Argazkigintza munduan murgilduta zabiltza. Nola hasi zinen?
Duela hiru bat urte reflex motako argazki kamera digitala erosi nuen. Pixkanaka, argazkiak egiten hasi eta gustua hartu nion. Momentuz gauza ezberdin asko probatzen ari naiz: egunez zein gauez egindako argazkiak, naturari ateratakoak, pertsonei, panoramikoak, 360 gradutako irudiak…, denetarik egitea gustatzen zait. Diotenez, horixe izaten da argazkilari gehienen bidea; norberaren estiloa bilatu arte, denetarik egiten dugu.
Autodidakta zara beraz…
Bai, internet bidez asko ikasi dut, bai argazkiak egiten baita ondoren irudiak prozesatzen ere. Internet sareak aukera asko ematen ditu programa ezberdinen inguruan ikasteko. Horrez gain, foro eta sare sozialen bidez beste argazkilariekin hitz egiteko aukera ere zabalik izaten da eta edozein zalantza argitzeko bidea ematen du. Ikasketa prozesua ez da sekula amaitzen eta horretan ari naiz orain ere.
Atzerrian ere izan zara argazkiak egiten…
Duela hilabete inguru kamera eta gainerako trasteak hartu eta Abu Dabi eta Japonian barrena ibili nintzen. Oso esperientzia aberasgarria izan da niretzat. Bakar-bakarrik, argazkiak egiteko behar adina denbora hartuz, neronek nahi nuen tokira joanez…, asko gozatu dut. Aspaldidanik nuen amets hori eta betetzeko aukera izan dut. Aberasgarria izateaz gain, momentu gogorrak ere izan ditu bidaiak: Abu Dabin, esaterako, 45 gradu inguruko tenperatura egiten zuen eta hamabost kiloko pisua bizkarrean hartuta, egun osoan hara eta hona ibiltzea ez zen beti gozoa izan. Guztira, hiru mila argazkitik gora egin nuen bidaia hartan eta orain, argazkiak ikusi, aukeratu eta prozesatzen ari naiz, pixkanaka. Argazkiak egiten baino denbora gehiago pasatzen dut ordenagailuaren aurrean, irudien tratamendua egiten. Garai batean gela ilun batean sartuta egiten zuten lana, pantailaren aurrean egiten dugu gaur egun.
Nola sortu zen Japoniara eta Abu Dabira joateko aukera?
Aurrez ezagutzen nuen Japonia eta itzultzeko gogoz geratu nintzen. Ekialdera joateko ez dago zuzeneko hegaldirik eta geldialdia egin beharra dago Europako herrialderen batean. Sarean arakatuz, geldialdi hori Dubain ere egin nezakeela ikusi nuen. Hegazkin txartel berarekin, lau egunetako egonaldia egiteko aukera nuen, beraz, ez nuen zalantzarik egin. Argazki mordoa egiteko aprobetxatu nituen lau egun haiek. Handik, Japoniara joan eta beste hamaika bat egun pasa nituen bertan, batetik bestera herrialdea ezagutuz eta argazkiak egiten.
Internet sarean jarri dituzu argazki horiek…
Bai, pixkanaka ari naiz sarean jartzen. Nire blogean jartzen ditut batzuk eta www.flickr.com gunean beste asko (www.flickr.com/photos/jokinsu). Facebook sare sozialean ere jarri ditut zenbait lan.
Internet asko erabiltzen dut. Beste argazkilarien lana ezagutzeko aukera ederra ematen du. Dubaira joan aurretik, esaterako, bertako argazkilari batekin hitz egin nuen, nondik nora mugitu jakiteko. Nolako argazkiak egin nahi nituen esan nion eta hark berehala azaldu zidan zeintzuk ziren tokirik eta garairik egokienak. Gaur egun, sare sozialek ez dute oso irudi ona. Arriskutsuak izan daitezkeela entzuten dugu telebistan etengabe, baina haien alde onak ere nabarmentzekoak dira. Besteengandik asko ikasteko aukera ematen dute.
Internet sarean blog bat duzula aipatu duzu. Zergatik erabaki zenuen blog bat zabaltzea?
Betidanik gustatu zaizkit teknologia berriak. Musika mundutik nator eta bere garaian, musikaren inguruko gune bat sortu genuen zenbait zaleturen artean: www.abcmusicos.com. Gune horrek baditu bere bloga eta foroa ere, partiturak eta informazioa partekatzeko asmoz sortutakoak. 36.000 harpidedun ditu eta mugimendu handiko gunea da. Musikaren mundutik pixka bat aldendu nintzenean, gune horretako lanei ere utzi egin nien eta duela urte batzuk nire bloga sortu nuen; jokinsu.com. Egindako argazkiak, sarean aurkitutakoak eta interesatzen zaizkidan gaiak zintzilikatzen ditut bertan.
