Zilarrezko Q-a, Jesusen Bihotza ikastolarentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 2a, 08:23

Jesusen Bihotza ikastolak zilarrezko Q-a lortu du berriki; kudeaketa eta kalitate onari lotuta, Eusko Jaurlaritzak ematen duen saria. Gaiaren inguruan, ikastolako hainbat ordezkarik hartu du hitza.

2004-2005 urtean hasi ziren Jesusen Bihotza ikastolako kideak euren kudeaketa sisteman hainbat pauso eman eta hobekuntzarako bidea jorratzen. 2008 urtean, ordura arte emandako urratsengatik konpromiso diploma eman zieten, eta ikastolako langileek lanean jarraitu zuten, argi baitzuten hasitako bideari eutsi nahi ziotela. Urtetako lanaren ondoren, ekainean aurkeztu zuten lan guztia biltzen duen memoria. Egindako lan onagatik, abenduaren 16an, Zilarrezko Q-a jasoko dute Eusko Jaurlaritzako kideen eskutik, BEC-eko ekitaldian. Beterri-Aiztondo eskualdera iritsiko den lehen Q-a izango da. Ikastolako langileen hasierako helburua, ordea, ez zen saria jasotzea, lan kudeaketan hobetzea baizik. Halaxe adierazi du Arantxa Arin irakasleak, “zuzendaritza batzordean sartu ginenean, lanen banaketa egokia eta langile guztien inplikazioa lortu nahi genuen eta, aukeratutako bide hau jarraitzea iruditu zitzaigun egokiena, prozesua langile guztien artean egiten baita. Gure helburua ez zen inondik ere saria lortzea”. Kudeaketa sistema berritzen hasi zirenetik gaur egunera aldaketa handia nabaritu dutela aipatu du Nerea Zumeaga idazkariak, “ikaragarri aldatu da ikastolako funtzionamendua eta inplikazio mailan asko ahalbidetu digu jarraitu dugun bideak”. Lan sistema honen ondorioz, lau alderdi positibo nabarmendu dituzte kalitate batzordeko kideek, “sistemak orokorrean langileen inplikazioa bultzatzeaz gain, guraso eta ikasleen asebetetze mailaren igoera eta estrategia ondo definituta edukitzean, ondo kokatuta egotea ekartzen du, baita kanpora irekitzea ere” . Alderdi horiek guztiak saria jaso aurretik nabaritzen ari direla adierazi dute. “Memoria baloratu ostean bidalitako txostenean, gure lan politika eta estrategia nahiz gurasoen, langileen eta ikasleen inplikazioa baloratu dute gehien. Herriari begira egiten ditugun ekintzak ere asko baloratu dira eta hori da guretzat sariaren alderdirik garrantzitsuena”, azaldu dute. Aurrerantzean ere bide beretik jarraituko dute lanean eta agian noizbait Urrezko Q-a ere iritsiko da…

Kalitate batzordeko kideak
Izendapena eskuratzen Jesusen Bihotza ikastolako kide guztiek parte hartu badute ere, kalitate batzordean lanean Nerea Zumeaga, Aitziber Elgarresta, Arantxa Arin, Lurdes de la Iglesia, Olatz Olasagasti, Nerea Urdapilleta, Kontxi Ormazabal eta Iñaki Mendizabal aritu dira, denak billabonatarrak eta Jesusen Bihotza ikastolako ikasle ohiak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!