Jose Mari Olazabal andoaindarrak urte luzez gizarte mailako laguntza eman zion premian zen edonori. Orain gutxi arte ere behar gorrian zeudenen alde lan eta lan aritu da, Cáritas-en eskutik. Herrigintza mailan Olazabal XX. mendeko bigarren erdialdeko erreferentzia nagusietakoa da. Larunbat eguerdian Udalaren omenaldia jasoko du, Andoaingo belaunaldi askorena bide batez.
Andoaindar peto-petoak, gainera, badaki Jose Mari Olazabalek ertz ugari dituela. Herrigintzan eta kirol jardunean ezinbesteko erreferentzia ere badelako. Hori guztia eta gehiago nabarmenduko dute larunbat honetan Andoaingo udaletxean egingo dioten omenaldian. Andoaingo Domina eskuratuko du Udalaren eskutik. Inplizituki itsatsita doa domina horretan atzoko nahiz gaurko herritar askoren esker ona.