Urak zeresana ematen du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 24a, 20:45

Iñigo Elosegi Gipuzkoako Urak, S.A.ko zuzendari gerenteak Aiurri astekarian (256. zenbakia, 2010eko azaroaren 12a) egindako adierazpenak hautsak harrotu ditu Andoain herrian.
Elkarrizketari erantzunez bi gutun iritsi dira Aiurriko erredakziora, bertan irakur daitezkeenak. Urak, oraindik orain, zeresana ematen jarraitzen du Andoainen.

Eugenio Ariztimuño Amas
Andoaingo Udaleko Lan eta Zerbitzuen arduraduna:

Azaroaren 12an Aiurri astekariak Iñigo Elosegi Gipuzkoako Urak, S.A.ko zuzendari gerenteari eginiko elkarrizketa argitaratu zuen, Ibiur urtegiko ura Andoaingo Baltzuketa ur biltegira (eta, ondoren, herritarrengana) iritsi denetik sortutako egoera dela-eta. Elkarrizketa horretan Iñigo Elosegik baieztapen faltsuak egiten ditu eta horiek argitzea beharrezko dela deritzot, herritarrari egia iristarazteko eta, baita, Andoaingo Udaleko Ur Zerbitzuaren langileen profesionaltasuna eta zeregin ona aldarrikatzeko.

1. Iñigo Elosegik dio, “Ibiurko ura sartu arte, Andoainen edaten zen ura ez zen edangarria”. Uraren edangarritasuna, edo orain esaten den moduan, ura edateko egokia edo desegokia den definitzea kontrolen arabera erabakitzen da. Uraren kalitatearen eta ur biltegien zainketa erakundeen ardurapean burutzen da. Andoainen zainketa eta kontrol lan hori Gipuzkoako Urak S.A.ri eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Lansailaren Goierri-Tolosako zentruari dagokie.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Lansailak 2005eko urtarriletik 2010eko irailera bitarte hiru aldiz adierazi du Andoaingo ura ez dela edangarria. Eta, ondorioz, Andoainen ura ez zela edangarria erabaki zuten 2006ko uztailean, 2009ko azaroan eta 2010eko ekainean. Beraz, Ibiurko ura iritsi bitarte Andoainen edaten zen ura ez zela edangarria adieraztea guztiz faltsua eta larria da. Bereziki, adierazpen hori Andoaingo herritarrei ur edangarria eta osasuntsua iristarazteko erakundeetako baten zuzendari gerentearen ahotik atera baldin bada.

2. Irailaren 3an Baltzuketako biltegira bideratzen ziren herriko ur kaptazioak ixteko agindua eman zidaten, eta ez Iñigo Elosegik dioen “iraileko bigarren astean”. Une horretatik aurrera Udal biltegira iristen den ur bakarra Ibiurko urtegitik dator.

3. Elkarrizketa irakurrita, Gipuzkoako Urak S.A.k erakunde modura Ibiurko urtegiko ura Andoaingo herriari eramateagatik “mesede berezia” egiten diola pentsa daiteke. Eta, egia esan, horrelako zerbait aditzera ematen du Iñigo Elosegik elkarrizketaren amaieran, komentario modura ondokoa adierazten duenean, “gaur (azaroak 8, astelehena) pentsatzen aritu naiz Ibiurko ura egongo ez balitz, bota duen euritearekin, Andoaingo etxeetara iritsiko zen Leitzarango ura erabat lokaztuta iritsiko zatekeela. Ez zen edangarria izango. Ibiurko urarekin arazo hori gaindituta dago”.
Ba, eskerrak, Iñigo Elosegik adierazpen honekin askoz lasaiago uzten nau. Alabaina, beharrezko ikusten dut herritarra ere informatzea. Izan ere, Andoaingo etxeetan Ibiurko ura eskuratzea ez zaie andoaindarrei debalde atera zeren eta Andoaingo Udalak 1998 eta 2010 urteen artean, hau da, azken hamahiru urteetan, Ur Kontsortzioari 3.053.584 euro (508.073.687 pezeta) ordaindu baitizkio. Eta ez du deus jaso 2007ko ekaina bitarte, Baltzuketan eraikitako ur biltegi berria eraiki zen arte.

Andoainen uraren harira hainbat erabiltzailek egindako kexa kopurua ikusita,  Iñigo Elosegik ziurrenik presioa nabaritu du, eta larritasuna ere bai. Uler dezaket berak herritarra informatu nahi izatea eta Gipuzkoako Urak S.A.k gaur egun eskaintzen duen uraren kalitatearen inguruan segurtasuna helarazi nahi izatea. Baina horretarako, nire iritziz, sobera dago bentiladorea martxan jarri eta erantzukizuna besteengan banatzea. Erantzukizuna bakar bati dagokionean.

Ziurrenik, Ibiurko uraren inguruan gertatzen ari den guztia saihes zitekeen Ibiurko uraren banaketa Andoaingo erabiltzaileei emandako zerbitzu bat bezala bideratu izan balitz, eta aurretik informazioa eskaini izan balitz. Egiten ari zirenaz informazioa eskaini eta zein prozedura erabiliko zen zehazteko kanpaina bat bideratu, alegia, errentagarritasun ekonomikoaren irizpideak baztertuz.

