Kantuari lotuta, 25 urtez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 2a, 08:25

Eresargi abesbatzak, sortu zenetik 25 urte bete ditu abenduan. Urteurrena ospatzeko, emanaldi berezia prestatzen ari dira hilaren 18rako. Juan Mari Iparragirre zuzendariak hartu du hitza.

Abesbatza sortu zenutenetik 25 urte pasa dira…
Duela 25 urte, azaroaren erdialdera egin genuen Gabonetan abesten ateratzeko deia eta abenduan hasi ginen entseguak egiten. Gabon haietan abestu eta gero sortu zen abesbatza.

Lehen urte hartatik gaur egunera arte abesbatzako zuzendari izan zara. Zer nolako esperientzia izan da bide hau zuretzat?
Talde bateko kide izanda, beti ikasi egiten da iritzi ezberdintasunean nahiz jokaera ezberdinen aurrean mugitzen. Oso aberasgarria da abesbatza bateko edo beste edozein taldeko partaide izatea. Denok pasa beharko genuke hortik. Pertsonalki, abesbatza dena izan da niretzat. Batere esperientziarik gabe hasi nintzen, jakintasun gutxirekin. Teoria gutxi nekien eta ikasi dudana abesbatzari esker ikasi dut. Urtean behin ikastaroren bat egiten dut, beste abesbatzetako zuzendariei zuzentzen ikusita ere asko ikasten baita.
Kantuarekin lotura zuzenik ez bazenuen ere, musikarekin izan duzu…
Beti jo izan dut musika tresnaren bat: tronboia, bonbardinoa, tuba…, gerora baita eskusoinua ere. Villabonako bandan hasi nintzen gaztetxo nintzela eta gero, Hernaniko bandan jarraitu nuen beste hiru urtez. Txarangetan ere jo izan dut. Baina kantuarekin lotuta ez nuen esperientzia handirik. Lehenengo harremana Villabonako guraso elkarteak Eguberritarako antolatzen zuten kantu txapelketakoa izan nuen. Hamabost ume prestatu nituen eta haiek izan ziren begia zabaldu zidatenak, ikasteko erraztasun handia zutela konturatu nintzelako. Geroztik, bizpahiru urtetan umeen taldearekin ibilita, helduen artera jo nuen.

Helduen abesbatza sortutakoan, urtez urte lehiaketa gehiagotan parte hartzen hasi zineten…

Haurrekin Errenteriako Gabonetako lehiaketan parte hartzen genuenez, helduekin ere ia urtero aurkeztu izan gara han. Emaitza onak eskuratu izan ditugu behin baino gehiagotan eta aurten ere hantxe izango gara. Bestalde, emanaldi ezberdinak eskaini izan ditugu txoko ezberdinetan: Errioxan, Nafarroan, Iparraldean… Gehiago ere eman genitzakeen, baina agian, batetik bestera ibiltzeko dinamika gehixeago falta zaigu, jarraitzaile gehiago.

Zein egoera du egun abesbatzak?
Hogeita hamar lagun eskas biltzen gara taldean. Emanaldi guztien amaieran luzatzen dut taldean parte hartzeko deia eta banaka-banaka batzuk biltzen dira, taldea mantentzeko adina. Dei zabala egiteak ez du erantzun handirik izaten, norbanakoarengana zuzenean joan behar da gonbidapena egitera. Abeslariak biltzea oso zaila da: esan dezagun 35 urtetik beherakoek ez dutela sekula abestu eta ez dutela ezagutzen zer den kaleetan abestea. Etxe batzuetan ohituraz abesten bada ere, egun, kaleetan abestea ez da gauza ohikoa; badirudi abeslariek telebistan edo irratian abestu behar dutela.

Nola ikusten duzu kanturako tradizioa herrian?
Tradizioa izateko urte asko behar dira eta belaunaldi askok ezagutu beharko lukete kantua. Villabonan badaude pare bat belaunaldi kantua zer den ezagutu ez dutenak. Hori da arazoa, zaila dela ezagutzen ez dena bereganatzea. Esperientzia behar da eta gauza bat gustukoa den edo ez jakiteko probatu egin behar da. Ikastetxeetan abesten nahiz  ahotsekin esperimentatzen erakustea oso garrantzitsua litzatekeela iruditzen zait. Txirula jotzen oso umetan erakusten bada ere, ez da ahotsa erabiltzen erakusten. Ahotsarekin jaio egiten gara eta betiko dugu, garrantzitsua da hitz egiteko nahiz kanturako nola erabiltzen den erakustea. Behartu egiten baitugu, bestela.

25 urteurreneko ospakizunak
2010eko Santio jaietan txupinazoa jaurtiz nahiz Mikel Urdangarin eta haren taldearekin kontzertua eskainiz hasi zituen Eresargi abesbatzak urteurreneko ospakizun ekitaldiak. Sofia Quilez, Maite Ugarte eta Juan Mari Iparragirre taldekideek ahalegin handia eginagatik, kontzertuaren emaitzarekin asebeteta geratu zirela adierazi dute, “erronka izan zen guretzat; hasieran beldurrez geunden emanaldi hura aurrera ateratzeko gai izango ote ginen. Baina, gai izan ginen eta oso gustura geratu ginen gainera. Jende asko bildu zen plazan, oso harrera ona izan zen”.  Abesbatza baten baitan musika mota ezberdinak abestu daitezkeela gogoratu du Juan Marik, “folklore edo erlijio kantuez gain, musika modernoa ere abestu daiteke. Orain artean leku itxietan abestu badugu, guretzat esperientzia berria izan zen abesbatza kalera ateratzea. Alde horretatik ere esperientzia ona izan zen Mikel Urdangarinekin batera eskainitako emanaldia”.
Orain, abenduaren 18ko ospakizunak prestatzen ari dira. “Ekainean oso harrera beroa izan zuen kontzertua eskaini genuen Miarritzen. Entzuleek sarrera ordaindu zuten eta eliza jendez bete zen, kanpoan eguraldi bikaina eginagatik. Orain Miarritzeko abesbatza etorriko da gure artera. Azpimarratzekoa da Iparraldean lan handia egiten ari direla abesbatzen baitan”. Abenduaren 18an, Jesusen Bihotza elizan, Eresargiren urteurreneko emanaldian abestuko du Miarritzeko abesbatzak, 19:40etatik aurrera. “Elkarrekin kantu pare bat ere eskainiko dugu eta ondoren, Eresargik bere emanaldia eskainiko du. 25 urte hauetan abesbatzako partaide izan diren 50 kidek bi abesti kantatuz bukatuko dugu saioa, Oharretxena herritarraren ‘Jesus haurtxo txikia’ obra izango delarik horietako bat”. Jaiarekin amaitzeko, Behar-Zana elkartean afalduko dute guztiek batera, “eskerrak eman nahi dizkiegu Behar-Zanako kideei, lekua uzteaz gain, afaria prestatu eta zerbitzatuko digutelako”, azaldu dute. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!