Kantari gazteak, indartsu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 16a, 09:40

Azaroaren 21ean, Kantu txapelketako finalean, bikotekako sailean lehen postua eskuratu zuten Ainhoa Barandiaran billabonatarrak eta Aiora Irazusta zizurkildarrak. Kantuarekiko zaletasunaren inguruan hitz egin dute.

Nolatan animatu zineten Kantu txapelketan parte hartzera? Lehen aldia izan al da?
Ainhoa: Elkarrekin aurkeztu garen lehen aldia izan da, baina aurrez biok parte hartu izan dugu. 2001ean, Eresargi Txiki abesbatzan genbiltzala, Arantxi Padilla eta Alazne Gurrutxagak bultzatuta, taldean hartu genuen parte eta Gipuzkoako ahotsik onenaren saria irabazi genuen.
Aiora: 2006 urtean Izaro Otaegirekin hartu nuen parte eta iaz, Kantuki taldearekin.
A B.: Elkarrekin behin baino gehiagotan abestu dugunez, beti esaten genuen zerbait antolatzen zenean parte hartu behar genuela. Modu horretan erabaki genuen txapelketan bikoteka parte hartzea. Azken orduan eman genuen izena. Lehenengo kanporaketa Azkoitian izan genuen eta giro aldetik nahikoa pobrea izan zen. Finalean, ordea, giro beroa nagusitu zen. Azkena kantatzea egokitu zitzaigun eta oso motibatuta atera ginen.
A I.: Normalean bikoteak izaten dira txapelketan gehiengoa, baina aurten gutxiengoa ginen. Guztira bederatzi bakarlari, lau bikote eta hiru talde aurkeztu ginen. Aurten bikote oso onak zeudela entzun genuen eta beldur pixka bat bagenuen, baina ondo atera zitzaigun. Oso esperientzia polita izan da. Posible bagenu, berriz ere parte hartuko genuke.
A B.: Ken zazpi taldearen ‘Zapalduen olerkia’ kantua aukeratu genuen txapelketan abesteko, lehen ere Remi Ayestaranen omenaldian abestu genuen eta denboraz justu genbiltzanez, aurrez prestatutakora jotzea erabaki genuen.
A I: Prestatuta edukiagatik, nahiko lan eman digu. Kantu zaila da eta dezente entseatu behar izan dugu.

Ate berririk irekitzen al du txapelketa irabazteak?
A I.:
Txapela eta trofeoarekin batera, sari nagusia diskoa grabatzea da.
A B.: Ez dakigu diskoa noiz grabatuko dugun, baina hurrengo urteko Kantu txapelketaren finalean jarriko da salgai.

Noiztik datorkizue kanturako zaletasuna?
A B:
Oso kantaria naiz umetatik. Betidanik abestu izan dugu etxean ere.
A I.: Niri ere txikitatik gustatzen zait kantatzea. Eresargi Txiki abesbatzan parte hartu genuen, taldea sortu zenetik amaitu zen arte.
A B.: Alde batetik edo bestetik kantuaren inguruan ibili izan gara beti. Orain, oso tarteka abesten dugu lagunartean.
A I.: Oinkari dantza taldeko emanaldietan abesten dut nik. Hortik aurrera gutxi: ikasketak eta lana direla, denbora gutxi geratzen da kanturako.

Kantatu ez baina dantzatu egiten duzu zuk (Ainhoa) Oinkarin…
A B.:
Oso gogoko dut dantzatzea ere; ezin dut dantzarengandik bereizi. Korrontzi taldearekin batera, DVDa aurkeztu berri dugu Durangoko Azokan eta emanaldi ugari eskainiko dugu. Apirilean, berriz, dantza emanaldi berria estreinatuko dugu.

Kantatzea eta dantzatzea ez ezik, musika entzutea ere gustuko al duzue?
A B.:
Bai, edozein garai eta lekutan entzuten dut musika. Nahiko musika klasikoa gustatzen zait niri, txikitatik etxean entzun dudana: Benito Lertxundi, Imanol, Pantxoa eta Peio… Egungo taldeak ere gustura entzuten ditut, baina atzera jotzen dut gehiago.
A I.: Niri denetik entzutea gustatzen zait, musikari eta talde zaharrak bezala berriak.

Musika tresnak jotzea ere gogoko?
A B.:
Garai batean pianoa jotzen ikasten hasi nintzen, baina duela hiru urte utzi egin nuen, denborarik ez neukalako.
A I.: Probatu denetik egin dut: pianoarekin hasi nintzen, gitarra jotzen ere ikasi nuen eta baita panderoa ere. Oinkarirekin tarteka panderoa jotzen dut orain. Solfeoa biok ikasi genuen eta horrenbeste urte aritu eta gero uztea pena bada ere, ezin izaten da denera ailegatu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!