Postontzia: "Beste harrobi bat gehiago Andoainen?"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 1a, 14:41

Beste harrobi bat gehiago Andoainen? Ez da posible. Aurtengo urtarrilaren 28an onarturiko Andoaingo hiri antolamendu plan orokorrean Azpikolako ingurunea berreskuratze gune bezala onartu zen eta dagoeneko Udalak onarturikoa ere ez du betetzeko asmorik, gaur egun proposatzen dutena erabat aurkakoa delarik. Udalaren noraeza nabaria da, eta beraien erabakietan koherentzia falta agerikoa da, AHTak Udalaren aurreikuspenak baldintzatzen baititu.
Jende ugari egongo da seguru aski harrobi berri baten aurka, Buruntzakoak mendia nola uzten ari diren ikusita. Baina zertarako beste harrobi bat?
Bultzatzaileek oso garbi dute, harrobi berri honetatik ateratako harriak, AHT eta Superportua eraikitzeko erabiliko lirateke. Aspaldidanik ari gara esaten, AHTaren eraikuntzak, biadukto erraldoiak eta inguruko mendiak zulatzeaz gain, zabortegi eta harrobi berrien irekiera ekarriko lukeela, gaur egungoekin soilik nahikoa ez baitute. Honela bada, ez badugu harrobirik nahi, nahitaezkoa da azpiegitura erraldoi hauei, hala nola, AHT, Supersur, superportu, errauskailu etabarrei ezezko borobila ematea.
Bestetik, harrobi berriaren aurka eta AHTaren alde daudenek, nondik lortu nahi dute porlana, beraien inguruan harrobi gehiagorik ez badute nahi? Akaso herrialde azpigaratuetatik ekartzea pentsatzen dute, hau da, pobreek ordaindu dezatela mundu aberatsekoek beraien inguruetan nahi ez dutena?
Desarroilismo burugabe honi aurre egin beharra dago, gure ingurunea betirako itxuraldatzen ari gara, gure ondorengoek jasoko duten ingurunea gu guztion ardura da. Amalurra babestu beharra dugu, erokeria hauen aurkako jarrera argi utziz. Ez dugu harrobirik nahi, ezta ere berauen existentzia bultzatzen dituzten, AHT, superportua, etab.
Oraindik garaiz gaude, erokeria honekin bukatzeko, guztion artean geldituko dugu. Ez hemen eta ez inon!

Andoaingo AHT Gelditu! Elkarlana
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!