Urnieta´59 ikuskizuna, Luis Mari Zaldua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 24a, 20:52

Luis Mari Zaldua Etxabe, Urnietako historian aditua eta Marizulo ikuskizunean bezala, Urnieta´59 ikuskizun berriko eragile nagusienetakoa da. Aste honetako alean hasita, ikuskizunaren nondik norakoak lekatzen joango da Aiurriren irakurleentzako. Gaurkoan, besteak beste, ikuskizunak jorratzen duen garaiak Urnietaren historia hurbilean izandako garrantziaz jardungo da.

Marizuloren ondoren, zergatik beste ikuskizun bat?
Luis Mari Zaldua: Lan dinamika honen hazia Txanbolin Txistulari Bandak jarri zuen, baina beraiek erein zuten hazi hark landare bat eman du. Beraz, gaur egun ezin dugu hitz egin pertsona jakin batzuez, baizik eta horren ondorioz sortu den taldeaz. Orain ere talde bat gara eta denok egiten ditugu gure ekarpen txikiak. Eta beste emanaldia gauzatzea erabaki da taldeak hori nahi zuelako, eta hori berez arrazoi indartsua da. Marizulo bukatu ostean taldeko norbaitekin topo egin orduko ahotan izaten zen ikuskizun berri bat prestatzeko nahia. Aipatu behar da, baita ere, urnietarrek sekulako erantzuna eman ziotela talde honek egindako proposamenari, eta neu behintzat, zorretan sentitzen nintzela. Bigarren emanaldi bat egiteak arrisku punttu bat ere badu,  baina arrisku hau talde baten partaide sentitzen garelako hartzen dugu.

Zergatik Urnieta´59 izenburua?
L.M.Z.: Marizulon kontatzen zen historia gerra zibilaren aurretik bukatu zen. 36ko Gerraren gaia konplexua eta aldi berean aberatsa ere bada, eta hori ere beste batean edo beste batzuek ukitu beharko dute noizbait. Kontua da, gerra alde batera utziz gero, gerra ostean sartzen garela. Eta zergatik 1959. urtea? Aldaketa baten hasierako erreferentzia eta aro baten bukaeraren mugarria ere badelako Urnietan. Urte horretako gertaera nagusi bat izan zen, Zilegi Mendien salmenta, eta hori, berez garrantzitsua bada ere, ordu arte nekazaritzatik eta abeltzaintzatik  bizi zen Urnietaren gainbeheraren hasierarekin ere lotu genezake. Mundua ere aldatzen ari zen. 1959an Frankok Erorien Harana (Valle de los Caidos) inauguratu zuen, horrekin gerra ostea bukatu zela irudikatuz; Vaticanako II. Kontzilioa ere berehala egin zen, eta Urnietako hainbat gertakizunek zerikusi zuzena dute munduko gertakizun horiekin.

Zer garrantzi du Urnietako historian ikuskizunak jorratzen duen 1959-1975 garai horrek?
L.M.Z.: XX. mendeko historia eta gaur egungo Urnieta ulertzeko garrantzitsua da garai hura. Aldaketa ekonomikoak izan ziren, eta horrek berarekin ekartzen dituen gizarte mailako aldaketak; baita ere, kultura eta hezkuntza mailako aldaketa sakonak. Orduan hasi zen Espainiatik jendea etortzen, eta  enpresa edo lantegiak sortzen, Vegasa eta abar. Herriko hirigintza goitik behera aldatu zen, Urraka bezalako auzo berriak sortuz eta herria aldaketa sakon baten aurrean jarriaz. Aldaketa horien artean aipatzekoak dira, Urnietako herrigintza definitu duten hainbat gauza, esaterako, ikastolaren sorrera, eta ondorioz, euskara ikasteko eta irakasteko aukera izana; gaur egungo gure hizkuntzaren egoera ulertzekotan horra jo beharra dago. Vaticanoko II. Kontzilioa, eta ondorioz elizaren jokaera euskarekiko; elizak Egaperen proiektuari eman zion babesa, eta elizarena zen “Zentroa”ren inguruan sortu zen kultur mugimendua dira horren adibide. Antzerkigintzan ere Egi Billa eta Buruntzazpi taldeek hizkuntza lantzeari eta parte hartzeari dagokionez lan bikaina egin zuten. Musikaren inguruan ere aipatu behar da Ez Dok Amairuk egin zuen ekarpenean urnietarrak bazirela tartean. Gauza pintoreskoak ere gertatu ziren, hala nola, Lasarteko zirkuituan egindako Munduko Txirrindulari Txapelketa, horrek ere Urnietan izan baitzuen bere eragina.
[JARRAITUKO DU]
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!