Sahararekin elkartasuna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 1a, 14:42

Andoaingo Hurria Sahara elkarteko Miren Erkizia eta Tere Otamendi, Tolosako Gregorio Eizagirre eta Rachid Salemek Aaiungo gatazkaren inguruko xehetasunak eman dizkiote Aiurri-ri. Rachid gaztea Marokok okupatutako lurraldeetan bizi izan zen ihes egin zuen arte. Tolosan bizi da orain.



Jakin al liteke zer gertatu den Aaiunen?
Rachid Salem: Marokoarrak ez direla aldarrikatzeko, sahararrek mugimendu baketsua antolatu zuten Aaiunen eta beste zenbait tokitan. Hori ikusita, marokoarrek Aaiungoa ez beste kanpamendu guztiak antolatzen ere ez zituzten utzi. Aaiungoan, azkenik, indarrez sartu ziren, eta ondorioz, sarraskia gertatu zen. Soilik 11 polizia hil direla dio bertsio ofizialak, baina gezurra da hori. Egunero ari zaizkigu iristen hildakoen, atxilotuen eta desagertuen berriak. Oraindik etxeetan sartzen ari dira, eta batez ere gazteak atxilotzera joaten dira. Bertako sahararrak beldurrez akabatzen daude, ez dira ausartzen etxetik ateratzera ezta kanpoko familiarrekin harremanetan jartzera ere. Are gehiago, bertako marokoarrek gobernuaren baimena dute sahararrak jipoitzeko, lapurtzeko…   

Blokeo ofiziala gaindituta, informaziorik iristen ari al zaizue?
R.S.: Egia da informazio guztia eten dutela Marokoko agintariek, inork ezin duela sartu zer gertatu den jakiteko. Hala ere, poliziaren indarkeria erakusten duten bideo eta argazkiak lortu ahal izan dira. Adibidez, poemariosaharalibre.blogspot.com helbidean ikusi daitezke agiri asko.

Zer eskatzen ari zarete oraintxe?
R.S.: Nazioarteko komunitateak lagun diezaiola zapalduta jarraitzen duen komunitateari; zer jatekorik ez dute, zaurituek ez dute zainketarako eskubiderik…
Gainera, begirale inpartzialak bidali beharko lirateke, zer gertatu den eta gertatzen ari den ikusteko.

Nazioarteko komunitateak emandako erantzunaz, zer diozue?
Miren Erkizia: Penagarria da, Espainiarena batez ere. Hau guztiaren erantzukizuna dauka, orain 35 urte bazterrean utzi zuelako Sahara. Negozioen truk hartu zuen jarrera hori, eta interes berberak direla medio babesten jarraitzen du Maroko. Egun hauetan hildako askok Espainiako nortasun agiria zeukaten, baina zertarako balio izan die?

Zuen lana nondik bideratuko da aurrerantzean?
M:E.: Herritarrek ondo dakiten moduan, Gabonetan elikagaien karabanaren aldeko kanpaina jartzen dugu abian. Bada, egunotan Fronte Polisarioaren idatzia jaso dugu, esanez larrialdiko egoera bizi dutela, eta oraintxe, elkartasunaren arloan, giza eskubideen urraketa salatzeak daukala lehentasuna. Hortaz, euskal karabana atzeratu egingo da; otsailean beharrean, geroxeago aterako da. Hori bai, herritarrei eta Udalari urtero bezala laguntzen jarrai dezaten eta protesta ekitaldietan parte har dezaten eskatzen diegu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!