Andoaingo bertso eskola, martxan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 16a, 09:47

Zenbait urtetako hutsunea amaituta, martxan da berriz ere Andoaingo bertso eskola. Bertsotan trebatzeko asmoz, ostegunero biltzen dira adin ezberdineko sei ikasle, Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” irakaslearekin.

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, elkarrekin egindako lanari esker jarri da martxan Andoaingo bertso eskola. Larramendi Bazkuneko lehendakari den Jon Unanuek eman ditu ekimenaren inguruko nondik norakoak: “Azken urteotan, hezkuntza sistemak ematen du bertsotan trebatzeko aukera. Aukera horretatik kanpora, ordea, gazteei bertsotan ikasten jarraitzeko aukera eskaini nahi genien. Eskola eta plazaren arteko pausoa izatea nahi genuen”.
Badira zenbait urte Andoainen bertso eskolarik ez dagoela. “Bertsozale Elkartearekin batera, eta Andoaingo Udalaren laguntzarekin, bertso eskola zabaltzea lortu genuen. Asmo honek bazuen bigarren koska bat, gazteei ez ezik, helduei ere bertsotan trebatzeko aukera ematearena, alegia. Gure kultur ondarea zainduz, bertsotan jolasean aritzeko aukera zabaldu nahi genuen. Lehendabizi, bertsolaritzaz zipitzik ere ez dakitenei zuzendutako ikastaroa antolatu genuen. Horrez gain, lehen eta bigarren mailako ikastaroak ere eskaini genituen, bertsolaritzan trebakuntza maila ezberdina duen jendeari zuzenduta. Bigarren maila hori izan da erantzunik handiena jaso duena eta dagoeneko martxan dagoena. Taldea osatuz gero, beste bi mailatako ikastaroak ere antolatuko genituzke”.

Sei ikasle
Hamasei urtetik gorako sei ikasle biltzen dira ostegunero, Bastero Kulturgunean. Arkaitz Oiartzabal “Xamoa” dute irakasle. Ekainaren 9an amaituko da aurtengo ikasturtea era ordura arte, ostegunero biltzen jarraituko dute. “Ikasle gehienak andoaindarrak dira, baina Asteasu eta Zizurkilgo ikasleak ere bildu dira taldera”.
Bertsozale elkartea eta Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren arteko Elkarlanean sortu da Andoaingo bertso eskola: “Ordurako martxan genuen Beterriko bertso txapelketa eta bertso eskola sortzea ideia egokia zela iruditu zitzaigun. Andoaingo Udalera jo genuen laguntza eske eta haien baiezkoa jasota, aurrera egin genuen. Iazko ikasturtean ez zen martxan jartzerik izan, baina aurtengoan, taldea sortu eta bere bidea egiten hasi da”, azaldu du Jon Unanuek.

Beterriko bertso txapelketa, datorren hilean
Urtarrilaren 21ean hasiko da aurtengo Beterriko bertso txapelketa. Taldeka jokatzen den txapelketa da eta Andoainen eta Asteasun egingo dira sailkapeneko saioak. Amasa-Villabonan ospatuko da final handia, otsailaren 12an.
Hauexek izango dira aurtengo txapelketan parte hartuko duten bertsolariak:
  • Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi eta Onintza Enbeita.
  • Alaia Martin, Miren Amuriza eta Jone Uria.
  • Jon Martin, Iñigo Izagirre eta Iñaki Gurrutxaga.
  • Ander Lizarralde, Jokin Labaien eta Unai Muñoa.

BERTSO ESKOLEN INGURUAN
Iñaki Olalde, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko transmisio saileko zuzendaria da.
"Gaztetxoekin, bertsolaritza zer den erakustea da helburua; helduagoekin, maite duten horrekin disfrutatzea"

Nola bideratu da Andoaingo bertso eskola?
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, badu hezkuntza arautuan proiektu bat eta, horren bidez, zortzi mila seirehun umek lantzen dute bertsolaritza gelan. Bailara bakoitzean proiektu honetaz arduratzen den irakasle bat daukagu eta berak, bailara bakoitzeko beharrak aztertzen ditu. Bertso eskola sortzeko aukerak ikusten baditu makineria martxan jartzen da. Andoaingoa, adibidez, Larramendi Kultur Bazkunaren bertso eskola dela esan dezakegu, eta beraien aurrekontuaren zati bat honetara bideratu dute.

