Korrikalari herrikoia definitu beharko bagenu, Idoia Esnaola (Urnieta, 1969) aipatzea litzateke egokiena. Inguruan diren ahalik eta herri lasterketa gehienetan parte hartzen saiatzen da; hori bai, ordularirik ez du eramaten eskumuturrean, eta denbora ona egitera ez baizik eta egunaz gozatzeko asmoz joaten da horietara.
Ez dakit zenbagarrena izango garen galdera berbera egiten, baina, zer moduz Behobia-Donostian? IDOIA ESNAOLA. Egia esan, ez dit ilusio handiegirik egiten lasterketa horrek; haserre jartzen nau. Zazpi mila korrikalari Gipuzkoakoak omen ginen… Gero, baina, non dira horietako asko eta asko, urte osoan herriz herri makina bat lasterketa ospatzen direnean? Nik, behintzat, ez ditut ikusten. Egokia izan liteke lehengo batean lagun batek bota zuen galdera: Behobiatik Donostia bitarte errepidean publikorik ez balego, zenbat korrikalari aterako lirateke?
Hala ere, parte hartu zenuen… I.E. Bai, eta bi ordutik gora egin nuen. Egia esan, orain gutxi lasterka egiten hasia den Madrilgo lagun bati laguntzekotan irten nintzen. Bizkarzorroa eraman nuen eta honen barruan argazki kamera nuen, menbrilloa eta platanoez gain… Argazkiak atera eta atera aritu nintzen bidean.
Zenbat lasterketetan hartzen duzu parte urtean zehar? I.E. Ez ditut zenbatzen, baina astebururo ibiltzen naiz. Batzuetan bi eta hiru lasterketa ere egiten ditut asteburu berean; arratsalde berean bi lasterketetan ere parte hartu izan dut; Donostia era Errenteriako San Silbestreetan, adibidez, Eva ahizparekin batera izan zen hura. Etxetik gertukoenak izaten saiatzen naiz, aurrekontuak ez didalako gehiagorako uzten. Hala ere, ez zait batere kostatzen autoa hartu, eta bakar-bakarrik, estatuko edozein lekutara joatea maratoi bat egitera.
Kilometroak barra-barra egingo dituzu urtean zehar, hortaz… I.E. Donostiarra elkarteko bazkidea naiz, eta bertako herri korrikalarientzat sari bat jartzen da, nork kilometro gehiago egin urtea bukatzerako.600 kilometro edo puntu dauzkat dagoeneko, nire atzetik Eva ahizpa dator, 300 puntuz. Beteranoen Espainiako maratoia irabazita dauka, baina kilometrotan kostako zaio ni harrapatzea.
Nondik datorkizu hainbesteko grina lasterketekiko? I.E. Gozatu egiten dut lasterketetan, entrenamenduetan ez bezala. Bost axola niri karrera bat ordu eta erdian edo bi ordutan egitea! Argazkilari batek edo bestek esan izan didate ni naizela irribarrea ezpainetan daraman korrikalari bakarrenetakoa. Korrikalari asko amorruz itzultzen dira etxera, buruan zuten denbora ez dutelako berdindu edo jaitsi. Nik ez daukat horrelako arazorik. Gainera, lasterketek lagunak egiteko eta leku berriak, auzoak, mendi parajeak…, ezagutzeko aukera ematen dizute.
Mendi lasterketetarako jauzia ere egina duzu… I.E. Bai eta zenbat eta luzeagoak, hobe nire gogorako. Aurten Ehunmilak ultra trail lasterketa ere probatu dut. Mont Blancekoa egingo nuke, baina honekin konformatu beharko!
Eta zer moduzko bizipena izan zenuen Ehunmilak proban? I.E. Bukatzea zen nire asmo bakarra; mendi lasterketetan zein ibilaldietan ibiltzera ohituta nago, eta nire erritmorako egingarria izan zitekeela pentsatu nuen. Hiru trialtoi ere egin nituen prestaketa gisa; nire burua egoera gogorretarako egokitu nahi nuen, igeriketan batez ere makal samar ibiltzen naizelako. Proban zehar, gustura ibili nintzen lehen egunean, nahiz eta gauez itsu-mutsuan ibili ia, lainoa, euria eta lokatza zirela eta. Nolanahi ere, bigarren eguna iritsi zen, eta ni Tolosatik Amezketarako bidean azkena joan arren eurek jarritako epean barruan nindoan, bukatzeko asmoz. Amezketara iristerakoan, 95. kilometroan, ordea, hara ezustekoa: Bermeoko lagun batzuk eta ni neutralizatu egin gintuzten, giro txarra omen zela eta! A ze amorrua guztiona! Hurrengo egunetan Bermeokoek antolatzaileak ederki larrutu zituzten foroetan…
Minik hartzeko beldurrik ez al duzu hainbeste lehiatuz gero? I.E. Inondik ere ez; apenas izan dudan lesio seriorik inoiz. Uste dut hori horrela dela nire helburuetan ez delako sartzen markarik haustea. Gorputza eta burua ez ditut erabat behartzen edo presionatzen, eta hori izan liteke nire sekretua.
CD Hernani atletismo taldeko kide zara. Zein funtzio betetzen duzu bertan? I.E. Migel Angel Garin atleta beteranoak darama taldea; bera da zuzendaria, administraria, entrenatzailea… Ni berari laguntzera etortzen naiz; haurrekin jarduten dut, asteartetan eta asteburuetan lehiaketak direnean. Orain gutxi Garinek ardurak uztera doala iragarri du, klubean 25 urte egin eta gero. Bera ordezkatuko duenik ez dago, eta beraz, laguntzera etortzen garen hiru edo lauren artean saiatu beharko gara kluba nola edo hala aurrera eramaten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!