Leyçaur Andoaingo Ikerketa Historikoen Aldizkaria, Durangoko Azokan eskuragarri izango da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 29a, 11:10

Udalak bere Udal Artxibategiaren bitartez argitaratzen duen LEYÇAUR aldizkaria abenduaren 4tik 8ra bitartean ospatuko den Durangoko Azokan izango da.

Tokiko historian espezializatua dagoen aldizkaria bi urtetik bi urtera argitaratzen da; horrela, bildumak jadanik hamabi zenbaki ditu, 0tik 11ra –bada bigarrenez berreditatu den aleren bat-. Joan den azaroaren 4an aurkeztu zen 11. zenbakia, sei ikerketa lanez osatutakoa. Edizio honetan argitaratu diren lanak hauek dira: Saoioa Artiach Camachoren “Errentamendu kontratua Andoaingo historian (XVI-XIX. mendeetan)”; Pedro Berriochoa Azcarateren “Nekazaritza mundua XIX-XXko mende aldaketan”; Ezequiel Collantes Gabellaren “Eraikin-multzo industrial baten birmoldaketa: Laborde hermanosetik Martín Ugalde Kultur Parkera”; Peio Urrutia Ochoaren “Doce mil tres: apuntes para el final de una década: Andoain 1966-1970”, Xabier Lasa Bergararen “Oroimenaz mintzatzen diren kale bazter eta natur zokoak” eta Jose Manuel Etxaniz Makazagaren “Andoaingo Albitari eta Albaitariak (1781-1983)”.

LEYÇAURrek 1990. urtean ekin zion bere ibilbideari, Andoaingo sorreraren 375. urtemugaren ospakizunen baitan, eta geroztik 64 lan, euskaraz zein gaztelaniaz, argitaratu dira. Historiako aro guztiak eta historiaurrea ere ikertu ditu, eta beste zenbait diziplina erabili ere: toponimia, biografiak, genealogia, zuzenbidea, arkitektura, albaitaritza,... Gainera, iturrien hustuketak, historia orokorrak, monografiak,... argitaratu dira.

Partaidetza zabala izan du LEYÇAURrek. 55 autorek ikertu eta argitaratu dituzte beraien lanak  LEYÇAURren, horietatik 20 andoaindarrak.

Gure argitalpena Gipuzkoako Foru Aldundiak Durangoko Azokan jartzen duen standean egongo da, eta oso garrantzitsua da guretzat LEYÇAUR aldizkariak presentzia izatea hemengo liburu azokarik garrantzitsuenean.
 
                 
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!