Abenduaren 21ean Urnietako Gaztelekuak eta Iñistorra elkarteak antolatutako hainbat ekitaldiren bidez San Tomas eguna ospatzeko aukera izango dute urnietarrek. Iaz bezala, ekitaldi guztiak San Juan plazan egingo dira arratsaldez. 16:30 aldera hasiko dira Gaztelekuak antolatutako Herri Kirol saio irekiak. 18:00etan irekiko dira Iñistorrak kontzejupean jarritako txistorra eta sagardoa dastatzeko postuak. 20:30ak aldera bukatutzat emango da jaia Gabonetako saskiaren zozketarekin. Bertan izango dira jaia alaitzen Lurdes Iriondo musika eskolako trikitilari gazteak.
SAGARDO LEHIAKETA
19:30etatik aurrera burutuko da egun horretako ekitaldirik nagusienetakoa izango dena, II. Urnietako Usadiozko Sagardo Txapelketa. Etxerako sagardoa egiten duten urnietarrak soilik aurkez daitezke bertan. Sagardotegiak ez dira sartuko lehiaketa honetan. Izen-ematea irekita dago, abenduaren 15a arte, 628 618 362 (Joxeba) telefonora deituz. Partaide bakoitzak 7 botila jarri beharko ditu, eta botila bakoitzeko 2 euro ordainduko da. Sariak izango dira lehenengo bientzako.
BASERRITARREI DEIALDIA
Aurtengo berrikuntzetako bat izango da, baserritarrek beraien produktuekin postutxo bat jartzeko aukera izango dutela. Herriko barazki, gazta, ezti eta abar ezagutzera ematea helburu duen ekitaldi honetan parte hartu nahi dutenek abenduaren 15a arte izen emateko aukera izango dute, 628 618 362 (Joxeba) telefonora deituz.
SAGAR TARTA LEHIAKETA
Aurten sagar tarta lehiaketa egingo da lehenengo aldiz. Parte hartzeko, aurrez etxean tarta egin eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara San Juan plazara eramatea nahikoa izango da. Partaide bakoitzari xanpain botila bat emango zaio ordainetan eta txapelketako irabazleak saria jasoko du. Ondoren aurkeztutako tartak dastatzeko aukera emango zaie bertaratzen direnei.