Adineko pertsonen ahotsen bila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 16a, 09:05

Miren Artetxe eta Ainhoa Ansa, Ahotsak egitasmoko kideak, maiatzeko zenbakian elkarrizketatu zituen Aiurri aldizkariak. Eskerrak emateaz gain, deialdi berria zabaldu dute hurrengo urteari begira.

Euskal Herriko ahozko ondarea nahiz herri hizkerak bildu eta www.ahotsak.com gunearen bidez zabaltzea da Ahotsak egitasmoaren helburua. Ondare hori jasotzeko, 70-80 urtetik gorako herritarrei elkarrizketak egin eta bideoz grabatzen dituzte haien esanak, hizkera, oroitzapenak nahiz pasadizoak. Beterri-Aiztondo eskualdean Ainhoa Ansa eta Miren Artetxe ari dira lan horretan. Bost herriren ardura du Ainhoak: Astigarra, Hernani, Lasarte, Urnieta eta Andoaingoa. Tolosaldeko 28 herrietan barrena ibiltzen da Miren, tartean Aiztondo bailarako Asteasu, Aduna, Larraul, Zizurkil eta Amasa-Villabonan. Urtebete pasatxo daramate biek langintza horretan eta esker oneko hitzak izan dituzte orain artean euren etxeko ateak zabaldu dizkieten herritar guztiei begira, “uda aurretik, gure egitasmoaren berri azaldu genuen Aiurri aldizkarian eta egindako lanaren balorazioa egitea estimatzekoa izango dela uste dugu, batez ere lagundu diguten adineko herritar horiei guztiei begira. Emandako laguntza hori eskertzearekin batera, aurrera begira, herritar gehiagoren parte hartzea behar dugula azaldu nahi dugu”, jakinarazi du Ainhoak. Elkarrizketak egiten jarraitzeko adineko pertsonen borondatea bezala, eskualdeko erakunde, elkarte nahiz gizabanakoen laguntza beharrezko dituztela azpimarratu du Mirenek, “hala nahi duten hiztun, elkarte, euskara talde nahiz Udalen elkarlana eskertuko genuke aurrerantzean ere. Txoko askotan entzuten dugu zein polita litzatekeen hizkerak, gure aiton-amonen kanta zaharrak, ipuinak edota bizipenak biltzea. Bada, lan horretan ari gara gu eta hala nahi duenaren etxeko sukaldera gustura joaten gara, gure borondate onenarekin. Hiztunak kontatu nahi diguna soilik jasotzen dugu, inor ezertara behartu gabe”. Elkarrizketatuari galderak egiteko gai ugariren inguruan osatutako galdetegia daukate eta etxeetara bideo kamerarekin gerturatzen badira ere, lasai ederrean aritzen dira solasean, “hasieran errespetu pixka bat ematen die kamerak, baina hizketan hasi ahala, elkarrizketatuak ez dira grabazioaz gogoratu ere egiten. Oso eroso eta natural aritzen dira eta, behin hizketan hasitakoan, konturatzerako igarotzen da ordubete”.

Harrera beroa eskualdean
Orain artean, egitasmoak harrera beroa izan du. Ez dago datuak ikusi besterik: 200 pertsona inguru elkarrizketatu baitu bakoitzak urtebetean. Ainhoak, Andoain eta Urnietako herritar nahiz Udalek egitasmoaren aurrean oso ondo erantzun dutela adierazi du. Mirenek, berriz, Aiztondo bailaran zehar, Aduna eta Larraulen sumatu du harrera eta elkartasunik beroena. 2011 urteari begira, Zizurkil, Amasa-Villabona eta Asteasuko herritar gehiagorekin biltzea lortu nahi du eta hala izateko, herritarren laguntza ezinbestekoa dela adierazi du. Izan ere, hurrengo urteari begira erronka berria dute: Tolosaldea bailaran bederen, beste hainbeste elkarrizketa egitea.
Hitza hartu nahi duenarentzat oraindik ez da berandu, beraz. “zenbat eta pertsona zaharragoak animatu, hobe; interesgarriagoa izaten baita zer kontatuaren aldetik”, egitasmoko kideen esanetan. Egun oraindik elkarrizketa guztiak sarean ikus ez badaitezke ere, lanean ari dira, “elkarrizketa asko oraindik ez da webgunean jarri, baina horrek ez du egitasmoa geldirik dagoenik esan nahi. Une honetan elkarrizketak egiteari eman zaio lehentasuna, horrexek baitu presarik handiena. Egitasmoa bere amaierara iristen denean, bilduma aberatsa geratuko da ikasi nahi duen guztiaren eskura”. 

Gabonen atarian
Orain arteko elkarrizketatuen aipamen bat azpimarratzerakoan, Gabonen ateetan, garai batean Donostiako Bretxara inguruko herrietatik eramandako mihurak, gorostiak edo goroldioak zer nolako estimazioa izaten zuten aipatu dute, “polita da garai hartako etxekoandreak saskiak hartuta trolebusean nola joaten ziren imajinatzea. Hain eskura zituzten gai haiek Gabonetan Donostiako txokoak apaintzeko saltzen zituzten, bizimodua atereaz”.

Harremanetan jartzeko:
Miren Artetxe: 663 998 264 | miren@ahotsak.com
Ainhoa Ansa: 647 316 827 | ainhoa@ahotsak.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!