Zorionak eta aurrera, Oinkari!

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 19a, 08:56

Duela 35 udazken sortu zen Oinkari dantza taldea. Inoiz baino indartsuago dagoen honetan, azken urteotako errepasoa egin du Eneko Arteaga arduradunak. Azaroan zehar urteurreneko ospakizunak izango dira.

35 urte eta gero, Oinkari dantza taldea ondo baino hobeto errotutako taldea da Amasa-Villabonan. Eneko Arteagak, lan asko egitearen poderioz, inoiz baino gusturago daudela adierazi du eta aurreko belaunaldiei ere aipamena egin die. “Taldea sortuz, mantenduz, indartuz…, aurreko belaunaldiek ere lan handia egin zuten eta orain lan horren guztiaren fruituak jasotzen ari gara gu. Egia esan, dantza taldean ezagutu dugun momenturik onena bizitzen ari gara”. Aurtengo ikasturtean ere gora egin du matrikulazio kanpainak eta egun, 300 dantzari biltzen da taldearen baitan, “une honetan 78 lagunek osatzen dute helduen taldea, baina atzetik, 12-13 urteko beste 70 dantzari oso indartsu datoz. Era berean, dantzarako gogoa erakusten duten gaztetxoenak ere asko dira”, azaldu du Enekok.

Korrontzirekin batera
Joan zen urtean dantza taldea Korrontzi folk musika talde bizkaitarrarekin elkarlanean hastea oso aberasgarria izan da eurentzat; “tranpolin modukoa”, Enekoren esanetan. Dudarik gabe, ate berri asko zabaldu dizkien esperientzia betegarria, “ez genuen pentsatzen honaino iritsiko ginenik. Korrontziren bidez eskenatoki berri asko eta kontzertuak bizitzeko modu berria ezagutu dugu inguruan nahiz kanpoko lurretan”. Egindako emanaldi guztien emaitza pozgarria izango dute laster eskuartean, “abenduan Korrontzi eta Oinkariren artean osatutako ‘Infernuko hauspoa’ DVDa aurkeztuko dugu Durangoko Azokan eta zuzeneko emanaldia ere eskainiko dugu azken egunean Plateruenean bertan”. 2011 urterako emanaldi ugari lotuta dituzte dagoeneko Korrontzirekin batera, Europan zehar edota gertuago ere bai: “Bilboko Plaza Berrian arituko gara, besteak beste. Inguruko plazarik garrantzitsuenetakoa da Bilbokoa, Donostian Konstituzio plazaren parekoa”. Berriki, esaterako, Segurako Suelto Txapelketa entzutetsuan hartu dute parte eta telebista bidez ere ikusi ahal izan da euren saioa.

‘Ari du’, emanaldi berria
2007 urtean jauzia egin zuen dantza taldeak Aspaldikotik emanaldia aurkeztean. Zuzeneko musikariak, koreografia berriak, Juan Kruz Igerabidek idatzitako gidoia, dantzari ugari taula gainean… Emanaldi haren jarraipena izango da apirilaren 15ean Tolosako Leidor antzokian aurkeztuko duten Ari du ikuskizuna. “Euria hartuko dugu gaitzat eta dantza tradizionalak nahiz koreografia berriak uztartuko ditugu. Berrikuntza modura, Juan Kruz Igerabideren olerkiak tartekatu nahi ditugu, poeta adunarrak zuzeneko errezitaldiak egiten dituela”. Ikuskizun berria ez da dantza taldearen eskaintza bakarra izango, “joan zen ekainean Dantza zak plazan mutilen emanaldia aurkeztu genuen Lekeition eta irailean Bermeon. Urteurrenaren harira, herrian eskainiko dugu azaroaren 21ean. 12-26 urte bitarteko eskualdeko 20 mutilek hartzen du parte kalean dantzatzen den saioan. Neskena ziurtatuta daukagunez, mutilen taldea indartsu mantentzea garrantzitsua da oso”. Hurrengo urteari begira, beraz, bi ikuskizun eskaintzeko moduan izango dira.

Txapelketak eta irakasleak
Dantza taldearen beste jauzietako bat, azken urteetan hainbat txapelketatan parte hartzen hasi izana da, “orain gutxira arte ez dugu txapelketetara aurkezteko ohiturarik izan. Azken urteotan Aurresku eta Soinu Zahar nahiz Suelto txapelketatan hartzen dugu parte. Gure helburua ez da sariak eskuratzea, dantzarien motibazioa indartzea baizik. Dudarik gabe, agerikoa da txapelketetan aurkezten hasi garenetik dantzarien mailak gora egin duela”. 2003 urteaz geroztik, Aukeran dantza taldeko Edu Muruamendiaraz arduratzen da koreografia berriak lantzeaz eta dantzariei hainbat eskola emateaz. Era berean, duela hiru ikasturte hasita, Lurdes Esnaola etortzen da sueltoko eskolak ematera. “Fandango eta arin-arin arruntak dantzatzetik egun dantzatzen dituztenak ikustera alde handia dago. 12 urtetik gorako dantzari guztiek jasotzen dituzte sueltoko eskolak”, Enekok azaldu duenez. Lanaren eta saiakeraren emaitza izan da dantzari gazteek lortu duten maila, “gazte bakoitzak bost ordu eta erdiz entseatzen du, astean hiru egunetan”. Dantza taldearen jardunean, herriarengandik ahalik eta gertuen egoten ahalegintzen dira eta horren ondorio dira konpartsa herrikoia edota helduei zuzendutako dantza ikastaroa, bestelako ekintzen artean. Enekoren ustez, Amasa-Villabonan dantza zaletasuna oso handia da, “egun 300 lagunek osatzen dugu taldea, baina Oinkariren historia luzean 1000 dantzari pasatu da taldetik. Zaletasun hori nabarmena da herriko jaietan ere; plazan dantzan ez dut hainbeste jende ikusten beste herri askotan”. Herrian Oinkarirekiko jarrera oso positiboa dela uste du Enekok eta esker ona adierazi die laguntza eskaintzen dieten guztiei.

Urteurrena, ekintzaz beteta
35. urteurreneko ospakizunak prestatzen buru-belarri ari dira lanean. Azaroaren 21a arte, Oinkariren historia agerian uzten duen argazki erakusketa ikusgai dago Aljibean. Bertan hiru sailetan banatu dute dantza taldearen ibilbidea. Azaroaren 19an Oinkariko kide Leire Berasaluzek eta Iñarrek kantaldia eskainiko dute 22:30etan Gurea antzokian, eta biharamunean, Asturiasko La Sidrina taldearen emanaldia izango da leku eta ordu berean. Sarrera irekia izango da nahi duenarentzat, doakoa. Azaroaren 22an iritsiko da egun handia: eguerdian Dantza zak plazan emanaldiaren aurkezpena izango da Malkar plazan eta ondoren, dantzari belaunaldi guztiak bildu nahi dituen bazkaria Aburuza sagardotegian. Girorik eta dantzarako aukerarik ez da faltako, Kantuki taldearen eskutik.

Etorkizunerako ametsa
Eneko Arteagak aurrera begirako apustu handia abian jartzeko nahiaren berri ere azaldu du: dantza elkartea sortzea, hain zuzen. “Bazkideen bidez aurrera egingo lukeen elkartea martxan jartzea gustatuko litzaidake. Elkartzeko gune izateaz gain, dantza taldeko hainbat funtzio bertatik bideratzeko aukera emango bailuke. Modu horretan, dantzan jarraitzen ez duenak ere taldearekin harremanetan jarraituko luke, hainbat ekintza bideratzen lagunduz”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!