Kultur asteak, erantzun bikaina

Azaroaren 23tik 28ra, Larraulgo Udalak antolatuta burutu zen Kultur asteko ekintzek erantzun bikaina izan zuten.

Ekintza guztien artean, Pello Joxe Aranburuk idatzitako ‘Larraul, historia baten hasiera’ liburuaren aurkezpenak, Jon Maiak aurkeztutako ‘Euskal arrantzaleak Ternuan’ ikus-entzunezkoak eta Hernaniko Ozenki abesbatzak eskainitako emanaldiak izan zuten arrakastarik beroena. Xabier Mujika alkateak oso balorazio ona egin du Kultur astearen inguruan, “gustura geratu gara ekintzek izan duten erantzunarekin. Jende ugari gerturatu da parte hartzera, bai larrauldarrak eta baita eskualdeko herritarrak ere. Ekintza guztien artean, Ozenki abesbatzaren emanaldia oso ederra izan zen”.

Gaztaina eta talo jatea
Igande iluntzean, gaztaina eta talo jatearekin eman zioten amaiera Kultur asteari. Katillutxulo elkartean nahiz atarian herritar ugari bildu zen lanera nahiz dastaketara. Herritar gazte nahiz helduagoak elkarlanean aritu ziren eta kanpoko hotzari aurre eginez, giro goxoa nagusitu zen. Beste hainbeste lagunekin batera Josefa Otermin, Matilde Arruti, Benita Gaztañaga, Mari Karmen Elosegi eta Maria Jesus Treku aritu ziren artirinarekin taloak egin eta erretzen. Emakume larrauldarrek, kanpotik Larraulera bizitzera etorri diren emakume gazteagoei taloak nola egin irakatsi zieten elkarteko sukaldean eta haiekin batera aritu ziren lanean. Josefak nahiz Maria Jesusek talo ona egiteko sekretua irina ona izatean dagoela adierazi zuten. “Ondo zanpatu behar da masa; fin samarra izan behar du taloak, lodia baldarra geratzen baita”, zehaztu zuen Josefak. Benitarentzat irinak bezainbesteko garrantzia du masa ondo egiteak, ondo zabaltzeak eta baita ondo erretzeak ere. Aipatu emakume larrauldarren artean ikasi zuen taloak egiten Iñaki Usandizaga herritarrak ere eta hantxe aritu zen lanean igande iluntzean, “masak ondo egina egon behar du: ez oso gogorra eta ezta oso biguna ere. Ura tamainan bota behar zaio eta oso garrantzitsua da masarekin bola itxiak egitea, erretzerakoan zabaldu egiten baitira bestela”.

Argazki aukeraketa
Kultur astearen baitan, Udalak Gabonetan etxez etxe banatuko duen egutegirako argazkien aukeraketa egin zen museoan. Proiekzio bidez aurkeztu zituzten larrauldarrek urtean zehar eginiko argazkiak eta herritarrek boto bidez aukeratu zituzten 2011 urteko egutegiko irudiak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!