Andoaingo Domina herri omenaldi bilakatu zen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko abe. 1a, 14:41

“Hemen duzu, zuretzat, Andoaingo Domiña Andoaingo herriaren on beharrez, zintzotasunez, leialtasunez eta jatortasunez lan egindakoentzat egiña”, Estanis Amutxastegi Alkateak esaldi horrekin Jose Mari Olazabalen omenez aldarrikapena egin zuen. Une gogoangarri askoren artean, hura izan zen Udal batzarraldi aretoan bizi izandako hunkigarrienetakoa.

Ekitaldi Instituzionala
2010.XI.27.


Udalak deialdia hamabiak laurden gutxirako egin zuen, Udalaren osoko batzarraldia hamabietan hasteko. Ordurako ehunka ziren udaletxera bildu zen herritarrak. Ez zegoen tokirik guztientzat. Goiko aretoan familikoak eta ingurukoak bildu ziren, adineko pertsona asko. Goian sartu ezinik geratu ziren herritar ugari arkupeetan geratu zen omenaldi-ekitaldia jarraitzeko jarri zen pantaila handian ekitaldi osoa ikusten. Hamar minutu falta ziren hamabietako kanpaiak jotzeko Jose Mari Olazabal iritsi zenean, Irene emazteak lagunduta. Udaletxearen atarian Udalbatzak ongi etorria egin zion, eta Urki dantza taldeko dantzariek Gipuzkoako Ezpatadantzaz agurra egin zioten. Dantzarien agurrak asko hunkitu zuen Jose Mari. Udaletxearen ataritik Udal batzarraldi aretorainoko bidea jendez inguraturik eta txalo artean egin zuen. Ordurako, esan bezala, jendetza bilduta zegoen. Txalo artean hartu zuten goian ere. Bertan On Jose Maria Setien Gipuzkoako gotzain oiharekin aurrez aurre topo egin zuen. Berea izan zen lehen agurra.
Berehala, Olazabal eta emaztea besaulki banatan eseri zituzten omenaldi-ekitaldiari hasiera emateko. Alberto Agirre abesbatza ordurako hasita zegoen Agurra abesten, lau ahotsetan. Hain polita izan zen, protagonista nagusia emozioari eutsi ezinik negarrez hasi zela. Emoziozko malkoak nagusitu ziren bertaratutako askoren begietan ere. Oro har, esan daiteke, negar ugariko eguna izan zela.
Estanis Amutxastegi alkateak hasiera eman zion Osoko Udal batzarraldiari. Batzarraldian zehar Jose Luis Vela merezimendu espedientea osatu duen instruktoreak hitz egin zuen. Eta berarekin batera Mari Jose Izagirre zinegotzi jeltzaleak. Batek gaztaniaz egin zuen eta besteak euskaraz. Jose Mari Olazabalen merezimendu guztiak banan bana azaldu eta gero, Olazabali Andoaingo Domina emateko proposamena egin zioten Osoko Udalbatzari.
Proposamen hori bozkatzeko txanda iritsi zenean, Udal korporaziokideek aho batez onartu zuten proposamena. Eta jarraian, Udal Bandako txistulariek Alkate soinua jotzen zuten bitartean, alkatea jendearengana hurbildu eta bertatik hitz batzuk eskaini zizkion Olazabali. Domina emateko erabakia korporazio honek edo aurreko beste edozein korporaziok har zezakeela adierazi zuen, herritar guztien ahotan dagoelako Jose Mari Olazabalek egin duen lana. Domina emazteari eskaini zion ere, Jose Mariren euskarria izan delako. Hein handi batean, bientzako domina zen. Alkateak gaineratu zuen bazekiela Olazabalek urteetan egindako lana ez dela indibiduala izan, baizik eta taldeari dagokiola. Baina talde lan horretan inor nabarmendu bada Jose Mari bera izan dela.
Aldarrikapenaren ondoren, alkateak Gotzon Etxeberriak diseinaturiko domina jantzi zion Jose Mari Olazabali. Dominarekin batera Udal erabakiaren agiria eman zion.
Alkateak hitz egin ondoren Jose Mari Olazabalek hartu zuen hitza. Ordura arte, bizi izandako uneak oso hunkigarriak izan ziren. Familiako kide asko negarrez, baita ikusleak ere; oro har, asko ziren hunkituta zeudenak. Domina jantzita, omenduak hitz egiteko aukera eskerrak emateko eta aldarrikapena egiteko baliatu zuen. Bi hitzetan zehaztu zuen zergatik egin behar izan duen lan hori guztia 60 urtez.
Batetik, berari bizitzea tokatu zitzaion Andoain herria oso pobrea zelako. Eta jendea oso pobrea zenez, beharrak handiak zirelako. Baten batek lan egin behar zuela adierazi zuen. Bestetik, 16 urterekin izan zuen krisia gogora ekarri zuen. Ordura arteko lagun guztiekin oso gustura zebilen, baina herrian bizitzeko bere kontzientziak zerbait gehiago egitea agintzen zion. Iñaki Arregi koinatuaren bitartez, ekitaldian aipatu zuen bezala, JOC mugimenduan parte hartzen hasi zen. Mugimendu horren bitartez gazte garaian, eta ondoren Caritasen bitartez, hurkoari laguntzeko ekimena bideratu zuen. Lagun hurkoari laguntzea izan da bere ibilbide osoan nabarmendu dena.
Domina ez dela berea bakarrik, baizik eta belaunaldiko beste kideena ere bazela adierazi zuen. Eta omenaldia soilik horrela ulertzen bazen, Domina jasotzeko prest zegoela gaineratu zuen.
Txalo zaparrada batekin amaitu zen ekitaldia. Halaber, ekitaldi instituzionala amaitu eta herritarren omenaldia hasi besterik ez zen egin. Izan ere, ordu eta erdiz, Jose Mari agurtu eta zoriontzera herritar asko eta asko batzarraldi aretora igo zen. Herritarrak, bere ekimen sindikalean ezagutu duten sindikalistak eta langileak, Caritasen ezagutu dutenak..., asko eta asko izan ziren omenaldian parte hartu zutenak.

Andoaingo Domina
Andoaingo Udalak duen goraipamenik handienetakoa da. 2010eko azaroaren 27an Jose Mari Olazabalek jaso zuen goraipamen hori.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!