Urritik urtarrilera, oilagorretan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 16a, 09:48

Mutil koskorretan piztu zitzaion Bernardo Labaka zizurkildarrari ehizarako grina. Oilagor denboraldia puri-purian dagoen honetan, astean lau edo bost egun eskaintzen dizkio bere zaletasunari.

Aitaren ondoan eman zituen lehen pausoak ehizean. “Ez naiz gogoratzen oso ondo zenbat urte nituen aitarekin ehizera joaten hasi nintzenean, baina hamar bat urteko mutil koskorra izango nintzen. Artean, eskopetari eusteko indarrik ez nuen. Betidanik gustatu izan zait ehizean egitea eta hemezortzi urterekin hasi nintzen oilagorretan. Etxean behiak ditugu eta urte askotan ezin izan nion denbora gehiegi eskaini zaletasunari, baina orain lanerako laguntza badut, eta astean lau edo bost egun eskaintzen dizkiot”, azaldu du Bernardo Labakak.
Urriaren 12an zabaltzen da oilagor denboraldia eta urtarrila amaiera arte luzatzen da Gipuzkoan. “Gipuzkoan ehiza librea da eta jende asko pilatzen da lursail txikietan, horregatik nik nahiago izaten dut Huescara joatea. Hiru laguneko taldea osatu eta urtero, hiru koto hartzen ditugu Huescan. Han ere urrian hasten da denboraldia, baina azaroa arte ez da oilagor askorik izaten. Garairik onena azarotik Eguberria bitarte izaten da. Huescan, otsailaren erdialdera arte ehiza daiteke oilagorra, baina azken aste horietan ez da horrenbeste oilagor izaten”.

Egun osoko ibilaldiak
Ehizaldi politak egiten dituzte Bernardok eta bere lagunek: “Goizean 09:00ak aldera hasten gara, mendian gora eta behera eta arratsaldeko 17:30ak arte geratu gabe ibiltzen gara. Txokolate pixka bat jan eta aurrera. Gauean ondo afaldu eta garaiz oheratzen gara, hurrengo egunean berriro ere ehizera joateko. Azaroa inguruan oso ehizaldi onak egin izan ditugu, astebetean berrogei bat oilagor boteaz. Hala ere, ez da pentsatu behar Huescan oilagorrak bilatzea oso erraza denik; kopuru horiek lortzeko, egun osoan ibili beharra dago”.
Denboraldi osoan zehar hirurehun bat oilagor ehizatzen dituzte Bernardok eta bere lagunek.”.

Txakurrak, ehiztarien lagun
Txakurren laguntzarekin egiten da oilagor ehiza. Txakurrekin mendira joan eta haiek bilatzen dute ehizakinaren arrastoa. “Oilagorren ehiza gogorra eta polita da. Mendian gora eta behera ordu luzez ibili beharra dago txakurrek arrastoa bilatu eta oilagorra non dabilen jakiten den arte. Txakurrek berebiziko garrantzia dute ehiza mota honetan eta neronek izugarri gozatzen dut haien lana ikusiz”.
Zortzi txakur ditu Bernandok etxeko txakurtegian. “Horietatik hiru oso ondo aritzen dira ehizean, gainerakoak oraindik gazteak dira eta erakutsi egin behar zaie. Oilagorretan ondo egiten duen txakurraren inguruan ibiltzen ikasi behar dute eta txakur beteranoak ehizakina bilatzen duenean, geldirik egoten jakin behar du, ehizakina ez uxatzeko. Lehen denboraldian horretan trebatzen dira txakur gazteak eta bigarrenean, bere kabuz oilagorrak bilatzen hasteko moduan izaten dira”, azaldu du Bernardok.
Lan handia eta ordu asko eskaintzen dizkiete oilagor-zaleek euren txakurrei. Denboraldiz kanpo ere, ia egunero joaten dira mendira, “txakurrak entrenatzera eta gu geroni ere forman mantentzera”, eta denboraldian, zaintza bereziak eskaintzen dizkiete txakurrei. “Ordu luzetan ibili behar izaten dute mendian gora eta behera eta horrek neke handia ekartzen die. Horregatik, oso ondo zaindu behar da txakurren elikadura. Jaki onak eman eta beharrezko bitaminekin osatu behar zaie dieta”, adierazi du Bernardok.

Ehizarako grina
Eskualdean oso hedatuta dago oilagor ehizarekiko zaletasuna. “Ehizarako grina ez da sekula galtzen. Nire aitak laurogei urtetik gora ditu, eta oraindik ere adi-adi egoten da tiro hotsa nondik adituko, edo hegaberak eta usoak non ikusiko. Nire semeari erakusten ere hura aritzen da. Hari ere gustatzen zaio ehiza, baina oraindik gaztea da oilagorretan aritzeko”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!