Zure argazkiekin erakusketaren bat antolatzeko asmorik ba al duzu?
Ez dut aukera hori baztertzen, baina horrek ere bere denbora eskatuko lidake. Normalean ez dut argazkirik inprimatzen eta horrek ere kolorearen tratamendu berezia egitea eskatzen du. Ordenagailuko pantaila kalibratu behar da lehendabizi eta beste hainbat pauso eman behar da ondoren. Beste mundu bat da eta oraindik ez dut horretarako tarterik hartu. Erakusketa bat antolatzeko adina materiale badut eta gogorik ez dut falta, beraz, ez dut baztertzen egunen batean erakusketa antolatzeko aukera.
Asteasuko paisaien argazkiak ere egiten dituzu…
Bai, sorta ezberdinak jarri ditut internet sarean. 360 graduko irudia osatzen duen argazkia, panoramikoak, gauez ateratakoak… Asteasuko argazki rallyan ere parte hartu izan dut, baita sariren bat eskuratu ere. Duela sei urte etorri ginen Asteasura bizitzera eta haurra jaio arte, ez genuen bizimodu gehiegi egin herrian. Orain, umearen aitzakian, geroz eta jende gehiago ezagutzen dugu. Aurten, eskolan Goiz Txokoa antolatzeko lanetan ibili gara eta horrek ere beste gurasoekin harremana sendotzera bultzatu gaitu. Oso gustura gaude hemen.
Zaletasun garestia al da argazkilaritza?
Edozein argazki kamerarekin egin ditzakezu argazkiak, baina mundu horretan sartzen bazara, geroz eta gauza gehiago eskatzen dizu. Objetibo ezberdinak, tripodeak, 360 graduko argazkiak egiteko gailua, memoria handia duen ordenagailua…, ez da sekula amaitzen. Nire argazki kamera ez da bereziki ona, baina gainerako eranskinak nahiko garestiak dira, beraz, zaletasun garestia dela esan daiteke, bai.
Enkargupeko lanak egiten al dituzu?
Momentuz ez. Lagunen baten ezkontzako argazkiak egin izan ditut, baina hortik aurrera gauza gutxi. Egia esan, horrelakoetan konturatzen naiz argazkilari profesionalen langintza zein zaila den. Momentu garrantzitsuak irudietan biltzea ardura handi samarra dela sentitzen dut.
Musikaren arloa erabat baztertuta al duzu?
Urte askotan musika irakasle izan naiz. Azken urteetan Andoaingo Musika Eskolako irakasle lanetan aritu nintzen, eta ondoren, nire lan ibilbidea aldatu eta Oiartzungo Gazteria eta Kirol teknikari gisa ari naiz lanean. Musika munduarekin dudan harremana urrutiagokoa da orain. Urtean behin, hala ere, Andoaingo Santakrutzetan musika emanaldia eskaintzen dugu kamioi baten kaxan igota.
Japonia eta Abu Dabi
Asebeteta itzuli da Jokin Sukunza Japonia eta Abi Dabitik: “Ekialdeko herrietara joaten zarenean, aldaketa izugarriak bizitzen dituzu. Kontraste handietako herriak dira. Merezi du horrelako esperientziak bizitzeak”.
“Tokyo, esaterako, munduko metropolirik handiena da; hogeita hamairu milioi pertsona bizi da bertan. Gauza askotan oso gizarte aurreratua da: birziklatzeko beharra oso barneratuta dute eta kalean ez dago zakarrontzirik norberak bere zaborra etxera eramaten duelako, kalean erretzea debekatuta dago, beraien kultura asko errespetatzen dute eta tenpluetako ixiltasuna izugarria da…, Baina horren guztiaren atzean beste mundu bat dago: jokuaren kultura, kaleko burrundara, kontsumismoaren indarra… Kontraste handiko herrialdea da”, azaldu du Jokinek.
Abu Dabi ere gertutik ezagutu du Jokinek bere bidaian: “Kostalde guztian dirutza izugarria dago; zazpi izarretako hotelak, eraikutza erraldoiak, urrea saltzen duten denda handiak… hortik kanpora berriz, ezer gutxi ikusten da: ondarra eta industrigune ilunak. Horrez gain, Abu Dabin gauza xelebrea pasa zitzaidan; argazkiak egiteko oztoporik ez zidaten jartzen, baina tripodea jarri gabe”.