Malkar aisialdi taldea, gazteekin lanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 16a, 09:17

Herriko gazteak lagunartean bildu eta ekintza ezberdinak bideratzeko sortu zen Malkar astialdi taldea, Jesususen Bihotza parrokiaren babes eta gidaritzapean.

1990 urtean sortu zen ofizialki taldea, nahiz eta 70eko hamarkadan hasita, Ollogoiengo udalekuak antolatuz nahiz herrian bertan beste hainbat ekintza burutuz lanean aritu zen herriko talde bat. Egun 13 urtetik 16 urtera bitarteko 60 gazte biltzen da astialdi taldean Ibon Errotagaiña, Maitane Aierbe, Leire Treku, Eider Balda, Irati Usandizaga, Iker Urretabizkaia eta Aritz Palomino begiraleekin batera. Begirale talde honek hirugarren ikasturtea du gazteekin lanean. Aurretik gehienak Malkar taldeko umeak izan ziren eta begirale izatera igaro dira gerora. “Sendotza amaitu genuenean, aurreko begiraleek galdetu egin ziguten taldean begirale gisa jarraitu nahiko ote genukeen. Haien laguntza izan genuen gure eginbeharra ikasteko”, azaldu dute begirale gazteek.
Taldearen funtzionamenduaz galdetuta, astelehenetan begiraleak bildu eta ostiraletan gazteekin landuko dituzten gai eta jolasak prestatzen dituztela azaldu dute, “ostiraletan arratsalde osoa igarotzen dugu haiekin Zatorran. Gazteak ordubetez etortzen dira, adinka banatuta, ordutegi ezberdinak dituztelarik”. Jolasen dinamikaren bidez hainbat helburu betetzen saiatzen dira begiraleak, “gazteak heztea da helburu nagusia, balore ezberdinak jorratuz. Besteak beste, natura, ezinduak, kooperazioa edota beste hamaika gai lantzen dugu”. Gazteekin elkarlanean prestatzen dute askotan euren egitaraua, haien nahien arabera. “Altxorraren bila ibiltzea gustatzen zaie gehien, urtero eskatzen digute jolas hori antola dezagun”. Malkarreko kamisetak kaleratu dituzte berriki, nahi dituzten taldekideei zuzenduta, “garai batean baziren kamisetak eta beste astialdi taldeek ere badituztela ikusita, guk ere edukitzeko asmotan jarri dugu martxan ekimena. Ea zer moduzko harrera izaten duen”.

Gabonetan kantuan
Urtean zehar burutzen duten ekintzarik nagusiena udan zehar Nafarroako Ollogoiengo udalekuak izaten dira, baina ekintza gehiago ere egiten dituzte, “ostiraletako jolasez gain, hainbat irteera eta asteburu-pasa antolatzen dugu urtean zehar. Aste Santuetan ere hainbat gazterekin Ollogoienera joan ohi gara azken urteotan”. Oso gustukoa dute Txirrin-Txarran eguna, “apirilaren bukaeran Gipuzkoako parrokia inguruko astialdi talde guztiak elkartzen gara eta oso festa polita izaten da Gipuzkoako herriren batean”. Gabonei begira, gazteekin batera kantuan ateratzeko asmoa dute, “iaz taldetxo bat elkartu eta kantuan atera ginen; aurten ere, abenduaren 24 goizean badugu biltzeko asmoa, gazteen erantzuna ona bada behintzat. Arratsaldez aurreko urteetan begirale lanetan aritutakoekin eta Malkarreko egitasmoan laguntzen duten gainerako kideekin batera aritzen gara kantuan: Fraisoroko helduengana nahiz Uliazpiko lagunengana joan ohi gara urtero”.

Begiraleak gustura
Malkar astialdi taldeko begirale ia guztiak ikasleak dira eta gehienek begirale ikastaroa egina dute edo egiten ari dira Larraulgo Hezkide eskolan, “ikasturte oso bat izaten da, azaroan hasita. Hasteak pereza pixka bat ematen du, baina behin hasitakoan, ez dugu bukatu nahi izaten. Oso gustura joaten gara”, azaldu dute ikastaroa egiten ari diren kideek. Era berean, Malkarreko begiraleak oso gustura etortzen dira ostiraletan gazteekin biltzera ere. Lerro hauen bidez, bai gazte eta bai helduagoei ere, taldean parte hartzeko deia luzatu diete, “inork gurekin batera begirale izan nahiko balu gerturatzeko esango genioke; ongi etorria izango da, beti ondo hartzen baita laguntza. Gazteei ere berdin: nahi duenarentzat zabalik daude ateak”. Malkarreko begiraleek jende askok harrituta begiratzen dietela aipatu dute, “askok esaten digute: ‘taldeari horrenbeste ordu eskaintzeko, ondo kobratuko duzue!’. Ez, ez dugu kobratzen. Boluntarioki egiten dugu lana, oso ondo pasatzen dugulako. Gainera asko ikasten dugu, haur eta gazteek asko erakusten baitute”. Beste hainbatek elizarekin lotutako taldea delako aurreiritziak dituztela aipatu dute, “guk umetatik taldearen dinamika ezagutu dugunez, bagenekien oso ondo pasatzen zela. Probatu artekoa da uste hori”.

Malkar taldeko informazio gehiago eta argazkiak ikusgai: www.malkar.tk.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!