Abian da ehiza denboraldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 2a, 08:41

Aian jaio eta gaztetxotan Amasa-Villabonara bizitzera etorri zen Rufino Eizmendik zentzua duenez geroztik du ehizarekiko zaletasuna. Anaiarekin batera Eizmendi armategia ireki zuenetik, afizio ez ezik ofizio ere badu ehiza. Ehiza Federakuntzako nahiz ADECAPeko kide da.

Rufino Eizmendi: “Ehiztariari zain egotea egokitzen zaio beti”

Beterri-Aiztondo eskualdean ehizak duen eraginaren berri azaldu du billabonatarrak. Eskualdeko ehiztarien artean ere ehiza txikia nagusitzen dela nabarmendu du.

Oilagor denboraldiak berezitasuna izango omen du aurten lehenengoz. Zertan?
Aurten, oilagor ehiztariek oilagor harrapaketa-partea betetzea erabaki dugu; modu horretan, oilagorretan zenbat ehiztari ibili den eta zenbat oilagor ehizatu duten jakingo dugu. Bakoitzak bere txartela izango du eta bertan zulatu beharko du egunean zenbat oilagor ehizatu duen. Arau bezala, ehiztari bakoitzak ezingo du egunean hiru oilagor baino gehiago bota. Bakoitzak 15 txanda izango ditu eta egunero ehizatu ahal izango du. 15 saioetako hutsuneak betetakoan, txartela berriz eskatzeko aukera izango du, doan. Gipuzkoa guztirako balioko du txartelak eta kontrol gehiago izateko aukera eskaintzen duenez, denboraldia otsailera arte luzatzea erabaki dugu. Sei mila txartel inguru banatu da aurten oilagorretarako. Denboraldia amaitzean, otsailaren 15ean, bakoitzak bere datuak ekarriko ditu eta Foru Aldundira eramango dira gero, bilduta gera daitezen. Ehiztariek begi onez ikusi dute ekimena eta nire ustez oso interesgarria izango da.

Zein hegazti mota ehizatzen da hemen gehien?
Urritik garai honetara arte, gehien-gehiena usoa ehizatzen da. Bestalde, neguko ehizaren baitan, hegaberak eta istingorrak ehiza daitezke Gipuzkoan. Negu hotza eginez gero, birigarroa ere etortzen da. Egia esan, neguko ehizak ez du eragin handirik izan azken urte hauetan. Lehen orain baino hegazti gehiago etortzen zen, baina negu arinegiak egiten ditu egun. Oilagorren ehiza esaterako, oso ehiza mota polita den arren, oso gogorra da. Eguraldiaren araberako ehiza izaten da, hotza behar baita haiek etortzeko. Sarrera izaten den garaian, Gipuzkoako inguru gehienetan izaten da.

Zein irakurketa egin duzue aurtengo udazkeneko ehizaz?
Aurten oso denboraldi tristea izan da; dudarik gabe, gogoratzekoa. Azken bost urteak eskasak izan badira, aurtengoa izan da eskasena. Ez dakigu aurten uso gehiagorik pasako ote den, baina pasatzen badira ere, oso altu pasako dira; linea eta postuetatik kanpora. Orain zein negu etortzen den itxaron beharko da; birigarrorik edo oilagorrik etortzen ote den… Negurik egiten badu izango da oraindik ehizarako aukerarik, baina bestela, hurrengo urtera begira jarri beharko dugu. Ehiztariari zain egotea egokitzen zaio beti.
Bestalde, inguru honetako elkarteek oso emaitza eskasa jaso dute egiten duten lanaren truke. Tolosaldeko 18 herritan batez beste 40/50 postu zozketatu dira goizero-goizero. Jendeak ikusten ez badu ere, oso ardura handiko lana da hori, goraipatzekoa. Elkarteko arduradunek urtea joan eta urtea etorri egiten dute, denboraldi ona edo txarra izan. Postuak zozketatu ez ezik, zozketen denboraldia bukatzean, norberaren linea garbitzeko ardura dute, hurrengo urtean berriz ere antolatzeko. Batzuek ehiztariak ehizaz urrian bakarrik gogoratzen garela uste badute ere, ehiza urte guztiko lana da, oso lan gogorra.
 
Nola banatzen dira inguruko ehiza zonaldeak?
Andoain eta Amasatik hasita, hemendik gora beste 16 herritan izaten da ehizarako aukera. Gipuzkoa ehizarako bederatzi zonatan zatituta dago.

