Xabier Lete hil da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 4a, 22:48

Bart gaueko 21:30etan Xabier Lete Bergaretxe kantari eta olerkaria hil da 66 urte zituela.

Eguerdian zabalduko dute hil-kapera Hernaniko tanatorioan eta asteartean (abenduak 7) egingo dira hileta elizkizunak Urnietako San Migel elizan. [Ikus, irudi-muntaia]

Xabier Lete, poeta eta kantaria oso-oso larri zegoen erietxean. Ostiral gauetik sedatuta zegoen eta azken orduetan okerrera egin zuen bere egoerak. Oiartzunen jaio eta Urnietan bizi zen olerkari eta kantariak aspalditik osasun arazoak zituen. Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetariakoa izan zen, eta idazle bezala ere bide luzea egina du.

Bere azken liburua duela bi urte argitaratu zuen "Egunsentiaren esku izoztuak" izan zen. Berarekin sari ugari jaso zituen.

2009an Euskadi literatura saria jas o zuen, euskarazko literatura modalitatean. Epaimahaiak “klasikotasuna, ahotsaren sendotasuna eta aberastasun diskurtsiboa" goraipatu zuen. Gainera, “Ez Dok Amairu” taldeko partaide izan zenaren "ahotsaren benetakotasuna" saritu omen dute. Egilearen azken poema liburuan, iragan ederrarekiko miresmena, maitasuna, xamurtasuna, oinazea, heriotza eta berraurkikuntzaren ametsa ekarri zituen gogora.

"Egunsentiaren esku izoztuak" liburuaren aurretik, 2006an argitara eman zuen
“Xabier Lete. Abestitzak eta poema kantatuak” liburua. Elkar argitaletxeak Xabier Letek abestu edota berari kantatutako abestitzez eta poema kantatuez osatutako liburua eta 1974-77 artean argitaratu zituen hiru disko bermasterizatu aurkeztu zituen 2006ko azaroaren 10ean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.
Leterenak, beste abeslarienak edota atzerriko hizkuntzetatik euskarara itzulitako abesti eta poema kantatuak tartekatzen dira liburuan. Horiek garaiko testuinguruan kokatu eta horrenbestez, haien esanahia eta zergatiak aurkitzeko xehetasunak eskaintzen dira. Abestien konposizioa aztertu eta horien barne irakurketa egiten zuen Letek. Liburua esku artean zuela Elkar argitaletxea zoriondu zuen, bere hitzetan, “argitalpen oso txukuna egin baitute”. Horrekin batera, Lourdes Iriondoren bilduma lana ere musikalki eguneratu zen.

“Xabier Lete. Abestitzak eta poema kantatuak” liburuaren aurkezpenean, Xabier Letek liburuan ageri den esaldietako bat ahotan hartu zuen: “Izan zen gizon bat saiatu zena, baina ez zuena asmatu”. Bere bizitzako portaera askotan ez duela asmatu adierazi zuen. “Zuzen eta egiaz ibili nahi izaten da, baina askotan hanka sartzen da” zehaztu zuen Letek. Gizakia argitsua den neurri berean lanbrotsua dela erantsi zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!