Ainara Sagarna, Zizurkilgo Udaleko arkitektoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 19a, 08:52

Hilabete inguru darama Ainara Sagarna usurbildarrak Zizurkilgo Udalean lanean. Aurrerantzean, bera izango da Udal arkitektoa.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez jakin zuen Zizurkilgo Udalak arkitekto lanpostua sortu berri zuela. Aurkeztea erabaki, beharrezko froga guztiak pasa eta duela hilabete pasatxo hasi zen lanean. “Lanegun erdiko lanpostua da eta horrek, beste zenbait gauza egiten jarraitzeko aukera ematen zidan. Horrez gain, Zizurkil herria bera oso gustuko dut eta ez nuen zalantzarik izan izena emateko garaian. Unibertsitatean, klaseak ematen aritzen naiz eta Zizurkilen eskaintzen zuten lanpostuarekin bateratzeko modua bazegoela ikusita, aurrera egin nuen. Irakaskuntzan aritzeaz gain, lanpostu honek arkitekturako lanak egiteko aukera ematen dit, eta hori oso interesgarria da niretzat”.

Dokumentazioa aztertuz
Herria ezagutzen ari da pixkanaka Ainara. “Hirigintza aldetik, aurrez zegoen dokumentazioa aztertu eta martxan dauden lanik potolo eta premiazkoenak egitearekin nahikoa lan izan dut asteotan. Herritarrekin harreman zuzena edukitzeko denborarik ez dut izan oraindik, nahiz eta laster hasiko naizen horretan ere. Hirigintzaren inguruan herritarrek izan ditzaketen eskakizunak, proiektuak, kezkak…, aste gutxiren barruan helduko diet horiei ere”, azaldu du.
Gustura ageri da Ainara Zizurkilen egin dioten harrerarekin: “Lanpostu berri batean hasten zarenean, guztia da berria. Jendea ezagutu, lanerako ohiturak ikasi, zure ekarpenak egiten saiatu…, erronka polita da. Oso gustura nago egin didaten harrerarekin eta lanpostuarekin berarekin”.

Hirigintzaren zuzendaritza
Aurrerantzean izango dituen ardurak ezagutzen ari da Ainara asteotan. “Udaleko hirigintza eta obra publikoen arloa nire ardurapean egongo da. Beste teknikariekin batera, elkarlanean egingo dugu lan hori”, azaldu du. Aldaketa nabarmena ekarriko du horrek: “Orain arte kanpoko aholkularitza enpresa batek zuen hirigintzako gaien zuzendaritza. Astean behin etortzen ziren gai ezberdinen jarraipena egitera. Aurrerantzean, nik egingo dut lan hori. Astean lau egunetan izaten naiz udaletxean, beraz, hirigintzako gaiei aurrez egiten zitzaiena baino jarraipen estuagoa egingo zaie”.
Hirigintzarekin zerikusia duten kezkak argitzeko prest dago Ainara Sagarna: “Batzuetan gertatuko da herritarrak ez duela zehatz jakingo norengana jo bere arazoari konponbidea bilatzeko. Batzuetan herriko lan brigadak emango dio erantzuna, beste batzuetan aparejadoreak, ingurumen teknikariak edota arkitektoak. Zalantza horien aurrean, udaletxera etorri eta galdetu besterik ez dute egin behar; bertan bideratuko dute sail egokira”.

Plan Orokorra, Pasus plaza…
Proiektu potoloak ditu eskuartean Udaleko arkitektoak. “Batetik, Plan Orokorra behin betiko onartu baino lehen, ukitu batzuk egin behar zaizkio eta gainbegiratua ematen ari natzaio egunotan. Bestetik, Pasus Plazako Udal jabetzako partzelaren garapena ere lantzen ari gara, Pagamuñoko etxebizitzak ere martxan dira…, horiexek dira oraintxe bertan abian dauden lanik potoloenak. Bestalde, zenbait herritarrei eragiten dien proiektu txikiagoak ere badira mahai gainean”.
Tolosako Udaleko arkitekto lanean ere aritu izan da Ainara: “Azken urtean lan eszedentzia hartuta nengoen, bi haur txiki ditudalako. Zizurkilgo lanpostuak ordea, hobeto moldatzeko aukera ematen dit. Goizez etortzen naiz udaletxera; astelehen, asteazken eta ostegunetan. 09:30ak inguruan iristen naiz eta eguerdia bitarte egiten dut lan. Astelehenetan 15:30ak arte luzatzen dut ordutegia eta gainerako egunetan, 14:00ak ingurura arte egoten naiz udaletxean”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!