*Kantaria
Lehen diskoa 1968. urtean argitaratu zuen lau kantekin. Ez Dok Amairu desegin zenean, bertan egondako hainbat kantarirekin elkarlana hasi zuen, bereziki Antton Valverde eta Lourdes Iriondorekin. Anttonekin eta Julen Lekuona oiartzuarrarekin bertso zaharrak eta Txirritaren bertsoak berreskuratu zituen, elkarrekin atera zituzten diskoetan. Horrez gain, Lourdes Iriondorentzat abesti asko egin zituen Xabierrek. Garai hartan hirurek emanaldi asko egin zituzten elkarrekin. Gerora ere tarteka kantaldiak eman izan ditu, Antton Valverde, Jabier Muguruza, Joxan Goikoetxea eta beste hainbat musikarirekin batera.
Bertsogintza Xabierren zaletasun eta iturri nagusietako bat izan zen, eta 2001. urtean, urte luzez ondutako lan erraldoia plazaratu zuen: Berrehun urtez bertsotan, zazpi diskoz osatutako bilduma: Xenpelar, Bilintx, Elizanburu, Etxahun Barkoxe, Otaño, Txirrita, Basarri, Uztapide, Xalbador eta Lazkao Txikiren bertsorik aipagarrienak abestu zituen Xabierrek.
Euskaldungoaren memorian betirako itsatsita geratu dira Lurdesekin batera abesten zituen Errota zahar maitea edo Izotz ondoko eguzki kantuak. Baita ere, jadanik klasiko bihurtu diren Nafarroa arragoa, Seaska kanta, Ni naiz, Izarren hautsa, eta Xabierren abestirik kantatuena, "Xalbadorren heriotzean".
*Idazlea, poeta.
Kantaria ez ezik, idazle handia ere izan da Xabier Lete. Gazterik hasi zen idazten, eta bere artikuluak ohiko bihurtu ziren Zeruko Argia aldizkarian. Gerora, Garaia, Muga, Euskaldunon Egunkaria eta abarretan argitaratu zituen. 1968. urtean bere lehen liburua eman zuen argitara, Egunetik egunera gurpilera. Horren ondotik, beste bost olerki bilduma argitaratu zituen. Azkenekoa, 2008. urtean argitaratutako Egunsentiaren esku izoztuak. Lan honekin, euskarazko literaturaren Euskadi saria, eta Espainiako literatura kritikarien poesia saria jaso zituen, eta Euskal herri osoan zehar poesia errezitaldiak eskaini zituen Joxan Goikoetxearen laguntzarekin. Errezitaldi hunkigarri hauen azken emanaldia herrian bertan, Sarobe aretoan eskaini zuelarik pasa zen abenduaren 26an. 2006. urtean, berriz, bere abestiak biltzen zituen liburua eman zuen argitara: Abestitzak eta poema kantatuak. Bertan, abestietako hitzez gain, Leteren hitzaurre autobiografiko zabala dago, eta Xabierri egindako bi elkarrizketa. Euskal Herriko abeslaririk garrantzitsuenek askotan baliatu dituzte Leteren hitzak kantuak osatzeko: Mikel Laboak, Benito Lertxundik, Imanolek, Jabier Muguruzak... Baita ere, Letek euskaratu izan ditu miresten zituen poeta eta musikarien hitzak: Gabriel Celaya, Cesare Pavese, George Brassens, Lluis Llach, Jacques Brel eta Leonard Cohenenak...
*Antzerkilaria.
Lurdesekin batera, Urnietako Buruntzazpi antzerki taldearen sortzailea izan zen 70eko hamarkadan. "Antzerkia deusetik izatera" eta Eugenio Arozenarekin batera "Gabon Txirrita" antzerki-lanak idatzi zituen. Azken hau, arrakasta handiz taularatua izan zen eta aktoreen artean Xabier bere ere tartean izan zen.
*Politikaria.
1983an, bere lagun Imanol Muruaren eskutik Gipuzkoako Foru Aldundian aritu zen, lehenik, Kultura zuzendari karguan lehenengo bi urtez, eta jarraian Kultura diputatu bezala beste bi urtetan.
*Egape Ikastola
Lurdesekin batera Urnietako Egape ikastolan hainbat lan egindakoa da. Herritar askok gogoan izango dute bere bizar handiarekin eta ikastolako haurrez inguratuta Gabon bezperan baserriz-baserri nola kantuan ibiltzen zen.
*Lurdes eta Xabier, banaezinak.
Duela bost urte, 2005eko abenduaren 27an hil zen Lurdes Iriondo, bart hil da Xabier, urnietarrontzako banaezinak dira Lurdes eta Xabier; Xabier eta Lurdes. Azken urteetan maiz ikusi zitekeeen Xabier bere etxetik hilerrirako bidea egiten...orain betirako elkartuko dira.
*Galera handia.
Galera handia. Ordezka ezina da Urnietarentzako eta euskalgintzarentzako. Ikusi den bezala, buru-belarri eta modu askora aritu baitzen euskal kulturaren aldeko lanean. Lurdes, Julen Lekuona, Mikel Laboa, eta beste hainbatekin batera, gure artetik badoan belaunaldi bateko partaidea da.
Non hago, zer larretan, Urnietako poeta?