Kirol eskaintza zabala abenduan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 2a, 08:21

Abenduko bigarren astea kirolari eskainiko diote Zizurkilen. Mahai-ingurua, herriko kirolariei omenaldia, jolasak, arte martzialak, halterofilia, gau krossa..., aukera zabala ekarriko du egitarauak.

Imanol Lucero, arte martzialetako irakaslea
Arte martzialetako ikastaroak eskaintzen ditu Imanol Lucerok Zizurkilen eta Amasa-Villabonan. Abenduaren 11n, erakustaldia eskainiko du, bere ikasleekin batera, Pedro Mari Otaño ikastetxean.

Nola murgildu zinen arte martzialen munduan?
Hamasei bat urte nituela, boxeoa egiteko gogoa nuen eta Tolosako Indarra gimnasiora joan nintzen. Han hasi nintzen Sanda izeneko modalitatea egiten eta geroztik, ez dut inoiz utzi. Izugarri gustatzen zait. Goizez lanera joaten naiz eta arratsaldetan klaseak eman edo jasotzen ditut. Euskadiko selekzioarekin egin beharreko entrenamenduek ere denbora asko eskatzen didate, baina gustuko tokian…

Abenduaren 11n arte martzialen erakustaldia eskainiko duzue. Nola sortu zen aukera hori?
Zizurkilen ikastaroa ematen dut, gehienbat defentsa pertsonala lantzeko. Hortik sortu zen erakustaldiaren ideia. Wu-shuko irakaslea naiz. Wu-shua, Txinako arte martzial guztien batuketa da. Horren barruan, modalitate asko sartzen dira: borroka, defentsa, erakusketa, Tai-chi… Wu-shuko forma bakoitzak bi mugimendu ditu, defentsakoa eta kolpekoa. Hortik ateratzen dira defentsa pertsonaleko mugimenduak, eta horixe da Zizurkilgo ikastaroan egiten duguna.

Nolakoa izango da erakustaldia?
Herritarrek parte hartzea nahiko genuke. Ordubeteko ikastaro laburra emango dut lehendabizi eta ondoren, borrokaldi batzuk egingo ditugu, gerturatzen direnek nolakoak izaten diren ikusteko aukera izan dezaten. Nire irakaslea den Txurun-ek izango du erakustaldi hori bideratzeko ardura. Parte hartu nahi duten herritarrei, kirola egiteko arropa egokia ekartzea eskatuko diegu, besterik ez.

Eskualdean zein aukera dago arte martzialak egiteko?
Amasa-Villabonako Olaederra kiroldegian eta Zizurkilgo Atxulondon egin daitezke. Garai batean, Tolosara edo Beasainera joan beharra zegoen. Gaur egun, aukera askoz ere zabalagoa da eta jendeak geroz eta gehiago ezagutzen du. Umeak, hiru edo lau urterekin has daitezke ikasten, nahiz eta borrokaldiak askoz ere beranduago hasten diren. Modalitetaren arabera, 16 edo 18 urterekin hasten dira borrokaldietan parte hartzen.

Arte martzialak arriskutsuak al dira?
Futbolean, lesio gehiago izaten direla esango nuke. Egia da borrokaldietan kolpeak jasotzen direla, baina normalean ez da ezer larririk gertatzen. Azkenean, kolpeak ematen bezala, jasotzen ere ikasi egiten da.


Kirol astearen egitaraua
Abenduak 10, ostirala
Herri kirolek azken hogeita hamar urteotan izan duten garapenaren inguruko mahai-inguruak zabalduko du aurtengo Kirol astea. Ekaitz Saralegi pilotaria, Joxe Ignazio Orbegozo “Arria II” aizkolari ohia eta Anizeto Lazkano pilotari ohia arituko dira, Juan Manuel Erasunen gidaritzapean. 19:00etan hasiko da ekitaldia, Atxulondon eta ondoren, Zizurkilgo kirolariak omenduko dituzte.

Abenduak 11, larunbata
Goizeko 11:00tan hasita, haurrentzako kirol eta jokoak egingo dira Intxaur pilotalekuan. Ondoren, hamaiketakoa eta opariak banatuko dira. Eguerdiko 13:00etan, arte martzialen erakustaldia eta hastapeneko klasea eskainiko dute Pedro Mari Otaño ikastetxean. 16:30etan hasita, Gipuzkoako txapelketarako puntuagarri den halterofilia txapelketa egingo da ikastetxean bertan.  22:30etatik aurrera, Zizurkilgo XIV. Gau krosa.

Abenduak 12, igandea
11:30etan, infantil eta alebin mailako pilotarien arteko partidak Intxaur pilotalekuan.

Gau krosa, larunbatean
Izen-ematea dagoeneko zabalik dago www.herrikrossa.com gunean. Internet bidezko izen-ematea doakoa izango da eta egunean bertan egin nahi izanez gero, 21:00etatik aurrera egongo da horretarako aukera, Pasus plazan, 5 euroren truke.
Gaueko 22:30etan emango zaio irteera lasterketari eta hiru kategoria ezberdinetan banatuko dira korrikalariak.
Kategoria bakoitzeko lehen hiru sailkatuek jasoko dute sariren bat eta parte hartzaile guztiek oroigarriren bat etxeratuko dute. Horrez gain, sari bereziak ere izango dira. Batetik, parte hartzaile zaharrenari Dinosaurio saria emango zaio eta norbaitek frogako markarik onena (22.34) hobetzen badu ere sari berezia jasoko du.
Lasterketaren ondoren, afariak eta kirol materiala zozketatuko dira parte hartzaileen artean. Lasterketa gauez eta abenduan izanik, korrikarako arropa egokia ekartzeko deia zabaldu dute antolatzaileek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!