Asteasun etxebizitza familiabakar ugari eraiki izanak, herrian txakur asko egotea ekarri du; eta jakina, bizilagunen arteko elkarbizitza egokirako, betebeharrak ditu txakurraren jabeak. Asteasuko guraso batzuk, ordea, hainbat txakur jabek, txakur kakak jasotzerakoan zainketa lan horiek ondo betetzen ez dituztelako kexu azaldu dira. Txakur jabeak txakurren kakak jasotzera kontzientziatuta ez daudela adierazi du Idoiak, “leku publikoetan agertzen dira txakur kakak sarritan: bide erdian, beheko haurren jolas-parkean… Haurrak lau hanketan ibiltzen dira oso maiz parkean eta leku hori ez da txakurrek bere eginbeharrak egiteko lekurik egokiena. Udan batez ere, askotan gu aritzen gara makila hartuta zikindutakoa garbitzen”. Igerileku inguruan nahiz erreka bazterrera paseora joandakoan ere arazo bera izaten dela jakinarazi du Ainhoak eta aspaldidaniko kontua dela gehitu du, “haurrekin parkera joaten hasi garenean nabaritu dugu guk gehiago, baina betidaniko arazoa da hori”. Txakurren jabeak egoeraz kontura daitezen jolas-parke eta hainbat toki publikotan txartelak jartzea proposatu dio guraso talde honek Udalari, “beste hainbat herritan bezala, Asteasun ere ‘txakurrak bai, baina kakarik ez’ leloa duten txartelak jartzea proposatzen dugu”. Txakur kaka biltzen ez duen jabeari isuna jartzea geroz eta zabalduago dago hainbat herritako Udaletan –tartean baita Andoaingoan ere–. Aitziberren esanetan momentuz txartelak jartzearekin nahikoa litzateke Asteasun, “hasiera batean txartelekin probatuko genuke. Aurrera begira ekimenak nahikoa erantzunik izango ez balu, beste neurriren bat hartzea eztabaidatu beharko litzateke”.
Sinadura bilketa
Joan zen ekainean, ehun sinaduratik gora bildu zituen gaiarekin kezkatuta dagoen guraso taldeak egoeraren berri eman eta herrian zehar txartelak jartzeko proposamena egiten zuen idatziak, gero udaletxean aurkezteko. “Sinadura bila aritu ginenean haserre eta nazkatuta sumatu genuen herritar asko eta oso ados agertu ziren idatzia sinatzerakoan. Idatzia udaletxean aurkeztu genuen, baina oraindik Udalaren aldetik erantzunik jaso ez dugunez, bigarren idatzi bat osatu dugu berriz ere gure kexua azaltzeko. Bigarren idatzi honetan, Asteasuko parkearen egoera biltzen duten nahiz beste hainbat herritan arazoaren aurrean jarri dituzten txartelen argazkiak erantsiko ditugu, sinadurekin batera lehen idatzi hura nola aurkeztu genuen gogoraraziz”.
Txakur-jabeei deia
Hiru amek azaldu dutenez, hainbat herritar haserre agertu da behin baino gehiagotan txakur kaka etxeko atearen parean aurkitu dutelako eta jabeei txakurren zaintzaren inguruan kontzientziatzeko deia egin diete. “Txakurrek kaka egiten badute, bildu eta zaborrontzira bota dezatela; kontu gehiago izan behar dute. Oso polita da txakurrarekin paseatzen ibiltzea, baina txakurra edukitzeak ardura dakarrela jabetu behar dute jabeek”. Bestalde, euren kexua azalduta, aurrerantzean arazoaren kargu Udalak egin behar duela adierazi dute, “Udalak gaiaren ardura hartzea jendea kontzientziatzeko modu bat izan daiteke. Asteasu zelai askoko herria da eta hainbatek, hain gune berdea ikusita, edozein txokotara bidaltzen du txakurra bere eginbeharretara. Guk guraso bezala, salaketa egin eta kexa jar dezakegu, baina ez dago gure esku gehiago egitea: hurrengo pausoa Udalak egin behar duela iruditzen zaigu”.