Gazteak eta kirola: Eskola kirola

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 19a, 08:55

Urko Arinek kirolarekin lotutako modulua ikasi zuen Donostiako Barandiaran eskolan. Olaederra kiroldegian praktikak egin eta gero, bertan ari da lanean Eskola kirola ekimeneko arduradun gisa.

Azalduko al duzu zer den Eskola kirola ekimena?
Kirola egiteko eskolak berak daukan eskaintza da, baina eskolatik kanpo bideratzen da Amasa-Villabonan. Astegun arratsaldetan entrenamenduak egin eta asteburuetan partidak jokatzen dituzte partaideek. Hiru ikastetxeetako ikasleek hartzen dute parte herrian: Jesusen Bihotza (kategoria guztiak), Fleming (benjamin eta alebinak) eta Erniobeakoek (infantil eta kadeteak). 8 urtetik 16ra bitarteko 150 gazte inguru biltzen da ekimenean, baina, gaztetxoen taldeak nagusitzen dira batik bat. Kadete mailako talde gutxi izaten da, bakoitzak bere bidea hartzen baitu adin batetik aurrera.

Zein eskaintza egiten duzue?
Urte osoko eskaintza egiten dugu. Orain artean, saskibaloia, eskubaloia eta areto futbola lantzen dute benjaminek, saskibaloi eta areto futbola alebinek eta areto futbola infantil nahiz kadeteek. Kirol horiek egiteaz gain, urtean zehar bestelako ekintzak ere tartekatzen ditugu. Berriki, Samartiñetako krosean hartu dugu parte; abenduaren 11n Tolosara joango gara, beste ikastetxeekin batera herri kirol probetan aritzera. Mahai tenisean, patinetan, igeriketan edo mendi irteeratan ere hartzen dugu parte. Bestalde, aurtengo ikasturterako aukera zabaltzeko asmoz multiekintzen proposamena egin genuen alebinetatik aurrera, hilabete bakoitzean kirol ezberdinak lantzeko aukera eskainiz: urrian hockey-a, azaroan badminton-a, abenduan tenisa… Hasiera batean aurrera aterako zela bazirudien ere, izen-emateak ez ziren taldeak osatzeko gutxiengora iritsi. Pena handia izan da, baina hurrengo ikasturtean saiatuko gara berriro ere.

Zein da ekimenaren baitan zure eginbeharra?
Talde bakoitzak bere entrenatzailea du eta nik ekimena bideratzen dut bere osotasunean: entrenatzaileei gazteak nola formatu azaldu –benjamin mailan batez ere–, partidak antolatu nahiz izen-emateak eta kuotak kudeatzen ditut… Gustuko lana dut. Aurtengoa bigarren urtea izanik, seguruago eta konfiantza gehiagorekin ari naiz.

Zer moduzko jarrera erakusten dute gazteek kirolarekiko?
Kirol aukera asko zabaldu da azken urteotan. Alde horretatik ez dago aitzakiarik, baina bakoitzak bere erara erantzuten du: batzuek ez dute gehiegi egiten. Ekimen hau gazteek kirola seriotasun gehiagoz egin dezaten sortu zen eta erantzun ona du. Kirola ikuspegi ezberdinetatik lantzen saiatzen gara, emaitzei garrantzia kenduz eta guztiek berdintsu joka dezaten bultzatuz. Badirudi neskek izena emateko beldur gehiago izaten dutela, baina hala ere, gerturatzen dira.

Zergatik gonbidatuko zenituzke gazteak kirola egitera?
Kirola egitea gauza osasungarria da: fisikoki nahiz mentalki hobeto sentitzen laguntzen du. Gainera lagunak egin, herriko jendea ezagutu eta ondo pasatzeko baliagarria da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!