Jabi Migel Hawaiko Iron Man frogan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 19a, 08:59

3,8 km igeri, 180 km bizikletan, eta 42 km korrika. Horiexek dira Iron Man frogaren zenbaki beldurgarriak. Jabi Migel andoaindarrak ederki hartu zien tamaina urriaren 9an Hawaien jokatu zen munduko txapelketan.

Noiz hasi zinen kirola egiten?
Umetatik egin izan dut kirola. Txirrindularia izan nahi nuen eta Andoaingo Txirrindulari eskolan hasi nintzen. Lau urte egin nituen afizionatuen mailan, Arrasateko Born taldean eta, utzi ondoren, kirol ezberdinak egiten jarraitu nuen: eskalada, mendia, futbola… Triatloirako zaletasuna geroxeago iritsi zen. Donostia eta Zarauzko frogak ikustera joan eta nire buruari noizbait parte hartzeko erronka jarri nion. Zumeatarra Triatloi taldeko kide egin nintzen. Esan beharra dago taldeko partaide kopurua urtetik urtera hazten ari dela. Donostiako triatloia egin ondoren, haren bikoitza den Zarauzkoa prestatu nuen eta azkenik, Iron Man froga egitea erabaki nuen. Badaude froga gogorragoak ere; Iron Man froga egun berean bi aldiz egitea, edota hamar egunetan hamar Iron Man egitea…, baina horiek gehiegizkoak dira.

Nolako prestaketa eskatzen du Iron Man frogak?
Ordu asko eta diziplina handia eskatzen du. Igerilekua, bizikleta eta korrika, hirurek eskatzen dute ordu askoko prestaketa. Hawaira joateko, astean 25 bat ordu pasatzen nituen entrenamenduak egiten; horri laneko orduak eta etxeko ardurak gehitzen badizkiozu…, azkenean nekagarria egiten da. Entrenamenduak egiteko garaian, gainera, koadrilako lagunen laguntza izan dut eta hori eskertzekoa da, ez baita berdina bakar-bakarrik korrika egitea edota lagunekin joatea. Oso giro onean aritu gara prestaketan. Etxekoei ere eskerrak eman behar dizkiet, nire erronka ulertzeagatik eta laguntza emateagatik.
Horrelako froga bat prestatzeko garaian, hilabetekako plangintzak egiten ditugu eta pixkanaka gogortasuna gehitzen joaten gara. Entrenamenduak antolatu eta osatzerakoan, laguntza berezia izan dut: Iban Agirre igerilariak igeriketako prestaketa egiten lagundu dit eta Joxean Alberdik asko erakutsi dit korrikako entrenamendu egokiak egiten. Asko eskertzen diet egindako ahalegina. Triatloia egiteko, asko landu behar dira transizioak edo kirol batetik besterako aldaketak. Muskularki, gorputzari kosta egiten zaio batetik bestera igarotzea eta hori landu egin behar da.

Elikadura zaintzea ere beharrezkoa izango da…
Bai, baina erotu gabe. Bizitza normala egiten saiatzen naiz, prestaketarekin eta elikadurarekin obsesionatu gabe. Lagunekin atera eta garagardo bat edan eta kroketak jan behar badira, arazorik gabe egiten dut. Kirola zaletasuna da niretzat, ez da betebeharra, eta modu horretan egiten jarraitu nahi dut.

Nola iritsi zen Hawaira joateko aukera?
Hawaien parte hartu ahal izateko, beste Iron Man frogaren batean postu ona lortu beharra dago. Maiatzean egiten den Lanzaroteko Iron Man-ean lortu nuen txartela. Nire kategoriakoen artean bederatzigarren postua lortu nuen; Espainiako kirolarien artean, kategoriako lehen postua. Txartela lortu, Hawaiko izen-emateko 500 euroak ordaindu, eta prestaketa egiten hasi nintzen.

Zer moduz joan zen Hawaiko froga?
Urduritasun handiz hasi nuen eguna. Ez naiz oso ondo moldatzen igerian eta uretatik atera nintzenean, 600. postuan nintzen, 1h 05’ eginda. Bizikletan denbora asko berreskuratu nuen eta maratoia ere erritmo onean egitea lortu nuen, azken bi kilometrora iritsi arte. Momentu horretan ezinean geratu nintzen. Hala ere, banekien froga amaituta zegoela, oso gutxi falta zela, eta poliki-poliki aurrera egin nuen. Pozik nago maratoi osoa korrika egin nuelako, oinezko zatirik egin gabe.
Bederatzi ordu eta hogeita lau minututan amaitu nuen froga osoa, 124. postuan sailkatuz. Nire helburua 10 ordutatik beherako denbora egitea zen, eta lortutakoarekin oso pozik itzuli naiz. Berez, Iron Man froga gogorra bada, Hawaiko baldintzek oraindik ere gogorragoa egiten dute: bero handia egiten du, 35 gradutik gorakoa, eta hezetasuna ere handia da. Ibilbidean zehar gainera, haize handia ibili ohi da eta horrek gogortasuna eransten dio. Baldintza horietan korrika egiteko edo bizikletan ibiltzeko, ezinbestekoa da kontzentrazio egokia lortzea. Hala ere, froga bera baino latzagoak egiten dira, prestatzen pasatako hilabeteak.

