Aurreko ostegunean Martin Ugalde kultur parkean haurrei zuzenduriko Irrien Lagunak Kluba ekimena aurkeztu zuten. Horren bitartez haurrei zuzenduriko hilabetekaria sortu dute eta harpidedun egiten denak abantaila ugari izango dituela jakinarazi zuten. www.irrienlagunak.com webgunean ekimenaren inguruko informazio gehiago eskuratu daiteke.
Bestalde, Durangoko Azokaren atarian, pailazoek “Ongi etorri Pupu eta Lore” izeneko lan berria aurkeztu dute. 19 kantu eta ipuintxo biltzen dituen lana da, ohi bezala, kalitate handiko formatuan argitaratua. Pailazoak eta hainbat lagun arduratu dira abestien hitzak eta istorioak osatzeaz. Diskoa Andoaingo Garate estudioetan egin dute eta musikarien artean, Ion Oiartzun “Jomes” andoaindarra aritu da gitarra jotzen. Lan berriarekin ikuskizun berria taularatzeari ekin diote.