Hegaztien ehizaz gain, zein beste ehiza mota egiten da eskualdean?
Basurdea, untxia eta erbiaren ehiza. Gipuzkoan bezala Bizkaian, basurdeen ehizan bakoitzak bere arauak ditu eta koadrilaka antolatzen dira; ehiza irekia da. Erbien ehiza ere antolatuta dago eta erbien zonaren barruan ehiza daitezke. Untxia, berriz, erabat galdu zen duela 15 bat urte, neumonia baten ondorioz. Orduz gero untxiek ez dute gehiago bururik altxatu. Untxia puntu zehatzen batean egongo da, baino nahiko erorita dago oraindik. Falta nabari da, gu gazteak ginen garaian untxia edozein tokitan izaten zen: Urnietan, Andoainen… Orain galduta dago. Erbia, berriz, beti izan da Oria ibaitik kostaldera bitarte. 1965etik 2000 urtera arte galdu egin zen eta birpopulazio bidez itsatsi egin dugu puntu batzuetan bederen. Basurdea, berriz, osasuntsu dago eta oso zabalduta dago.

Ehiza txikiak handiari aurre hartzen al dio?
Orain basurdetan jende asko ibiltzen bada ere, ehiza txikia nagusitzen da gehiago. Lehen, inguru honetan basurdeen ehiza ez zegoen zabalduegia; Andoaingo koadrila bat kenduta, ez zen inguruan jende gehiegirik ibiltzen. Egun koadrila asko biltzen da basurdetarako.

Aseguruak, lizentziak…, zein baldintza bete behar da ehiztari izateko?
Arma lizentzia behar da lehenik eta behin, –lehen armen baimena esaten zitzaiona–. Era berean, ehizarako lizentzia behar da, –azken 30 urteotan azterketa bidez eskuratzen dena–. Ehizarako asegurua ere ezinbestekoa da. Paper guztiak egunean eduki behar dira eta ehiztari izateko baimena lortzeko, azterketa ere egin behar da: eskopetaren pieza nagusiak zein diren, nola zaindu behar den, zein distantzira ehiza daitekeen, segurtasun neurriak zeintzuk diren..., gai ugari jakin behar da. Oso zorrotz neurtzen da ehiztariaren papera, zorrotzegi. Beste gai asko ere modu berean neurtuko nituzke nik. Nire ustez, esaterako, eskopeta baten ardura gogorra da auto baten arduraren parean.  Ehiztarien artean ondo errespetatzen dira jarraitu beharreko arauak eta pausoak. Inork ezer gaizki eginez gero, hiru urterako kentzen dute ehizarako baimena.
Ehiza Federakuntzaren baitan, Andoaindik Goierrira bitarteko ehiza txikiko arduraduna da Rufino Eizmendi. Bestalde, ehiza eta arrantzako ADECAP elkarteko Gipuzkoa mailako lehendakari ere bada. Oso gaztetxotatik izan du ehizarako zaletasuna, “betidanik gustatu izan zait ehiza, zentzua daukadanetik. Berezkoa dut. Egindako ehiztariak ere izango dira, baina gehienak berezkoak gara”. Ehiza barrutik sentitzen duenak beda nahiz denboraldi beharrik ez daukala azaldu du billabonatarrak, “mendira irtendakoan batera eta bestera begira joaten gara, garaian garaikoa biziz: orain zozoa, orain kumeak… Udazkenean zer etorriko den aurretik ikusi behar da: udaberrian. Benetako ehiztariak kanpora ateratzen den momentutik bertatik sentitu behar du ehiza. Urtaro bakoitzean egin duen giroa, uzta nola datorren…, dena dago lotuta. Ehiztari gutxi egongo da lotura hori sentitzen ez duenik”.  Ehiza arrantzarekin alderatuz, ehiztarien egungo egoera adierazi du Rufinok, “inguru honetan orain 20 urte errekara joan eta zubi gainetik amuarrainak ikusten ziren. Gaur ez dago amuarrainik. Desagertu egin dira. Baina badakigu ez direla arrantzaleen kulpagatik desagertu. Ehizarekin ere gauza bera gertatzen da: espezie batzuk gure tiroen eraginez desagertzen direla esaten bada ere, hori ez da horrela. Tartean badaude gugatik kanpoko beste lotura batzuk”. Ehiza kirolen artean kritikatuenetakoa izatea beharbada hotsa ateratzearen ondorioz izango dela uste du Rufinok, “hotsa ateratzen dugu, mendian ibiltzen gara, baina beti dokumentatuta. Ehiza kritikatua da eta horretarako daude iritziak eta gustuak. Baina oso erraza da espezie bat gure eraginez galdu dela esatea. Adibide bat jartzearren, 1975 urtean utzi zitzaion kalanbreak esaten diegun txoriak ehizatzeari. Lehen asko pasatzen ziren, orain gutxiago eta gauez bakarrik. Arrazoiak badaude tartean: pozoiaren ondorioz hil egiten da ehizaki asko hemen eta, kanpoan bereziki. Negarra egiteko gogoa ematen du bazter guztiak pozoituta ikusteak. Bere neurrian ehizatuta, ehizaren eraginez ez dago espezieak galtzeko arriskurik.  Ehiztarioi egunak kentzen dizkigute, arrantzaleei guneak itxi…, baina laguntzeko konforme agertzen gara beti. Hainbat egoera kritikatu egingo dugu, baina arrazoizkoa denean ulertu ere bai. Ehiztaria, aldiz, oso jende gutxik ulertzen du, gaizki ikusiak gaude beti”.

