Zizurkilgo Baserriak liburua aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 14a, 10:25

Alfredo Moraza historialari, arkeologo eta Aranzadi zientzia elkarteko ikerlariak idatzi du Zizurkilgo Baserriak liburua; atzo iluntzean Maria Anjeles Lazkano alkatearekin batera, Atxulondo Kultur Etxean aurkeztu zuena. Bertan, Zizurkilgo 130 baserri baino gehiago aztertu ditu, bakoitzaren etimologia, kokalekua, deskribapena eta historia azalduz. Egungo argazkiez gain, antzinako argazkiak ere tartekatu dituzte lan mardul bezain aberatsean:

Alfredo Moraza historialariak, ertaro garaian, XIII-XIV. mendeetan baserria sortu zenetik XX. mende hasierara, baserriaren eraikuntza bertan behera geratu zen garaira arte, baserriak gure historian eta paisaian izan duen eraginaren errepasoa egin zuen liburuaren aurkezpenean. "Baserria eraikina baino gehiago izan da, Euskal Herriko garai bateko ente ekonomikoa eta baita paisaiaren adierazle nagusia ere. Etxearekin eta familiarekin lotura handia izan du baserriak. Izen propioa dute, tokikoa. Eta hori ez da beste lekuetan gertatzen".

Mendez mende, baserrien ezaugarri nagusiak adierazi zituen eta esaterako, XVI. mendean, tolare baserriaren egitura nagusitzen zela azpimarratu zuen, nahiz eta egun, baserri mota haren ezaugarriak kasurik gehienetan desagertuta egon, "XVI. mendean sortu eta amaitu zen tolare baserriaren modelo arkitektoniko hori. Euskal Herrian egindako arkitekturaririk onenetakoa izan zen, ukuilutik ganbararaino luzatzen ziren pieza bakarreko habeekin". Garai hura loraldi ekonomikoaren garaia izan zen, besteak beste burdinolak eta itsasgintzarengatik, baina lan haien gainbehera etorri zenean, baserriko lanetara itzuli ziren berriz herritarrak. Morazak adierazi zuenez, XVII eta XVIII. mendeetako  baserriek artoaren landaketagatik iraun zuten,"ordura arte garia eta sagarra ereiten bazen, garai hartako baserritarra artoa hemengo lurretan ondo zabaldu zela ohartu zen –baita terreno aldapatsuetan ere–. Garai hartan baserri asko eraiki zen Zizurkilen eta mendiko borda ugari ere baserri bihurtu zen".

Baserriaren azken fasea XVIII. mende bukaeran eta XIX. mende hasieran izan zen. "Baserritarrek karea gehiegi erabiltzearen ondorioz, lurra erre egin zen eta uztak urritu. Baserriaren eta bertan bizi ziren herritarren bizimodua ia lehertzear egon zen eta egoera politikoak –tartean gerrate ugari– eragin handia izan zuen. Krisi egoera horretan, Udalek beren lur sail gehienak saldu zituzten. Baita Zizurkilgoak ere: Akezko errota, Atxulondo..., ia ondare guztia saldu behar izan zuten zorrak kitatzeko; eta terreno komunalak ere bai". Morazak azaldu zuenez, garai hartan baserriak askoz ere pobreagoak ziren itxuraz, borda itxurakoak gehiago.

XX. mende hasieran eraiki ziren azken baserriak eta handik aurrera birmoldatu egin dira, baina ez baserri berriak altxatu. "Hormigoiak aurreko baserrien aztarnak desagerrarazi zituen kasu askotan". Etorkizuna industria aldetik ikusi zuten herrtarrek, baserritik baino gehiago, "ondorioz, gari soroak desagertzen hasi ziren eta belar soroak zabaltzen. Sagarrondoak eta gaztainondoak bota eta horren ordez, errentatagarritasun handiagoko pinua aldatu zen sail askotan".

130 baserri baino gehiago

130 baserritik gora dokumentatu ditu Alfredo Morazak liburuan, "lan handia izan da baserri guztiak lantzea, asko erorita edo zeharo desagertuta baitaude. Haietako sei edo zazpi baserri kokatzea ez dugu lortu, baina beste batzuk bai: Benezia baserria kasu". Zizurkilgo baserrien historia oso aberatsa izan dela azpimarratu zuen Morazak, "XVI eta XVII. mendeko baserri gutxi geratzen da, eraldatuta dago haietako asko. Bestalde, II. Karlistaldiak eragin handia izan zuen Zizurkilen, 30 baserri ingururi su eman zioten garai hartan".

Eskerrak Udalari eta herritarrei

Alfredo Morazak esker oneko hitzak izan zituen Udalarentzat eta alkatearentzat, liburu hau –nahiz Zizurkilekin lotutako aurreko biak– Aranzadiren esku uzteko konfiantza izateagatik. Era berean, Ainhoa Larrea Kultur teknikaria eta Ainhoa Azpeitia Nekazaritza teknikaria aipatu zituen, haiengandik jasotako laguntzagatik. Zizurkilgo baserritarrak ere hizpide izan zituen, "haien informazio, laguntza eta parte hartzerik gabe hutsik leudeke orri hauek guztiak. Eskerrik asko denei".

Liburua eskuragai

Zizurkilgo baserri bakoitzera liburu bana iritsaraziko du Udalak eta interesa duen gainerako herritar guztien eskura, 15 eurotan jarri du salgai Udal bulegoetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!