Abenduaren 31ko manifestazioaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 10a, 10:39

Atzo iluntzean, Aiztondo bailarako Etxeratek (bailarako preso eta iheslarien senideek),  abenduaren 31n Villabonako Errebote plazatik arratsaldeko 19:00etan abiatuko den manifestaziorako deialdia egin zuen Beharzana pilotalekuan. Segidan irakurri zuten manifestua:

"Aiztondo bailarako biztanleak gara. Mendeetan auzolana, hizkuntza, duintasuna, konpromisoa, elkartasuna, lana eta sufrimenduaren bitartez landu dugun herriaren parte gara. Itxaropenaren aroan sartzea desiratzen duen herria da gurea. Bihotzean mina dugu ordea, gure senide, lagun eta herrikide diren euskal preso politikoek pairatzen duten eskubide urraketaren aurrean.

Euskal jendarteak eta nazioarteko hainbat erakundek hamarnaka aldiz deitoratu dute krudelkeria oinarri duen eta sufrikarioa besterik ez dakarren espetxe politika hau. Gure senide, lagun eta herrikide diren euskal presoen eskubideekin nahi erara jolasten dute.

Hala juzkatzen dugu frantziar zein espainiar Estatuek aplikatzen duten sakabanaketa politika; gaixotasun larriak dituzten presoak gatibu mantentzea; bizitza osoko espetxe zigorra; 3/4ak beteta dituzten presoak kartzelan mantentzea; isolamendua; bakartzea; aurrez aurreko bisitetan jasan beharreko tratu umiliagarria, elkartasunaren kriminalizazioa eta abar.

Zalantzarik gabe, bereziki eraikitako kartzela sistema ankerra da. Gizabanakoa suntsitu eta euskal jendartea bete-betean kolpatzeko ahalegina da. Zitalkeria andana hori ote herri bat justiziazko bakera eraman dezakeen bidea? Euskal Herriaren gehiengo zabalak ezetz dio. Horregatik, nahikoa dela esaten dugu.

Euskal Herria aro berri baten atarian dagoela sinesten dugu eta lehen premia larrizkoa izan dena, orain are gehiago; gure senideen zein gure egoeran berehalako aldaketak eragitea ezinbestekoa iruditzen zaigu: Sakabanaketarekin amaitzea, gaixotasun larriak dituztenen kaleratzea, bizi guztiko kartzela zigorra bertan behera geratzea eta espetxe barruan ematen diren hainbat eskubide urraketarekin bukatzea.

Orain arte egin dugun gisara,  euskal preso politikoak eta euren senideen bizitzak inpunitate osoz, egunero, erruleta zital eta krudelean ezartzen dituen espetxe politika horrekin amaitu behar dela aldarrikatzen dugu. Edozein demokraziaren oinarri oinarrizko betebeharrak liratekeenak baino ez ditugu eskatzen. Justiziazko eta bakezko aroa beharko lukeenari arnasa emango dioten neurriak. Alderantzizkoak, egoera honek alegia, balizko aro berri bati arnasa ukatzen baitio.

Hortaz, berriz ere, espetxe politika honen sufrimendu gain-zama buka dadin laguntza eskatzen dizugu.

Guztion esku dagoelako egoera hau aldatzea. Herritar orori dagokigun betebeharra dela uste dugulako. Euskal preso politikoen eskubideen defentsa, herritar ororen eskubideen defentsa ere badelako. Espetxe politika honen amaierak, aro berri baten hasera ekar dezan. Demokrazia nahi dugulako. Nahikoa delako. Herri honek sufrimenduzko eta bidegabekeriazko aro hau atzean utzi eta bere bidean aurrera egin nahi duelako, 3 proposamen egiten dizkizugu: bata, hilero zure herrian - hileko azken ostirala- 30 minutu eskaintzea aldarrikapen honi, bigarrenik, abenduaren 31ean, Villabonako errebote plazatik abiatuta burutuko den manifestazioan parte hartzea eta beronen deitzaile bihurtzea gurekin batera eta hirugarrenik, datorren urtarrilaren 8an, "Euskal Presoak Euskal Herrira eskubide guztiekin, EGIN DEZAGUN URRATSA" lelopean manifestazio nazionalean parte hartzea".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!