VI. Mendi astea, Sagainen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 19a, 08:50

Sagain mendi taldeko kideak VI. Mendi asteko ekintzatan buru-belarri murgilduta dabiltza. Txomin Isuntza, Jon Lizarribar eta Martin Roteta taldekideek azaldu dute aurtengo ekintzen berri.

Azaroaren 17 eta 19an Asier Izagirreren eta Alberto Iñurrategiren  ikus-entzunezkoekin eman zitzaion hasiera aurtengo Mendi asteari. Asteburua indartsu iritsiko da Asteasura: azaroaren 20an, larunbata, VI. Orientazio duatloi proba izango da goizean, gazte nahiz helduei zuzenduta; arratsaldean, berriz, VI. Eskalada txapelketa haur eta gaztetxoentzat. “Aurreko urteetan oso erantzun ona izan dutenez, aurten ere probak egitarauan sartzea erabaki dugu: ekintza finkoak dira, eskeleto modukoak”, azaldu du Txomin Isuntzak. Jon Lizarribarrek bi ekintzak festa giroan antolatzen dituztela gaineratu du, “inondik ere ez dira lehiaketak, herriko gazteei zuzenduta antolatzen ditugu bereziki. Ondo pasatzea da helburu nagusia”.

Orientazioa eta eskalada
Mendizale askok orientazio proba ezagutuko ez dutela uste dute taldekideek, “guk ere berandu ikasi genuen zer zen, baina behin parte hartutakoan oso aukera polita iruditu zitzaigun. Orientazioa zer den ikusi eta kirol pixka bat egiteko oso proba egokia da”. Irungo talde batek bideratuko du proba, “antzeko proba antolatzeak ingurua ezagutzea eskatzen du eta Irungo talde hori profesionala da lan horretan. Urtero moduan, aurten ere haiek arituko dira antolaketa lanetan”. Berrikuntza modura, aurten, orientazio proban duatloia egitea erabaki dute Sagaineko kideek, “hiru txandatan burutuko da aurtengo saioa: oinez, bizikletan eta oinez. 10:30etan plazan elkartu eta une horretan bertan banatuko zaizkie mapak parte hartzaile guztiei. Guk geuk ere ez dakigu nolakoa izango den zehatz-mehatz, momentuan jakinaraziko baitituzte arauak. Hori bai, denbora tarte baten barruan egin beharko da ibilbidea eta parte hartzeko, norberak bizikleta eta kaskoa ekartzea ezinbestekoa izango da”. Asteasuarrei nahiz eskualdeko herritarrei luzatu diete gonbidapena taldekideek. Arratsaldean, berriz, Eskalada txapelketa izango da 14 urtez azpiko gaztetxo eta haurrentzat, Sagain mendi taldeak antolatuta. “2 urteko umeek ere parte hartu izan dute aurreko urteetan. Rokodromoan egiten da txapelketa, maila ezberdinetan. Erantzun oneko jaialdia izaten da, parte hartzaile guztiei merienda ematen diegu saioaren amaieran”.

Igandean mendira!
Azaroaren 21ean goizeko mendi ibilaldiarekin eta ondorengo bazkariarekin amaituko da VI. Mendi astea, “Zarateaitz mendira irteera egingo dugu igande goizean, 09:00etan abiatuta. Aurreko asteetan zikinduta eta zaindu gabe zegoen bide zatia nahiz tontor ingurua garbitzen aritu gara. Gure helburua ingurua txukundu eta tontorrean buzoi berria jartzea zen, lehendik herdoilduta zeuden buzoi zatia eta posteak kenduz. Egun horretan inauguratuko dugu, aurreskua dantzatuz. Ea zenbat irauten duen!”, azaldu dute. Bidean galdutako indarrak berreskuratzeko, babarrun-jatea izango dute. “Urteko azken irteera izango denez, 2010eko ekintzei amaiera emateko modu ona da bazkaltzeko biltzea”.

Balorazio gazi-gozoa
2010eko egutegiaren inguruko balorazioaz galdetuta, “denetarikoa” izan dela erantzun dute Sagaineko kideek. “Irteera batzuk oso erantzun ona izan dute: fondoko eski irteerak, esaterako. Beste batzuek eskasagoa: uda garaiko irteerek bereziki. Jende gehiago erakartzeko modua bilatu behar dugu aurrerantzean”. Gero eta aukera gehiago eta eskurago izateak, inguruko mendietara taldean joateko ohitura gutxitu egin duela adierazi du hirukoteak. Hala ere, hurrengo urteko irteeren egutegia prestatzeari ekingo diote laster, “urtarrilerako kaleratuko dugu. Aurreko urtekoen antzekoa izango da, baina jende gehiago erakartzeko, hobeto asmatzen ahaleginduko gara”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!