Lehen Antzerkizale eguna, Amasa-Villabonan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 19a, 09:02

Uda hasieran sortu zen Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZE). Amasa-Villabonako Mintzola etxean biltzen dira egun. Elkartearen nahiz abian duten Antzerkizale egunaren berri azaldu du elkarteko idazkari Idoia Gereñuk.

2010eko ekainaren 5ean Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) batzar orokorra egin zuen Amasa-Villabonako Mintzola etxean. Elkartea ofizialduz egindako lehen ekitaldi publikoa izan  zen hura, nahiz eta hiru urte lehenago hasi ziren elkarteko kideak biltzen eta euren asmoak garatzen. Lehen gerturatzea Ikasiko topaketetan egin zuten eta gerora, urtero, topaketa horietan bere lekua izan du elkarteak. Joan zen ekainaren amaieran, talde ezberdinen parte hartzearekin, Bilboko Kafe Antzokian elkartearen aurkezpen jaialdia egin zuten. Idoia Gereñu idazkariak azaldu ditu ekainaz geroztik elkarteak emandako lehen pausoak, “uztailean Ikasiko topaketetan hartu genuen parte eta Esperientzixak izeneko ekimena ere burutu genuen. Bertan, antzerki munduan adituak diren Antton Luku, Eujenio Arozena, Joxe Anjel Irigaray eta Joxerra Fachadok euren esperientzia azaldu zuten. Izan ere antzerkigintzan jende asko ibiltzen den arren, bakoitzak bere lana egin izan du bere herrian eta bere txokoan. Elkartearen helburua, egin dutenen esperientzia jaso eta denon artean aurrera egitea da. Dudarik gabe, adituen hitzak oso garrantzitsuak dira aurrera egiteko”.

Zein behar ase nahian sortu duzue EHAZE?
Alde guztietan beharra ikusi delako sortu da EHAZE. Askotan esaten da antzerkia krisian dagoela eta gaur egun zer esanik ez. Nire ustez, ordea, ez dago krisian; antzerkia egin egiten baita. Egun haur askok egiten du antzerkia, talde amateur asko dago eta udaletxeek bultzatutako taldeak ere ugari dira. Antzerkia egiten den arren, ordea, bakoitzak bere txokoan egiten du eta ez da zabaltzen. Esaterako, urte osoa antzezlana prestatzen igaro ondoren, talde askok behin bakarrik antzezten du lana bere herrian. Zabalkunderik ez izateaz gain, oro har, herri batean egiten denaren berri ez du ondoko herrikoak jakiten. Indarrak bateratzea lortu nahi du EHAZEk. Denon artean bat osatu eta bultzada ematea.
EHAZEren irizpide nagusia euskaraz egindako antzerkia da eta horrek Euskal Herri osoa hartzen du bere baitan. Gure bi arauak antzerkia eta euskara dira. Ez daukagu muga fisikorik, azken batean hizkuntza litzateke gure muga bakarra.

Nork osatzen duzu EHAZEko zuzendaritza?
Kukubiltxo taldeko Josu Camara da elkarteko lehendakaria, Oskar Aranzabal diruzaina eta neroni idazkaria. Hogeita hamar urte pasatxoko esperientzia kontuan hartuta erabaki zen Josu Camara lehendakari izendatzea. Alderdi profesional nahiz amateurrak ezagutzen ditu eta egindako ibilbide luzearen ondorioz, badaki zertaz hitz egiten duen. Bestalde, elkarteko langile bakarra naiz oraingoz, baina beste hamabost bat kideren laguntza dut. Taldekideez gain, ordea, nahi duenak ahal duen eran elkarteari lagun diezaion gustatuko litzaiguke. Herritik eta herriarentzat sortutako elkartea izanik, edonoren iritzi edota asmoak ongi etorriak izango dira gure artera.

Elkarte zabala eta irekia osatu nahi izan duzue…
Elkartearen oinarri bazkideak dira eta sortu denetik, jende askok entzun du gure berri. Oraindik ez dugu bazkideak erakartzeko kanpaina handirik egin, baina bazkide asko daukagu dagoeneko. Antzerkiak elkartearen beharra sumatu du eta jendearengan interesa piztu du. Guk benetan nahi duguna jende hori guztia gugana gerturatzea da, guztion artean ekimena aurrera eraman dezagun. Momentuz Gipuzkoan eta Bizkaian piztu da mugimendurik handiena, baina gainerako herrialdeetara iristeko ahalegina ere egingo dugu. Antzerkizale eguna aprobetxatu nahi dugu jendea erakartzeko. Era berean, abenduan Duragoko Azokara joatekoa asmoa dugu, jendeak gure berri izan dezan.

