Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia aurkeztu da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 2a, 19:22

Aurreko osteguneko Udal batzarraldian hauexek izan ziren Petri Romero Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuko zinegotziaren hitzak, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren harira: “Andoaingo Udalak, 80ko hamarkadaren hasiera beretik ekinda, urteak daramatza euskararen erabilera normalizatzeko lanak egiten eta bultzatzen, bai udalerrira begira, bai udal-jardunera begira.

Bideoa | Jarraitu albistea irakurtzen:

Beraz, hainbat dira euskara biziberritzeko bidean Udalak buruturiko ekimenak”. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (aurrerantzean EBPN) onartzearekin batera urrats bat aurrera eman dutela iragarri zuen. Izan ere, Udalak badu euskararen erabilera plana onartua, baina ez dago Eusko Jaurlaritzaren irizpide eta metodologiara egokitua.
Biziberritzeko Plan Nagusia euskararen normalizazioa sistematizatzeko plan estrategikoa da. Hauxe, bere helburu nagusia: "euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak eskaintzeko behar diren hizkuntza politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea; maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean". Plan integrala da EBPN, euskara sustatzeko egiten diren ekintzak biltzen dituen marko bateratua.
Andoaingo Udalak beharrezko iritzi dio bere Udal eta udalerrirako EBPN propio bat egin, onartu eta garatzeari. Bi ardatz nagusi izango ditu Andoaingo planak: alde batetik, udalerrian euskararen erabilera areagotzea, eta bestetik, Udal administrazioan euskararen erabilera areagotzea. Plan Estrategikoaz gain, lehen urterako Kudeaketa Plana ere onartu dute.
EBPN Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia egiteko prozesuan zehar, Petri Romero zinegotziak Udaleko departamentuen iritziak eta iradokizunak jaso eta kontuan hartu dituztela adierazi zuen. Hemendik  aurrera, udalerriko arlo ezberdinetako elkarteei prozesuaren berri eman eta, gainera, euren iritziak eta proposamenak egiteko aukera eskainiko zaie. Egitasmoa “udalerrian sozializatzeko komunikazio plana ere egitea” iragarri dute.
Euskara Biziberritzeko Plana dinamizatzeaz Udal Euskara Zerbitzua arduratuko da, adituak diren zerbitzu eta aholkularitzaz baliatuko delarik. EBPN deituriko Plan Estrategikoarekin batera, berari dagokion 2011rako Kudeaketa plana martxan jarriko dute.

 

Euskara, indarrean eta indartsu

Adierazpen Instituzionala | 2010.XI.25.

Urte asko ditu Andoaingo herritarren euskararekiko kezka eta konpromisoak. Gogoko dute herritarrek euskara. Konpromiso eta gogo horrek hauspotu du azken urteetan euskara gure herrian. Azken bizpahiru hamarkadetan Udalak ere bat egin du euskararekin. Askoren arteko konpromisoaren eskutik bide luze bat egin da, eta bidearen ondoren esan dezakegu, gaur egun, duela 25 urte ez bezala, Andoaingo herritarren erdiak ezagutzen duela euskara, eta beste %20k dezente ulertzen duela. Hogeita bost urtetik beherako gazte gehienek, duela 25 urte ez bezala,  gaur egun hemengo bi hizkuntzak, euskara eta gaztelania, biak ezagutzen dituztela, zorionez ezagutu ere.  Bistan da, bai, urteotan aurrerapauso nabarmena eman dela euskararen mesedean, duela 25 urte gehiago baitziren euskaraz tutik ez zekitenak hitz egiten  zekitenak baino. Andoain gaur atzo baino elebidunagoa da, eta hori ona da bai herritar bakoitzarentzat –hobea baita jakitea ez jakitea baino-, bai Andoaingo herritarren arteko bizikidetzarako –zenbat eta herritar gehiagok jakin euskara, orduan eta seguruago bermatuko baitzaio herritar bakoitzari euskaraz eta/edo gaztelaniaz berak nahi duen hizkuntzan bizitzeko aukera egiazkoa izatea-.
Gero eta jende gehiagoren artean hartu du lekuren bat euskarak Andoainen, iraganean gure egunok arte guztiok egin dugunari esker. Etorkizuna, ordea, zehatz-mehatz marraztu gabe dago, eta euskarak Andoainen ondorengo urteetan izango duen lekua geuk orain eta hemendik aurrera egiten dugunaren esku dago. Gurea da ordua, gurea da erantzukizuna, gurea da euskararen aldeko konpromisoa sendotzeko eginkizuna. “Gurea” diogunean guztiona esan nahi dugu, herritar guztiona, euskaraz badakitenena eta oraindik ez dakitenena, helduena eta gazteena, enpresariena eta langileena, merkatariena eta bezeroena, irakasleena eta ikasleena, mota eta arlo guztietako elkarteena, herri-erakundeena eta, jakina, horien artean, Udalarena. Udalak ahalik eta eraginkortasun handienaz erantzun nahi dio euskarari etorkizun gaur baino oparoago bat eskaintzeko konpromisoari.
Konpromiso hori aldarrikatu eta berretsi nahi du Udalak 2010eko abenduaren 3 honetan, Euskararen Nazioarteko Egunean. Eta konpromiso horren haritik herritar guztiei dei egiten die salbuespenik gabe guztiek eman dezaten pauso bat gehiago, pauso bat aurrerantz, euskara indarberritzeko. Indarrean eta indartsu nahi baitugu euskara Andoaingo gizarte-bizitzan eta Andoaingo etxeetan, indarrean eta indartsu andoaindarren arteko harremanetan; gaur den baino indartsuago ikusi nahi dugu gure herrian. Badakigu hori ez dela berez etorriko: hori lortuko dugu guztiok, Udaletik bertatik hasita, gehiago edo gehixeago egiten baldin badugu euskara gehiago edo gehixeago erabil dadin. Gehiago edo gehixeago erabiltzea baita indartsu izateko bide bakarra. Euskaraz ez dakitenek euskara zerbait ikasteko pausoak ematea eta euskaraz badakitenek eguneroko bizitzan naturaltasunez ahalik eta gehien erabiltzea da euskara indartzeko bidea.
Horretara dator oraintsu, azaroren 25ean, Andoaingo Udalbatzak aho batez onartu duen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Datozen zazpi urteetan Andoainen euskararen erabilera areagotzeko Udalak bultzatuko duen jardunbidearen helburuak eta ekintzak jasotzen ditu Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak. Tresna egokia da Plan hau, anbizioduna eta errealista da aldi berean, eta pixkanaka-pixkanaka  baina etenik gabe garatu nahi dugu. Arrakasta izan edo ez, ez dago, ordea, Udalaren esku bakarrik. Elkarlana behar dugu Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiko helburuak eta ekintzak aurrera eramateko, eta elkarlan hori hauspotzeko eratu dugu Andoaingo Euskararen Aholku Batzordea, herrian arlo ezberdinetan lanean ari diren era guztietako elkarte eta erakundeen partaidetza izango duena.
Badugu, beraz, tresna egokia, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia, alegia. Orain tresna horretaz baliatu eta euskararen erabilera areagotzea eta indartzea dugu eginkizun. Eginkizun horretan arrakasta izateko ezinbestekoak ditugu herritarren euskararekiko atxikimendua eta ahalik eta gehienen arteko adostasuna. 2010eko abenduaren 3a izan bedi konpromiso hori guztiok indartuko dugun eguna, euskara etorkizunean indarrean eta indartsu ikusi ahal izan dezagun.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!