Errealitateari oso lotutako ikuskizuna dirudi…
Luis Mari Zaldua: Ez da errealista, baina bai errealitatean oinarritua; ingurumariaren aldetik begiratuta, oso errealista da, eta pertsonaien aldetik begiratuz gero, fikziozko punttu bat badu, baina punttu hori ere benetako gertakizunetan oinarritua dela esan liteke.
Zein tratamendu izango du hizkuntzak?
L.M.Z: Ikuskizun berri honetan hizkuntzarekin zubi bat eraiki nahi izan dugu. Azkenean, denok Urnietan bizi gara eta denok urnietarrak gara. Emanaldia edonorentzat erabat ulertzeko modukoa izango da. Marizulo ikuskizunean gauzak nahiko modu naturalean egiten saiatu ginen, gauzak izan zitezkeen bezala planteatzen saiatuz beti ere. Oraingoan ere gauzak modurik naturalenean egiten saiatu gara; gertatu ziren hizkuntzan azaltzen, alegia. Ez ditugu jarri espainiarrak euskaraz hitz egiten, ez eta ere, euskaldunak espainieraz hitz egiten. Hori garrantzitsua da errealitatea bere horretan islatzeko eta hizkuntza inork aitzakitzat erabil ez dezan hormak eraikitzeko; elkarrizketak oztopatzeko, azken batean, herrigintza zailtzeko.
Marizulon hizkuntzari emandako tratamenduari buruzko kexurik jaso al zenuten?
L.M.Z.: Batzuk saiatu ziren hizkuntza erabiltzen, ez komunikatzeko, inkomunikatzeko baizik. Baten batek esan zigun herritar gutxi batzuentzat bakarrik egindakoa izan zela. 6.000 biztanleko herri batean, 1.000 pertsona ikustera joan ziren, bada zerbait!... Batzuen ustez, halako ahalegina egiteak ez zuen merezi hain jende gutxirentzat; azkenean, esaten zena zen, ez zuela merezi halako ahalegina euskara bezalako hizkuntza batean egiteak. Nahiz eta badakigun euskara jakin ez arren emanaldiarekin asko disfrutatu zuten pertsonak egon zirela.
XXI. mendean, harritzen nau oraindik ere Urnietan hizkuntza jendea zatitzeko eta demagogia egiteko erabiltzen dela ikusteak. Oraindik badago hitz bat bera ere euskaraz esaten ez duenik, eta iruditzen zait hori ez dela naturala. Naturala uste dut kontrakoa dela, edozeinek hizkuntza ikasteko nahia izatea eta ikuskizun honetan naturaltasun hori bilatu nahi izan dugu.
Adinduek, betiko urnietarrek, hizkuntza tratamendu hori nola hartuko dute?
L.M.Z.: Euskal Herriko hizkuntzak ez dira Euskal Herrian jatorria dutenak, baizik Euskal Herrian hitz egiten direnak. Urnietan euskara eta gaztelania bertakoak dira. Gauza bat jatorria delako eta bestea non erabiltzen diren, euskararen jatorririk ere ez dugu ezagutzen. Euskaldun zaharrekin naturaltasuna bilatzen saiatu gara, gauzak horrela, bakoitzak bere erregistroan hitz egingo du ikuskizunean, gazteek gazteenean, eta adinekoek ikusiko dituzte euskaldun zaharrak Urnietako hizkeran hitz egiten, eta hori polita da, gainera kontuan izan behar da Urnietaren ondarean zati garrantzitsua eta bukatzen ari dena dela. Beste batzuetan beste euskaldun batzuek gaur egungo hizkeran hitz egingo dute. Gaztelania ere presente egongo da, zaharrek oso ondo ezagutu zuten nola hasi zen kanpoko jende asko etortzen, euskaraz ez zekiena, eta etorkin horiek ere garrantzitsuak dira ikuskizunean. Espainieraren aldeko joera azaltzen duten euskaldunak ere ikusiko dira emanaldian.
Marizuloko formula, hau da, musika, dantza eta antzerkia, mantentzen al da Urnieta´59 ikuskizunean?
L.M.Z.: Esango nuke mantentzen dela, baina hori baino are eta garrantzitsuago dena da pertsonak ere mantentzen direla. Pertsonek jarraituko ez balute, formatua mantentzea ezinezkoa izango bailitzateke...