Antzerkiarekin lotura estua behar al dute bazkideek elkarteko kide izateko?
Euskaraz egiten den antzerki guztia hartzen dugu kontuan. Elkarteko bazkide egiteko ez da inondik inora aktore izan beharrik. Zalea izatea nahikoa da. Beraz, antzerkia egiten duenaz gain, ikustea gustatzen zaiona ere gertura daiteke gugana. Euskaraz egiten den antzerkiaren inguruan interesa duen orori egingo genioke deia: eskolarteko antzerki taldeak, profesionalak, amateurrak, ikusleak… Egia da orain arte EHAZEra gerturatu direnek badutela antzerkiarekin loturarik –edo aurrez izan dutela–, baina ez du zertan hala izan beharrik.

Epe labur edo erdira zein lan ildo lantzeko asmoa duzue?
Elkarteak lau arlo edo sail ditu bere gain: Batetik, prestakuntza edo transmisioa: antzerkia nola erakutsi landuko duen taldea. Bigarren, sustapena: antzerkia nola zabaldu aztertuko duena. Hirugarrenik, komunikazioa: ekimenen hedapenaz arduratuko dena eta laugarren eta azkenik, dokumentazio taldea: egunen batean artxiboa osatu eta bertan antzerki testuak biltzea litzateke gure nahia.

Lehentasunezko beharrik sumatzen al duzue?
Euskal Herri mailan antzerki irakasleak prestatzeari garrantzia eman nahi diogu. Izan ere aktoreak badaude, baina pedagogikoki gaia ez da batere lantzen. Antzerki tailerrak ematen aritu garenontzat esperientzia izan da jaso dugun laguntza bakarra. Irakasle horiek eskoletan gusturago senti daitezen, oinarriak eta irizpideak ematea oso garrantzitsua da. Transmisio taldeak landuko du alor hori.

Zer nolako egoeratan dago antzerkiarekin lotutako testugintza?
Batetik, euskaraz oso testu gutxi idazten da eta idazten direnak ez dira antzezten. Bestalde, eskoletatik esaterako, testu asko eskatzeaz gain, ikastetxeetan urtero antzezlan asko idazten da. Beraz, badirudi ez dela askorik idazten, baina era berean, lan handia egiten da. Bada, idazten diren testu horiek guztiak jasotzea gustatuko litzaiguke guri.
Dirudienez gure artean galdu egin da antzerkia idazteko ohitura. Jakina denez, beti idatzi izan da literatura (eleberria) gehiago, antzerkia bera baino. Gerra aurreko eta ondorengo garai hartan, ordea, antzerkia idazteko ohitura handia egon zen eta idatzitako hura taula gainera eramaten zen. Egun, gutxiago bada ere, oraindik idazten da: umeentzat bereziki. Testu horiek bildu nahiko genituzke eta antzerkia idazteko ohitura nolabait zabaldu. Hori helburu handienetako bat litzateke guretzat. Azken batean, gure filosofiaren barruan antzerkiak aurrera egin dezan antzerkizaleak sortu behar direla uste dugu. Umeak zaletu behar dira gurasoak antzerkia ikustera joan daitezen. Baina gurasoak zaletzen badira, umeak ere zaleak izango dira. Zaleak sortuz gero antzerkiak aurrera egingo du. Kontua ez da oso profesional onak egotea, mugimendu hori sortzeko zaleak egotea baizik. Horrek eramango baitu euskal antzerkiaren kalitatea ere hobetzera. Oso motza eta laburra izan arren, euskal antzerkiaren historia badaukagu. Orain galduta dagoen hori indartzeko ohitura hartu eta mugimenduan jartzea lortu nahiko genuke berriz ere.

Ahozkotasunarekin lotuta, Mintzola da une honetan zuen bilgune. Hala ere, tarte laburrerako…
Azpeitiako Enparan dorretxean, –liburutegiaren gainean–, izango dugu bulegoa urtarriletik aurrera. Hura egokitu bitartean txokoren bat behar genuen eta ahozkotasunarekin lotura zuzena dugunez, Mintzolan finkatu gara. Urtero egiten dira Euskal Antzerki Topaketak Azpeitian, aurten XXVIII. txanda izango da. Azpeitiak badu euskal antzerkiarenganako ohitura, badago mugimendua. Ondorioz, garrantzitsua iruditu zitzaigun Azpeitian bertan kokatzea. Gainera, Euskal Herriaren erdialdeko puntua da. Hara joanagatik, ordea, ahozkotasunarekin lotuta Bertsozale nahiz Ipuin kontalari elkarteekin lantzen ari garen egitasmoekin elkarlanean jarraituko dugu aurrera begira.

