Urkamendiren omenaldiak, hogeita bost urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 19a, 08:53

Azaroaren 20an ospatuko da Urkamendi elkarteak Tourreko lehen euskaldunari egiten dion omenaldia. Ospakizun berezia izango da aurtengoa, izan ere, hogeita bost urte pasa baitira lehen aldiz antolatu zutenetik.

Ekitaldi berezia izango da aurtengoa. Julian Arrastoa, Txus Vicente eta Joxe Mari Usabiaga kideek eman dituzte ospakizunaren inguruko azalpen nagusiak: “Normalean ostiralez egiten diogu omenaldia Tourreko lehen txirrindulari euskaldunari. Aurten ordea, 25. urteurrena izanik, ospakizuna elkartetik atera nahi izan dugu. Herritarren parte hartzea errazteko, larunbatarekin egitea erabaki dugu. Goizean ekingo diogu egitarauari, bizikleta bira eginez. Zizurkilgo ikastetxeetako haurrei luzatu zaie parte harteko deia. Ibilbide erraza izango da, bi kilometro ingurukoa, eta omenaldira hurbilduko diren txirrindulariekin batera egingo da. Ondoren, ginkana egingo da plazan”.
Txomin Perurena, Marino Lejarreta, Migel Indurain, Abraham Olano, Haimar Zubeldia, Joseba Beloki, Mikel Astarloza, Unai Caamaño…, horiek guztiak eta beste hainbat bilduko dira Urkamendi elkartean azaroaren 20ko ospakizunean. “Hogeita bost urte hauetan omendu ditugun txirrindulari guztiak gonbidatu ditugu, eta baiezkoa eman digute. Zalantza duen bakarra, Joane Somarriba da, ama izan berri delako”, azaldu dute.

Olano eta Indurainen urtea

Hogeita bost urtetako ibilbidea beteta, indarra hartu duen ekitaldia da Urkamendik antolatzen duena: “Marino Lejarretari egin genion lehen omenaldia, eta urte hartan, hogeita hamar bat lagun elkartu ginen afaritarako. Pixkanaka indarra hartuz joan da eta azken edizioetan, ehun pertsona inguru bildu ohi gara. Tartean, urte bereziren bat ere izan dugu; esaterako, Indurainek Tourra irabazi eta Mundialean lehen eta bigarren postuak Olanorekin partekatu zituen urte hartan ikusmin handia sortu zen. 1995a zen, omenaldia antolatzen genuen hamargarren aldia. Bi txapeldunak elkarrekin ikusteko gogoz zegoen jendea”, azaldu du Joxe Mari Usabiagak.
Juanma Garate izango da aurtengo omendua: “Tourrean posturik onena lortu duen euskalduna omentzen dugu, zenbagarren geratu den kontuan izan gabe. Azken finean, nahikoa meritu bada Tourrera joan eta bukatze hutsa ere. Juanma Garate izan da aurtengo onena eta hari jantziko diogu txapela. Bazkaldu aurretik agurra dantzatuko zaio eta ondoren, mahaira eseriko gara guztiak. Postreen aurretik jantziko diogu txapela eta berak izango du tarta ebakitzeko ardura. Ondoren, bertsolarien eta trikitilarien saioak izango dira. Elkartearen kanpoaldean familia argazkia aterata eman ohi diogu amaiera ekitaldiari. Oso giro ona sortzen da omenaldian. Txirrindulariek elkar ezagutzen dute eta gustura egoten dira, koadrilan. Aurten, gainera, larunbata izanik, jendea lasaiago egongo dela uste dugu”, azaldu dute Julianek, Joxe Marik eta Txusek.
Ardurak ondo banatuta egiten dituzte ekitaldiko antolaketa lanak: “Hogeita bost urte ez dira alferrik pasatzen, eta dagoeneko, bakoitzak badaki zein den bere ardura. Elkarteko zazpi kideren artean egiten ditugu lanak. Egunean bertan, bazkide gehiagoren laguntza izaten dugu otordua prestatu, zerbitzatu, jendeari harrera egin eta antzeko lanetarako. Aurten, gainera, bizikleta bira eta ginkana ere antolatu ditugunez, batzuk elkarte barruan gabiltzan bitartean, beste batzuk kanpoan aritu beharko dute”.

Bitxikeriak
Hogeita bost urtetan, zenbait bitxikeria ere gertatu zaie Urkamendiko kideei: “Gogoan dut urte batean Sebastian Lizasok gazteleraz bota ziola lehen bertsoa Induraini. Horrez gain, eguraldi txarra zela eta gonbidatuek iristeko arazoak izan zituzten urteren batean. Migel Indurain bera, Txirrindularitza elkarteko lehendakari zela, Madrilen izandako bilera batetik etortzekoa zen. Eguraldi txarragatik, Iruñean beharrean Hondarribian lurreratu zen bere hegazkina. Autobusa hartu, Iruñara joan, anaiaren autoa hartu eta Zizurkilera etorri zen”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!