AHTaren aurka lanean

Eider Ezeiza adunarrak urte mordoxka darama Abiadura Handiko Trenaren aurka lanean. Ahalik eta informazio gehien bildu, herritarrei banatu eta ekintza ezberdinak antolatzen dituen taldeko kide da.

Adunan, 1998 urtean sortu zen AHTaren aurkako mugimendua: “Lehen proiektuaren berri iritsi zen momentuan sortu zen mugimendua. Andoainen berriz, Leitzarango autobidearen inguruan sortutako taldeak eutsi zion gaiari…, herri bakoitzak bere bidea eraman du. Bailaraka edo eskualdeka bilerak ere egiten ditugu, ekintzak ahalik eta ondoen koordinatuak izan daitezen”, azaldu du Eiderrek.
Adunan lurra aztertzeko zundaketak egiten ari dira momentu honetan: “Gure herrian tunel bidez pasako da trena eta momentu honetan zenbait ikerketa egiten ari dira. Zonalde bateko azterketak eginak zituzten dagoeneko, baina zenbait lursailetako jabeek ezezkoa eman zuten eta ez dituzte egin orain arte. Akta altxamentu bidez lursail zatitxo batzuk desjabetu dituzte eta zundaketak egiten ari dira”.

Lanak atzeratuta
Gure eskualdeko lanak atzeratuta daude. “Beste zonalde askotan proiektua aurreratuago dago. Hemen, zenbait lurjabe aurka azaldu da eta horrek oztopatu egin ditu lanak. Hala ere, ezin da aurreikusi noiz hasiko dituzten berriro ere. 2013rako trenbide osoa amaituta egongo dela esaten ari dira eta horrek, lanak azkar egingo dituztela esan nahi du”, azaldu du Eiderrek.
Trenak inguruan eragingo dituen kalteen inguruan ere aritu da Eider: “Zuzeneko kaltetuak lurjabe eta etxejabe batzuk izango dira, zuzenean sailak kendu edota etxeak botako zaizkielako, baina horrez gain, beste mota askotako kalteak ere eragingo ditu eta asko, zehaztu gabe daude gainera. Batetik, zenbait errepide eta bide moztu egingo dituzte lanek irauten duten bitartean. Hala gertutako da Alkizan edo Hernialden. Herri horietara iristeko bi errepide dituzte, baina errepide bakarra duten kasuetan, inork ez du argitzen zein izango den irtenbidea. Horrez gain, trenak eragingo duen hotsa, naturari egindako txikiketak, lanetan sortutako zaborrak botatzeko guneak…, asko eta asko izango dira zeharkako kaltetuak”.

Zuzeneko eta zeharkako kaltetuak
Zeharkako kaltetuen artean badira eskualdean bi adibide garbi. “Batetik, Zizurkilgo Adunibar baserriaren gainetik pasako da trena, zubian barrena. Etxetik oso gertu, tunel barruan sartuko da. Tunel horiek egiteko leherketak egiten dituzte eta oso posible da etxea kaltetua izatea. Beraiek ez dute Adunibar etxe kaltetuen artean sartzen, baina guri nabarmena iruditzen zaigu. Horrez gain, Asteasuko Ugarte inguruan tunel faltsua egingo dute. Bertako lurra kendu, egitura berezia sortu eta ostera ere, betelana egingo dute. Lehendik hor dauden lur horiek betelanean ekarritakoak omen dira eta inork ez daki oso ondo zer atera daitekeen”, azpimarratu du Eiderrek.

Informazio gutxi
Proiektuaren inguruko datu eskasia ere ahotan hartu du gazte adunarrak: “Hernialde, Anoeta, Aduna…, zenbait Udalek ez du arazorik iristen zaien informazioa herritarrekin partekatzeko, baina Udalek beraiek ere ez dute informaziorik jasotzen”. Adunako zatia lurrazpitik joango dela badakite, baina hainbat datu falta da jakiteko: “Tunel guztiek behar izaten dituzte larrialdietarako irteerak eta Adunako tunelak, lau kilometro eta erdiko luzera izanik, bi irteera izango dituela uste dugu, baina ez dakigu ez non ezta nolakoak izango diren ere”.
Datozen asteotan zenbait ekintza antolatuko dela azaldu du Eiderrek. Batetik, Adunan bertan, zundaketaren inguruko protestaldiren bat egingo dute, bestetik, Tolosan, Kaldereroen jaiaren egunean manifestazioa egingo da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!