Zein da bertso eskolaren helburua?
Gaztetxoekin, bertsolaritza zer den erakustea da helburua eta helduagoekin eta bertsozale direnekin, maite duten horrekin disfrutatzea. Gaztetxoenek, historia pixka bat, bertsolari zaharrak, hauen pasarteak..., jolas bidez edo hainbat ariketa eginez ikasten dute. Doinuak lantzen dituzte eta poliki-poliki idatzizkora pasatzen dira, errimak, puntuak, oinak…, kopla eta bertsoa idaztera iritsi arte. Ondoren bat-batean aritzeko saltoa etorriko da; gazte edo heldu izatera iristen direnerako bat-batean egiteko gai izango dira, neurri ezberdinetan gainera!

Bertsozale elkarteko kide zara. Zein da elkartearen egiteko nagusia?
Zalantzarik gabe bertsolaritza bizirik mantentzea “in secula seculorum”, eta momentuz oso ondo gaude. Horretarako sail ezberdinak ditu elkarteak: Transmisioa, Sustapena, Ikerkuntza, eta Xenpelar Dokumentazio zentroa, orotara berrogeita hamar langile inguru, baina langile hauen lana alferrikakoa litzateke elkartearekin harreman zuzenean dauden ehundik gora bolondresengatik ez balitz. Sail ezberdinetan, herrialdetako zuzendaritzatan, edo proiektu konkretuetan lanean jarduten dute. Horrez gain 2250 bazkide inguru ditu elkarteak eta horien ekarpenak ere ezinbestekoak dira.  

Transmisio saileko arduradun zaitugu, zein da zure ardura?
Transmisio sailean hiruki bat irudikatzen dugu. Hirukiaren erpin bakoitzean eta garrantzia berdinarekin gai bat txertatzen dugu. Erpin bat, lehen esan bezala, hezkuntza arautua litzateke. Bigarrena bertso eskolena litzateke. Bertso eskolak garatuak badira beraien eskaeren zain izaten gara eta eskolak sortzeko aukera ikusten bada, makineria martxan jartzen dugu. Irakasleak bilatu, finantziazioa aztertu… Hirugarren punta aisialdiarekin edo jarduera osagarriekin lotuta dago. Adibidez, bertso eskolen eguna antolatzen dugu, gazteentzako kantu afariak, irteeraren bat, eta Euskal Herri mailan udalekuak, edo bertso eskolen arteko topaketak…  

Nolakoa da bertsogintzaren osasuna Gipuzkoan?
Oro har, esan dezakegu osasuntsu gaudela. Hezkuntza arautuko zenbakiak oso esanguratsuak dira, eta gainera, errazagoa da orain bertso eskoletara umeak erakartzea, hezkuntza arautuak zubi lana egiten duelako. Eta zenbait ikastetxetan, eta batez ere azkenaldian, ikastetxeetan bertan bertso eskolak sortzen dituzte ikastorduz kanpoko ekintza bezala.

Eta eskualdean?
Eskualdean gutxi gorabehera hamalau talde kudeatzen ditugu. Esaterako Andoain, Villabona, Asteasu, Tolosa, Ikaztegieta… Horrek esan nahi du elkartearen bitartez irakaslea bilatu dela, ikastetxe barruko bertso eskola gure bitartez sortu eta kudeatzen dela, edo martxan jartzen lagundu diegula.

ION BELOKI, Andoaingo bertso eskolako ikaslea
“Oso gustura gabiltza; jende gehiago animatzen bazaigu, ateak zabalik daude”

Noiz hasi zinen bertso munduan murgiltzen?
Etxetik datorkit zaletasuna. Gurasoei asko gustatzen zaie bertsolaritza eta bertsoak idazten ere aritzen dira. Ni hamabost bat urterekin hasi nintzen lehendabiziko bertsoak botatzen. Andoain Herri arteko pilota txapelketan atera zen urtean, bertso batzuk kantatzera animatu nintzen eta hurrengo urteko Santa Krutz jaietan jarraipena eman genion zaletasunari.

Nola izan zenuen bertso eskolaren inguruko berri?
Bazen denbora pixka bat Jon Eskudero lagunak eta biok bertso eskola baten beharra ikusten genuela. Batera eta bestera ibili ondoren, Manuel Larramendi Kultur Bazkunari egin genion proposamena eta baiezkoa eman ziguten. Ikasturte honetan, sei ikasle hasi gara eta oso gustura gabiltza, jende gehiago animatzen bazaigu ere, ateak zabalik daude. Giro ederran biltzen gara eta dagoeneko afaritxoren bat ere egin dugu.

Zer esango zenieke bertso eskolan izena emateko zalantzan dabiltzanei?
Gustura hartuko ditugula eta animatzeko. Gure taldean maila ezberdinetako jendea biltzen gara. Batzuk bertsotan egiten dute dagoeneko eta beste batzuk doinuak eta neurriak ikasten ari dira. Jende gehiago animatuko balitz, maila ezberdinetan banatuta ikasteko aukera izango genuke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!