Ez da ahaztu behar Ibiurko urtegiko urak eskaintzen duen %63a Andoain eta Tolosa herrietara bideratzen dela. Bi herri hauetan kontsumitutako uraren fakturazioa ezinbestekoa da uraren banaketa sistema iraunarazteko. Andoain herriak ezin zuen sistematik kanpo luzaro iraun eta hortik Ibiurko ura azkar batean Andoainera iristarazteko izan diren presak eta presioak.

_____



Andoaingo Eguzki
Talde ekologista:

Aiurri astekarian Gipuzkoako Urak S.A. ur konsortzioko zuzendari gerentea den Iñigo Elosegik egindako zenbait baieztapenek txundituta utzi gaitu.
Lehenik eta behin aipagarria da artikulua baieztapen larri batekin hasten dela: “Ibiurko ura sartu arte, Andoainen edaten zen ura ez zen edangarria”. Iritzi horrek berehalako erantzuna eragin behar zuen Udala osatzen duten alderdi guztien aldetik eta, bereziki, gobernukide diren PSE eta EB-ren aldetik. Izan ere, iraila bitartean edaten aritu garen ura edangarri ez zela esaten ari baita. Andoainen herritarrak zerbaiti buruz kexu izan bagara uraren kalitateagatik izan da, euri mordoxka egiten zuenean behintzat bai. Honen harira Udal ordezkariek argibideren bat eman beharko dutela iruditzen zaigu.

Kexuen aurrean erantzukizunei ihes eginaz
Argibideak argibide, uraren usaina eta zapore txarraren ardurarik ez dutela dio Elosegi jaunak, hoditeria dela arrrazoia argudiatuta. Eta hori hain zuzen Andoaingo Udalaren esku dago.  A zer kasualitatea, beraien esku ez dagoen puzzlearen pieza bakarra dela arazoaren errudun. Eguzki talde ekologistak uste du, hoditeriaz gain badaudela kontuan hartzen ez diren beste eragile batzuk.
Litekeena da andoaindarrak oso kexati agertzea, baina argi daukaguna da Tolosaldeko beste zenbait herritan ere egon direla kexak eta galderak.  Zehazki, eta elkarrizketan Tolosako ur garbiaren kudeaketa osoa beraien esku dagoela aipatzen duenez, ziur gara Tolosan ere jendea kexatu dela uraren zaporeaz. Elkarrizketan dionez “Tolosaldean, aldiz, lehen eta orain eskaintzen zen ur kalitatea ia berdina da”. Beraz, zapore ezberdin horren arrazoia beste nonbait bilatu beharko dugu, esaterako:
• Ibiurko uraren kare kopuru handiagoan (ondoren aipatuko dugu).
• Fluorazioaren eragina. Uste dugu, Ur Partzuergoko beste hainbat urtegitako ur hornidurarekin pasatzen den bezala, Ibiurkoa ere fluoratua egongo dela, horretaz ezer esan ez badute ere.

Kare kopurua
Ibiurko urak Leitzarango urarena baino kare handiagoa duen galdetzen zaionean berriz, “baliteke” batekin erantzuten du, horri garrantzi kenduz.
Bada, guk jakin dugunaren arabera, egun Ibiurtik jasotzen dugun urak kare kopurua gutxienez hirukoiztu egiten du. Beraz, Leitzarangoarekin alderatuta, aldea aintzat hartzekoa dela uste dugu. Elosegi jauna, daukazun ardura edukita ezin da erdizkako egiekin ibili.

Andoainen arretutako urarekin nahi baina gehiagotan izan ditugu arazoak, euri dezente edo/eta zaparrada handiak egiten zituenean. Edan ezinik, kolore iluna eta lur usaina hartzen zuen. Beraz, ondotxo dakigu andoaindarrok, urak edangarri izateko osasun ikuspegitik baldintza guztiak bete behar dituela baina baita usain eta zapore egokia eduki behar duela ere. Eta  Andoainen egun kanilan daukagun urak ez du zapore atsegina eta usaina dauka.
Iraganeko arazo horiek ez dira gertatu Leitzarango ura kalitate eskasekoa delako, baizik eta ur hornidurarako sarea mantendu eta hobetu ez delako, utzikeria hutsagatik.
Utzikeria horren pisuzko arrazoia ur hornikuntzara bideratutako diruaren gehiengoa azken 15-20 urtetan Ibiurren azpiegitura prestatzeko bideratu izana da.

Sakoneko eztabaida, Ibiurren premia
Gaiak azkenean sakoneko galdera bat dakar: Beharrezkoa al zen Ibiur urtegia? Guk garbi daukagu erantzuna: andoaindarron ikuspegitik, ez. Horrela esan genuen 90eko hamarkadan eta halaxe diogu orain. Kudeaketa egoki batekin, nahikoa ur lor dezakegu Leitzarandik. Horrela, ordea,  zailagoa izango litzateke urtegia bera eraikitzea. Eta behin eraikita, uraren pribatizaziorako bidea irekita dago.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!