ASTEBURURO, BASURDE-EHIZERA
Mutil gaztea zela jasi zen Joxe Manuel Aizpurua ehizean. Basurdeak ehizatzera joaten den koadrila bateko kidea da. Gipuzkoan, Huescan, Nafarroan, Burgosen..,. toki askotan egiten dituzte ehizaldiak.


Zenbait kidez osatutako koadrila behar da basurdearen ehizarako. Goizean goiz hasten dute piztien bilaketa, zakurrekin mendia miatuz. Ehizaldirako zonalde egokiena zein den finkatuta, postuak jartzen dituzte basurdeak ahalik eta ondoen inguratuz. Zakurrekin piztiei eraginez, postuetaraino bultzatzen dituzte, bertakoek ehiza ditzaten. Irailaren erdialdera hasi zuten denboraldia, eta urtarrila amaiera arte egin ahal izango dute basurdetan.

Basurde ehiza Tolosaldean
Gipuzkoan ez dago ehiza-barruti pribaturik, beraz, ehiza librea da, betiere naturgune babestuetatik kanpo eta arauak errespetatuz. Basurde-ehizaren kasuan, lurraldea zonalde ezberdinetan banatuta dago, koadrilen arteko arazoak saiheste aldera. Hala azaldu du Joxe Manuel Aizpurua andoaindarrak: “Lehen edonon egin zitekeen ehiza, baina arazoak sortzen ziren koadrila bat baino gehiago egun berean toki berera joaten bazen. Horregatik, zonaldeak finkatu ziren eta zonalde bakoitzean koadrila bat edo bi aritzen dira. Gure koadrilari Tolosaldean ehizatzea tokatzen zaio; Berrobitik hasi, Uzturre, Villabona, Alkiza, Larraul eta Montesku ingurua”.
Asteburuetan egiten dute basurde-ehiza: “Larunbat eta igandetan joan gaitezke ehizera, egunsentitik arratsaldeko 15:00ak arte. Hortik aurrera, ezin da zakurrik askatu. Horrez gain, koadrila bakoitzaren ardura da ehiza egitera goazen mendiko pistetan kartelak jartzea. Bertatik pasa behar duen jendea arriskuan jartzea sahiestu nahi izaten da modu horretan”. Mendiko pistetan seinaleak jartzeaz gain, derrigorrezkoa da Foru Aldundiari ehizaldiaren inguruko xehetasunak ematea: “Koadrilaren zenbakia eta izena zehaztu, ehizaldia non eta zein ordutan egin behar dugun, eta gutxi-gorabehera zenbat kide izango garen”.

