Euri urak bideratzeko lanak, aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 16a, 09:14

Euriteen beldur, zerura begira egoten dira askotan Zizurkilgo zenbait baserritar. San Migel eta Adunibar inguruan, Meriola etxearen atzealdean, euri urak arazo handiak sortarazi ditu.

Urak sortatuko arazo horiei irtenbidea emate aldera, hoditeria sare berria sartzen ari dira Zizurkil Goian. Zonalde ezberdinetan banatuta egingo dituzte lanak eta dagoeneko lanen lehen fasea amaituta dago. Ainhoa Azpeitia Zizurkilgo Udaleko Ingurumen eta Landa Eremuko teknikaria da eta hark eman ditu lanen inguruko azalpen zehatzak: “Eurite handietan, ur asko pilatzen zen San Migel ermitaren inguruan eta zenbait etxetan ura sartzen zen. Adunibar inguruan ere arazoak eragiten zituen urak. Arazoa aztertzen hasi ginenean, herriko brigadarekin hodiren bat sartzea pentsatu genuen, baina pilatzen zen ur kopuruak argi utzi zuen hori ez zela irtenbide egokia. Proiektua egin eta lan handiagoak egin behar ziren. Udalak oso-osorik bere gain hartzeko, aurrekontu handia zuten lanek eta dirulaguntza ezberdinei esker bideratu dira”.

Kolektorea, San Migeletik Antzibarrera
Lanen helburu nagusia, euri ura bildu eta Antzibar errekara bideratzea izango da. “Zonalde horretan, saneamenduko ur zikina eta euri ura hodi berberak hartzen zuen orain arte. Lanak amaitzen direnean, ondo banatuta egongo dira ur zikinak eta euri ur garbiak. Garbiak zuzenean errekara botako dira eta zikinak, Adunako araztegira bideratzeko moduan izango dira”, azaldu du Ainhoak.
Hiru zatitan banatuta egingo dira hoditeria nagusia sartzeko lanak. “Lehen zatia, San Migel baserri ingurutik Loidi baserriko bidegurutzera arte doa, bigarrena Loiditik Adunibarrera doan herri-bidean barrena eta azkena, Adunibar baserri ingurutik Antzibar errekara. Momentuz, lehen bi zati horietako lanak egin dituzte. Herri-bideko zoruan porlana botatzeko aprobetxatu dugu eta egunen batean zuntz optikoa sartzeko hodia ere jarrita geratu da. Adunibar eta Antzibar arteko zatia 2011n egitea espero dugu”.

Meriola, Olatza eta Arripitxiko urak
2010 urtea amaitu baino lehen, beste lan bat ere eginda utziko dute: “Kolektore edo hoditeria nagusiaz gain, adar txiki batzuk ere egin beharko dira zonaldeko ur arazoak konpondu ahal izateko. 2010ean, Meriola inguruan egingo dira lanak. Bertako urak bildu eta kolektore nagusira bideratuko dira”.
Gainerako lanak 2011rako utziko dira. Foru Aldundiko Errepide Sailak dirulaguntza emango du lan horiek egiteko: “Batetik, Adunibar eta Antzibar arteko zatia amaitu beharko da, eta hori izango da lehentasuna. Horrez gain, beste zenbait adar ere erantsi nahi zaizkio kolektore nagusiari. Batetik, Olatza aldetik datozen urak kolektore berrira bideratu behar dira eta bestetik, Arripitxi inguruko hoditeria berritu eta kolektore nagusira eraman nahi dira”.

Etorkizunari begira
Areta eta Aundizabal baserri inguruneko ur zikinak bideratu eta herri bidea egokitzeko lanak berriz, etorkizunerako geratuko dira: “Gipuzkoako Urak enpresarekin harremanetan jarri eta lan horiek bideratu nahi ditugu, baina oraindik ez dago ezer zehazterik”.
Aurrekontu handiak dituzte hoditeria berrien lanak. Orain arte egindako lanek, 205.000 euroko aurrekontua zuten eta Estatuak udalerriei bideratutako dirulaguntzekin egin ahal izan dira. Aurrera begira geratzen diren lanek berriz, 275.000 euroko aurrekontua dute. Foru Aldundiko Errepide Sailarekin aurreakordioa sinatu zuen Udalak gastu horiei aurre egin ahal izateko eta gauzak ondo, 2011n egingo dituzte.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!