beltza eta zaporez fuertea”. Afaltzeko baino bazkaltzeko egokiagoa bada ere, gehienetan afaltzeko biltzen omen dira lagunartean, “lasaiago ibiltzen gara eta”, Jose Migelen esanetan. Azaldu dutenez, “koadrilan biltzea da ehizaren alderdirik politena. Erbia jateko zortzi edo bederatzi bat lagun bildutakoan, gustura aritzen gara tertulian”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!