Egindakoaren berri zehatza
Ehizaldia amaitutakoan, egunak emandakoa zehatz mehatz apuntatu beharra izaten dute. “Zenbat basurde ikusi ditugun, zenbat bota ditugun, arrak edo emeak diren, tamaina… Datu horiek guztiak Ehiza Federakuntzari bidaltzen dizkiogu eta haiek Foru Aldundiari. Ehizakin bakoitzari prezintoa jartzen diogu eta noizbehinka, Foru Aldundiko kideak etortzen dira botatako basurdeei azterketak egitera: trikina bezalako gaixotasunik ba ote duen begiratzen diete, besteak beste”.
Koadrilako kideen artean banatzen dituzte botatako basurdeak. Tolosako Monteskun duten elkartean jartzen dute koadrilako kideen zerrenda. Zerrendako lehenengotik hasita, pixkanaka, guztiek jasotzen dute ehizaldiaren ordaina. “Kontsumorako direnez, ehizakin guztiak analizatzera bidaltzen ditugu, badaezpada. Koadrilako kide batzuk iparraldera bidaltzen dute basurde haragia, patéa egiteko, beste batzuek Errioxara, txorixoak egiteko…, eta beste asko elkarteetan eta lagunartean afariak egiteko gordetzen dira. Ehiza egiteaz gain, mahaiaren inguruan bildu eta hitzaspertu ederrak egitea ere asko gustatzen zaigu. Oparitu ere asko egiten ditugu”.
Oso istripu gutxi izaten dela adierazi du Joxe Manuelek: “Urtero gertatzen da zerbait, baina horrenbeste jende dabilen tokian, istripu kopurua ez da inolaz ere handia. Neurri zorrotzak hartzen dira horretarako. Esaterako, basurdeak bilatu eta mugiaraztera zakurrekin ateratzen diren kideek ez dute riflerik eramaten, perdigoizko kartutxoak dituen eskopeta bakarrik eraman dezakete, edozein momentutan euren burua defendatu beharra tokatu izanez gero aukeraren bat izateko”.
Joxe Manuelen esanetan, Gipuzkoan ez dute basurde askorik botatzen. “Lur-sailak txikiak dira eta ez dago basurde gehiegirik. Aiako Harriaren inguruan egiten dituzte ehizaldirik handienak, gainerantzean, ez dago kopuru handirik. Pasa zen asteburuan egindako uxaldian, esaterako, hiru basurde bota genituen. Ehizaldi handiagoak egiteko kanpora joan beharra dago”.

Kanpora atera beharra
Gipuzkoatik kanpora ere joaten dira Joxe Manuelen koadrilako kideak. Huesca, Nafarroa, Burgos…, ehizarako barruti pribatuetan aritzen dira: “Denboraldia hasi aurretik tratua egiten da bertakoekin, diru kopuru bat ordainduz, urte batzutarako kontratua egiten da. Askotan, oilagorretara joaten diren ehiztariekin partekatzen da mendi bera. Modu horretan, gastuak jaitsi egiten dira eta arriskurik izan ez dadin, haiek beti jakiten dute mendiaren zein zonaldetan eta noiz egingo dugun ehizaldia. Gipuzkoan, nahiko izaten da hilean pare bat ehizaldi egitearekin eta kanpora joanez gero, basurde gehiago botatzeko aukera dago. Gure koadrilan, 170 bat basurde botatzen dugu denboraldiko”.

Basurderik handiena, Amasan
Kanpora joan-etorri asko egin arren, Gipuzkoan bertan ere lorpen ederrak izan dituzte ehizteriek. Joxe Manuelek ondo gogoan du Amasan botatako basurdetzarra: “156 kilo pisatu zituen duela 4 urte botatako piztiak. Basurde arra zen, urtetan sartuta zegoena. Iaz, Aldaba inguruan bota zuten handiago bat; 160 kilo inguru pisatu zituen”.

Baserritarrei kalteordainak
Basurdeek baserritarrei egindako kalteen ordainak, ehiztariek hartzen dituzte euren gain. Ehiztariak, baserritarra eta basozaina elkartu eta kaltea zenbatekoa den baloratzen dute: “Denboraldi hasieran basurdezale bakoitzak diru kopuru jakin bat jartzen du kalte horiei aurre egin ahal izateko. Federazioari bidaltzen zaizkio kalteen inguruko txostenak eta haiek erabakitzen dute baserritarrari zenbat diru eman. Hilabete baten barruan egiten da ordainketa. Hala ere, baserritar asko oso haserre izaten da basurdeek egindako kalteekin eta ulergarria da. Esaterako, babarrun landareetan kalteak egin badizkio, gutxi-gorabehera kalkulatzen da zenbat kilo babarrun galdu dituen. Babarrun kiloa hamabi eurotan ordainduta, askotan oso kalteordain txikiak dira. Egindako lana horrela galtzen ikustean, neroni ere haserretu egingo nintzateke ziurrenik”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!