Marizulo ikuskizunean protagonistetako bat izan zinen, oraingoan ere bai. Non sentitzen zara gusturago?
Amaia Martin: Lan ezberdinak dira. Agian erlaxatuago sentitzen naiz oraingoan, Marizulo egin ondoren badakizulako gutxi gora-behera gauzak nola doazen. Oraingoan denbora gutxiago izan dugu antzerkia prestatzeko eta testua ere askoz azkarrago ikasi dut.
Bi obrak asko gustatu zaizkit, baina batekin geratzekotan Urnieta´59rekin gelditzen naiz, historia oso erakargarria delako, errealitate handikoa.
Marizulotik honako bi urte hauetan antzerkiari dagokionez, zerbait egin al duzu?
A.M.: Antzerkiari dagokionez ez, baina ahots bikoizketa talde batean ibili naiz. Ez da gauza bera, baina hitz egiterakoan egin behar diren geldiuneak edota tonuaren gorabeherak noiz egin behar diren jakiteko laguntzen du, metodo hauek ere antzerkian erabiltzen dira.
Urnieta´59 ikuskizunean Edurne izango zara, nolakoa da Edurne?
A.M.: Edurne gaur egungo neska pasota, bromazalea, jatorra, alaia, berritsua eta bere aiton amonenganako maitasun ikaragarria sentitzen duen gaztea da. Gidoia irakurri nuenean, Edurne eta ni zeharo desberdinak ginela pentsatu nuen, eta oraingoan Marizulon baino gehiago kostatuko zitzaidala ere pentsatu nuen. Baina, denbora pasa ahala, pertsonaian sartzen eta sartzen joaten zara, ia konturatu gabe Edurne edo Amaia zaren, eta behin pertsonaiaren munduan sartutakoan asko disfrutatzen duzu.
Zer moduz joan dira orain arteko entsegu lanak?
A.M.: Oso ondo doaz, talde lan handi eta polita egiten ari gara. Urnietan soilik bistaz ezagutzen nuen jendea ezagutu eta harremana sendotzeko ere baliagarria da. Era berean, aipatu behar da adin guztietako jendea ari dela lanean eta bakoitzak gauza ezberdinak eskaintzen dituela. Aurrerago, beste horrelako lanen bat egiten baldin bada, gazteak parte hartzera animatuko nituzke, oso ondo pasatzen baitugu.
Jendaurreko emanaldietan urduri egoten al zara?
A.M.: Normalean, urduri ez, oso urduri egoten naiz, hori dela eta etxean “valeriana” hartzen dut eta tripa beteta eramaten saiatzen naiz, horrek asko laguntzen du, (barrez). Hala ere, emanaldi aurretik taldean egiten dugun erlaxazio lanak erruz laguntzen du.