Lorezainak, ikastaroz ikastaro

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 16a, 09:10

Beharrezko titulazioak lortu eta tendentzia berriak ezagutzeko, ezinbestekoa da etengabeko formakuntza; baita lorezainen artean ere. Fraisorok horretarako aukera paregabea eskaintzen die eskualdeko lore-saltzaileei.

Garazi Dorronsoro eta Oihane Fernandez eskualdeko bi lore-saltzaile dira. Zizurkilen du denda Garazik eta Hernanin Oihanek. Biek ere Fraisoron egin zituzten ikasketak eta bertan egiten diren ikastaro guztietan parte hartzen dute. Berriki, ofizial mailako lore-saltzaile izateko ikastaroa gainditu dute. “Lau asteko ikastaroa izan da, oso intentsoa. Asko ikasteko aukera eman digu, bai irakasleengandik, baita gainerako ikasleengandik ere. Ikastaro amaieran proiektu bana aurkeztu behar genuen eta oso aberasgarria da gainerakoen lana ikustea. Toki bat aukeratu, eta lore bidez egingo genukeen dekorazioa aurkeztu behar genuen. Antzokiak, bilera gelak, jatetxeak…, ikasle bakoitzak toki bat aukeratu eta horren gainean egin genuen lana. Beharrezko azalpenak emateaz gain, modu praktikoan ere zenbait lore-sorta aurkeztu behar genuen. Lan horiek guztiak Madrilen aztertu dituzte, Escuela Española de Arte Floral delakoan”, azaldu du Garazik.
Adunan bizi den Oihane ere gustura aritu da ikastaro honetan: “Gure lanbidea gustatzen zaigu eta ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara. Buru-belarri jarraitu dugu ikastaroa eta proiektua ere gogoz egin dugu. Gauzak txukun egitea gustatzen zaigu eta azkenean, pozik gaude lortutako emaitzarekin. Guztiok lortu dugu ikastaroa gainditzea eta oso nota onekin, gainera”.

Etengabeko ikaskuntza
Loreen inguruan zenbat eta gehiago jakin, bezeroak ere gauza berriak probatzera animatzen direla ikusi du Garazik: “Zugan konfiantza osoa jartzen dute eta ikastaroek segurtasuna ematen dizute. Ikasitako gauza berriak bezeroari erakutsi eta asko dira animatzen direnak. Pixkanaka-pixkanaka, gauza berriak sartzen joatea oso ona da. Bezeroekin hitz egitean, zurekiko konfiantza hartzen dute, konturatzen dira mundu honen inguruko informazio asko dugula eta askok, gure esku uzten dute diseinua”.
“Abantaila handia da ikastaroa Zizurkilen egin ahal izatea. Normalean, ikastaro hauek Madrilgo eskola pribatu batean egiten dira eta oso garestiak dira. Lau astetako ikastaroa egiteko 3000 euro ordaindu behar da, eta horri egonaldia eta gure dendaren ardura hartuko duen norbaiten soldata gehitu behar zaizkio. Fraisoron eginez gero, berriz, askoz ere modu hobean ateratzen zaigu dirulaguntzak jasotzen ditugulako; gainera, dendaren ardurarekin jarraitu ahal izaten dugu”, azaldu du Garazik. Oihanek eta Garazik argi dute ikastaroak egiten jarraituko dutela: “Etengabe ateratzen dira gauza berriak eta beti eguneratuta egon behar da. Ezkontzetarako, hiletetarako, oparietarako, erakusleihoa modu egokian jartzeko…, ikastaro guztietan parte hartzea oso ona da guretzat”.

Krisialdira moldatu beharra
Ikastaro berezi bat ere egin berri dute lore-dendatako arduradunek: “Krisi garaiari dagokion eskaintza bereziaren inguruko ikastaroa egin genuen. Oraindik ere zabalduta dago loreak erostea garestia den ideia. Bezeroari jakinarazi behar diogu aurrekontu guztietarako eskaintza presta dezakegula. Hasi bost euroko detailetxoetatik eta norberak nahi duen arte. Imaginazioa erabiliz gero, diru gutxi balio duten produktuak sor ditzakegu”, azaldu dute.
Krisialdia nabaritu dute lore-dendatako arduradunek: “Loreak erostea ez da ezinbestekoa eta gastuak murriztu behar direnean, horixe izaten da lehendabiziko gauza. Ezkontzetako sorta txikiagoak egin, elizan jarri-beharreko lore kopurua murriztu, jatetxeetan lore artifizialak jarri…, horrelako irtenbideetara jotzen du jendeak. Horregatik, gure lanbidean lehen baino gehiago mugitu beharra dago: etxeetako lorategiak diseinatu eta zaindu, tendentzi berriak ikasi, poltsiko guztietarako aukerak sortu, erakusleihoa oso maiz aldatu…”, azaldu du Oihanek.
Merkatari txikiek gainditu beharreko trabak ere hizketagai hartu dituzte bi gazteek: “Ibilgailua kargatu edo deskargatzeko tokia lortzea ia ezinezkoa da Zizurkilen eta furgoneta denda inguruan aparkatuz gero, isuna jartzen didate. Bestalde, zaborra botatzeko dudan ontzi bakarra dendatik oso urruti dago. Ez dut dirulaguntzarik eskatzen, trabarik ez jartzea besterik ez”, azaldu du Garazik. “Nire kasuan, denda Hernanin izanik, atez ateko zabor bilketara moldatu beharra izan dut. Moldatzeaz gain, egundoko dirutza ordaindu beharra dugu zerbitzu horregatik. Emaitza berdinak beste modu batera lor zitezkeela iruditzen zait”, gaineratu du Oihanek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!