Zein osasun ikusten diozu antzerkiari?
Beti esaten da antzerkia krisian dagoela. Guk barre ere egin izan dugu horren harira: Krisian al dago antzerkia? Zer da hori? Denok dakigu kulturan murrizten direla askotan diru-laguntzak. Mende hasieran, zinema sortu zenean ere esaten zen antzerkia krisian zegoela. Telebistak min handia egin ziola… Egia da, baina antzerki emanaldi batzuek antzokiak bete egiten dituzte egun ere. Krisia zer den aztertu eta zergatia bilatu beharko genuke. Egitasmoak ondo lantzen direnean erantzuna izaten dutela iruditzen zait niri. Esaterako, zein fenomenok bultzatu zuen bat-bateak Kutsidazu bidea, Ixabel antzezlanak horrenbesterako arrakasta izatera? Edota hemen daukagu Bertsozale elkartea ere. Orain hogei urte hilda zegoen bertsoa. Elkarteko kideek lan handia egin dute bertsoa indartzen, baina begira orain zer nolako indarra duen. Nire ustez, euskal gizartea tradizionala da hainbat gauzatarako: zenbait ohitura galduagatik, denboraren poderioz berreskuratzea gustatzen zaio. Faktore asko begiratu behar da, ezin diogu erru guztia krisiari bota.

LEHEN ANTZERKIZALE EGUNA
EHAZEk lehen Antzerkizale eguna antolatu du Amasa-Villabonan azaroaren 27an, larunbatarekin. Goizeko 11:00tan ekingo zaio festari eta gauerdira arte izango da zer ikusi edota zer egin. Oso talde ezberdinak etorriko dira, “goizean goizetik haurrentzako pailazoak izango dira: Porrotx eta Marimotots nahiz Poxpolo eta konpainia. Porrotx eta Marimototsek botako dute lehen Antzerkizale eguneko pregoia”. Ondoren kalejira izango da kaleetan zehar eta bazkalaurretik, antzerki kale animazioa ere bai. Idoiak azaldu duenez, “gure asmoa kaleak antzerkiz betetzea da; ez oholtza gainak bakarrik, jendartean nahastuta antzerkia ikusi ahal izateko aukera eskaini nahi dugu. Jendeak gertutasuna sentitzea nahiko genuke; izan ere, askotan oholtzarekin bakarrik lotzen baita antzerkia eta beste gune eta modu batzuk badituela erakutsi nahi dugu”. Ondoren, nahi duen ororentzako bazkaria izango da plazan. “Bazkalondoan umeentzako txokolatea banatuko da eta buruhandiak ibiliko dira kaleetan barrena. Antzerki emanaldi laburrak eskainiko dira gero: Ixabel Agirresarobe, Iparraldeko Battitta Lau Ttitta nahiz Markinako Abarka antzerki taldeen eskutik, besteak beste”. Arratsaldeko antzezpenen ondoren, ekitaldi formala egingo da Gurea antzokian, “ordura arteko ekintza guztiak kalean izango badira, Gurea antzokian lehenengo Antzerkizale saria banatuko da. Zaletasunari eman nahi zaion saria banatzera Kontxu Odriozola etorriko da eta aurkezle lanetan ere aktore ezagunak arituko dira. Saria eman ondoren Oinkari dantza taldeak parte hartuko du eta segidan, Edurne Agirrezabalen Sarean Zintzilikatua antzerki ikuskizuna eskainiko da. Iluntzeko ekitaldien ondoren, gauean Gaztetxean jarraituko du festak: antzerkiaz gain dantzaldia izango da DJ Bullekin”, amaitu du EHAZEko idazkariak.

LAGUNTZAILEEI ESKERRAK
Idoia Gereñuk eskerrak eman nahi izan ditu elkartea sortu zenez geroztik jaso duten babesarengandik, “jendeak eman digun erantzuna eskertu beharra daukagu. Borondatea, gogoa eta ilusio handia jarri du askok eta bizi-biziki eskertu nahi dugu ahalegin hori”. Antzerkizale egunaren lehen urtea izanda herritarrek laguntzea beharrezkoa izango dela azaldu du. Horixe da, gainera, euren filosofia: “Antzerkizale eguna urtero herriz txandakatzea pentsatzen dugu. EHAZEk herria bultzatu nahi du, ondorioz, tokian tokiko herritarrek parte hartzea nahi dugu”. Lehen ediziorako, billabonatar asko ari da dagoeneko laguntzen eta horiei ere eskerrak eman nahi dizkiete EHAZEko kideek. “Euskal Herrian Euskaraz, Udala, herriko elkarteak, Oinkari dantza taldea, Loatzo musika eskola, Onddo gazte asanblada… Mila esker guztiei! Orain jendea ekintzatan parte hartzera animatzea besterik ez da falta. Zatozte, oso egun polita izango da! Egun hori euskal antzerkiak indarra baduela, merezi duela eta hemen gaudela esateko aprobetxatu behar dugu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!