Andoaingo Hurria-Sahara elkartea: “Gera dezagun Saharako genozidioa”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 24a, 20:55

Andoaingo Hurria Sahara elkarteak herri sahararraren autodeterminaziorako eskubidearen alde kontzentratzeko deialdia egin du, ostegun honetan, azaroak 25, iluntzeko 19:30etatik aurrera Zumea plazan.

Hurria-Sahara elkartea bezalaxe, Andoaingo eta Urnietako Udala Saharako herriaren alde agertu dira.

Andoaingo Hurria Sahara elkarteak herri sahararraren autodeterminaziorako eskubidearen alde kontzentratzeko deialdia egin du, ostegun honetan, azaroak 25, iluntzeko 19:30etatik aurrera Zumea plazan.
Prentsa oharrean zera dio Andoaingo elkarteak, “jakin badakigu Marokoko gobernua biztanleria zibilaren gisa eskubideak urratzen ari dela. Lehendabizi, Gdeim Izik-eko kanpamendua desmantelatu zuten, hainbat hildakorekin. Ondoren, mugak ixten joan ziren, genozidioaren berri eman dezakeen inori ateak itxiz. Eraso horren ondoren, babesik ez duen herria errepresio gogorra bizitzen ari da.
Legea eta arrazoia herriaren alde dago, baina indarra Marokoko gobernuak du, eta oraingo honetan aliatu leiala aurkitu du Espainiako Gobernuan. Sarraski hau gaitzesteko garaian beste alde batera begiratzeaz gain, harrokeriaz dio gobernu genozida horrekiko harremanak lehentasunezkoak direla eta, hortaz, ez dutela gaitzespenik egingo, militar marokoarrek Saharako herritar babesgabeen aurka su eta gar ari badira ere.
Hori dela eta, Andoaingo herriari deia egiten diogu, kontzentrazioan parte har dezaten, Marokoko gobernuaren sarraskia salatzeko, Espainiako gobernuaren lotsagabekeria eta moral zuria salatzeko, eta NBEko gobernuak nazioarteko erkidegoak gaitzespen komunikatu bat igortzea eta behingoz aspalditik exijitzen duten autodeterminaziorako eskubidea gauzatzea saihesteko egiten ari diren ahaleginak salatzeko.
Irtenbidea = Autodeterminazioa”.
Sahara herriarekiko atxikimendua erabatekoa izaten ari da eskualdeko hainbat elkarte eta instituzioei dagokionez.
Andoaingo Udala
Azken Udal batzarraldian alderdi politiko guztiek bere egin zuten Hurria elkartearen mozioa. Proposamena, beraz, Udal deklarazio bilakatu zen. Idatzi hartan marokoar indar armatuek hildako gaztea gaitzetsi zuten. Azken gertakarien harira, egun hauetan udaletxeko balkoitik Saharako ikurriña handia eskegita dago.
URNIETAKO Udala
Udaleko bozeramaileen batzordeak, ahobatez erabaki zuen Eusko Legebiltzarrak Herri Saharauiarraren inguruan erabakitako idatzia onetsi eta bere egitea, eta Urnietako herritarrei Sahararen aldeko ekitaldietan parte hartu eta eta bere solidaritatea erakustera dei egin zieten.
Eusko Jaurlaritzak egin bezala, Urnietako Udalak ere kondenatu egiten ditu Marokoko Gobernuak saharar populazioaren kontra egindako indarkeria-ekintzak, eta elkartasuna eta babesa adierazten die sahararrei.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!