Ziotza pilota elkartea, etorkizunari begira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 2a, 08:22

Iaz jarri zuten martxan Zizurkilgo Ziotza pilota eskola. Herriko guraso talde baten ekimenez sortu zen eta haiek dira taldearen bultzatzaile eta kudeatzaile nagusiak.

Hogeita hamabost pilotari gazte hartzen ditu Ziotza pilota taldeak, neska eta mutil. Pilotari gaztetxoenekin jarri zuten martxan iaz eta aurten, helduagoak ere hartzen dituzte. Juan Manuel Erasun antolatzaile lanetan aritzen den gurasoetako bat da: “Txikienekin hasi ginen iaz eta aurten, infantil bigarren maila eta kadete mailako pilotariak ere baditugu. Horrek esan nahi du 14-15 urte inguruko gazteak baditugula”.
Gurasoek antzemandako beharraren harira sortu zen Ziotza pilota taldea: “Hamabi urte arte eskola kirola ekimenaren barnean aritzen ziren pilotan, baina adin horretatik aurrera pilotan jarraitzeko asmoa zutenek, kirol elkarteren batean eman behar izaten zuten izena. Zizurkilen ez zegoen pilota eskaintzen zuen elkarterik eta horrenbestez, beste herriren bateko taldeetara jo beharra izaten zuten. Udalari behar horren berri eman genion eta haien laguntzaz, taldea sortzea lortu genuen”.

Pilotarien harrobi
Etorkizunerako apustu gisa ikusten dute taldearen sorrera guraso zizurkildarrek: “Lehen pausoak eman ditugu, baina gure lana, etorkizunari begira egindakoa da. Gure herrian ahalik eta pilotaririk onenak izan nahi genituzke. Esaterako, egunen batean Zizurkilek Herri arteko pilota txapelketan parte hartzeko aukera izango badu, harrobia landu behar da eta helburu horrekin sortu da Ziotza pilota taldea”.
Gurasoen ekimena ezinbestekoa izan da taldearen sorreran. “Lanak eta ardurak banatzen saiatzen gara. Oso talde berria da eta gu ere ikasten ari gara. Astero jokatu behar dira partidak eta horrek lana ekartzen du: epaile lanak egin, Pilota Federakuntzari emaitzen berri eman, entrenamenduak kudeatu edota taldearen inguruko beste hainbat kudeaketa lan egin… Astebukaera guztiak gazteen pilotari eskaintzea pisua izan daiteke, horregatik, ardurak banatuta aritzen gara”, azaldu du Erasunek.
 
Gurasoak, pilota epaile
Pilota Federakuntzak urtero antolatzen du elkarteen arteko pilota txapelketa eta bertan parte hartzen ari dira lehendabizikoz Ziotza taldeko kideak: “Herri bakoitzak bere pilotariak aurkezteaz gain, partidetarako epaileak ere aurkeztu beharra izaten ditu. Horregatik, guraso talde batek pilota epaile izateko behar den titulua atera du. Pixkanaka, ikastaroa egindako guztiok ari gara partidaren batean epaile lanak egiten eta lan horretan ere, ikasten ari gara. Horrez gain, norberaren herrian jokatzen diren partidak antolatzeko ardura ere badu talde bakoitzak eta hori guztia, gurasoon esku geratzen da”.
Federakuntzak antolatutako txapelketaren lehen fasea amaituta, bigarrenari ekiteko gogoz daude gazteak: “Entrenamenduetan oso gustura aritzen dira, baina benetan gustatzen zaiena zuriz jantzi eta partidak jolastea izaten da. Ilusio handiz jokatzen dute eta azken batean, horixe zen taldea sortzearen helburua. Lehiaketa ezberdinetan parte hartzeko asmoa dugu, beste herrietako pilotariekin harremana lantzen joateko aukera ere izan dezaten”.

Beste taldeekin elkarlana
Etorkizunerako asmo gehiago ere badute Ziotza taldeko kideek: “Ideia faltarik ez dugu. Herri txikia izanik, ez da erraza gure kabuz ekimen handiak antolatu ahal izatea, baina beste herriekin harremanetan jarriz gero, gauza asko egin daiteke: pilotari helduenentzat entrenamendu plan intentsiboagoak, txapelketak…”.
Hiru diru iturri ezberdinetatik edaten du Ziotza pilota taldeak. Batetik, haurrek ordaintzen duten kuota, Udalak ematen duen diru-laguntza bestetik, eta inguruko enpresek emandako diru-laguntza azkenik: “Eskerrak eman nahi dizkiegu diruz lagundu gaituzten guztiei. Badakigu ez dela horretarako garairik egokiena eta hala ere, zenbait enpresak bere laguntza eman digu, hori eskertzekoa da zalantzarik gabe”.
Zizurkilgo pilotariei bertan aritzeko aukera emate aldera sortu zen Ziotza, baina ez da talde itxia. “Badira Villabonako edo Alkizako pilotariak ere. Nahiz eta lehentasuna zizurkildarrei ematen zaien, gainerako herrietakoek ere badute parte hartzeko aukera”, azaldu du Erasunek.  

Astean bitan, pilotalekura
Astearte eta ostegunetan, Intxaur pilotalekuan egiten dituzte haurrek entrenamenduak, adinka banatuta: “Talde bakoitzak bere begiralea du eta astean bi egunetan aritzen dira. Zortzi eta bederatzi urte ingurukoak dira gazteenak eta horiek astean egun bakarrean entrenatzen dute. Lau begirale etortzen dira guztira, gehienak Villabonako pilotariak. Mikel Bellosok egiten ditu koordinatzaile lanak”. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!