Horrenbeste kilometrotako frogan, momentu txarrak ere izango ziren…
Hawaien baino okerrago pasa nuen Lanzaroten. Bi aldiz egin dut Lanzaroteko Iron Man-a. Lehendabizikoan, ordubete baino gehiago pasa nuen eserita, tripako minez, maratoia bukatu ezinik. Bigarrengoan, ez nuen behar bezala jan eta edan, eta maratoiaren hogeigarren kilometroan, ezinean geratu nintzen. Bizikletan egindako denbora onari esker lortu nuen Hawairako sailkatzea. Hawaien berriz, askoz ere hobeto asmatu nuen elikadurarekin eta ondo hartu nion neurria frogari. Oso garrantzitsua da norbere burua ezagutzea, erritmoari eustea eta behar bezala elikatzea. Horrez gain, zortea ere beharrezkoa da, izan ere, gurpilean zulaketaren bat edo erorikoren bat izanez gero, froga utzi beharrean gerta zaitezke. Bestalde, Iron Man-a egiteko nire modua nahiko arriskutsua da. Txirrindularitzan moldatzen naiz ondoen, eta ditudanak ematen ditut. Ondoren, ordea, maratoia egin beharra dago eta hor pilatzen zaizkit neke guztiak. Indarrak gordetzen ikasten ari naiz eta orain arte nahiko ondo atera zait.

Oso froga entzutetsua da Hawaikoa, zein da berezitasunik handiena?
Froga harrigarria da, jendetsua eta oso ondo antolatuta. 1800 partaide ginen eta 5000 bolondres ari zen lanean. Bai froga egunean, baita entrenamenduetan ere, profesionala bazina bezala sentiarazten zintuzten. Janaria edota edaria hartzeko tokiak, bizikleta eta arropak uzteko guneak, masajeak, sendagile zerbitzua…, kirolariek behar duten edozer gauza, oso eskuragarri jartzen dute. Izugarrizko giroa sortzen da. Kirol aldetik bizi izan dudan esperientziarik onena izan da, zalantzarik gabe.

Zer sentitu zenuen helmuga igarotakoan?
Izugarrizko poza. Jendea agurtu, bururatu zitzaizkidan txorakeria guztiak egin..., denetarik egiteko tartea hartu nuen. Momentu horretan nekerik ere ez nuen sentitzen, poza besterik ez. Hawaiko Iron Man froga egitea oso urruti ikusten nuen ametsa zen; momentu horretan egi bihurtuta zegoen eta espero baino hobeto gainera.

Hawairako bidaian etxekoen eta lagunen babesa izan zenuen…
Aita, emaztea, arreba, bere mutil laguna eta koadrilako lagun bat etorri ziren nirekin batera. Hooligan talde polita osatu zuten. Edozein arazoren aurrean, beti zeuden laguntzeko prest eta frogan zehar, asko eskertu nituen haien animoak. Bestalde, hemen geratutako lagunekin internetez hitz egiteko aukera izan nuen. Oso pozgarria izan zen jendearen babesa nabaritzea, nahiz eta momenturen batean horrek presio pixka bat ere erantsi zidan.  

Erronka garestia izan al da Hawaiko bidaia?

Bai, oso garestia: 3000 euro baino gehiago behar izan ditut parte hartu ahal izateko. Hegazkina, egonaldia, izen-ematea…, dirutza handia behar da. Alde horretatik, eskerrak eman behar dizkiet diruz babestu nautenei: Andoaingo Udalak; Bizkortzen, Integra2 eta Txogitxu enpresek diruz lagundu naute eta horrez gain, U-51 kirol dendak materiala utzi eta eman dit. Born enpresak kirol elikadurako gaiekin lagundu nau eta Zumeatarra taldeak berriz, egunero ematen dit kirol babesa.

Etorkizunera begira, zein asmo duzu?
Orain atseden hartzen ari naiz, gorputzak hala eskatzen didalako. Maiatzean Lanzarotera joateko izena emanda nago, beraz, urtarrila inguruan hasiko dut prestakuntza. Berriro Hawaira joateko aukera lortu nahiko nuke eta hala gertatzen bada, aurtengoa berdintzea edo ahal bada hobetzea izango da erronka.

Zer esango zenioke Iron Man froga egin nahi duen norbaiti?
Animatzeko, entrenamendu egokiak eginez gero lortu daitekeela. Ez da hilabete gutxitan lortzen den zerbait; froga txikiagoekin hasi behar da, gorputza gehiegi ez behartzeko.


Jabi Migelen zenbakiak
1800 partaidetatik, 124. postua lortu zuen sailkapen orokorrean. Bere kategoriakoen artean, 24. postuan sailkatu zen.
Denbora osoa:    9h 24’
Igerian 3,8 km:     1h 05’
Bizikletan 180 km:     5h 56’
Korrika 42 km:     3h 16’
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!