Kultur astea, azaroaren 22tik 28ra

Ikus-entzunezkoak, hitzaldiak, antzerkia, pailazoak, talo eta gaztain dastaketa, herri kirol ekitaldi berezia..., egitarau oparoa ekarriko du Kultur asteak.

Zenbait astetako antolakuntza lanak amaituta, azaroaren 22an ekingo diote Adunako Kultur asteari. Udaleko kideek izaten dute antolaketa lan horiek egiteko ardura, baina herritarrei ere zabaldu ohi diete proposamenak egiteko deialdia. Hala azaldu du Iñaki Aristeta zinegotziak: “Urtero-urtero antolatzen den ekimena izanik, ideiak agortuz joaten dira. Gaztain eta talo-jatea bezalako ekitaldi arrakastatsuak mantendu egiten ditugu eta hitzaldiak ere Kultur aste guztietan tartekatzen ditugu. Baina horrez gain, ideia berriak entzuteko prest gaude. Horregatik, antolaketa lanetan hasi aurretik, ideia berriak jasotzeko deialdia zabaltzen zaie herritarrei. Horrelakoetan ez da jende gehiegirik gerturatzen, ez da erraza jendearen parte hartzea lortzea. Hala ere, eta nahiz eta jende gutxi hurbildu, beti sortzen dira ideia berriak. Aurten, esaterako, helduentzako antzezlan bat izango da igande arratsaldean”.

Afrika, gozagarri
Azaroaren 22an egingo da aurtengo edizioko lehen ekitaldia. Luisa Montecelo eta Onditz Jauregi villabonatarrek Afrikara egindako bidaiaren inguruko ikus-entzunezkoa eskainiko dute. “Adunako Kultur astean estreinatuko dute ikus-entzunezkoa. Euren bidaiako bizipenak eskainiko dizkigute, primizian”, azaldu du Iñakik. Astelehenean, iluntzeko 20:00etan hasiko da emanaldia, kultur aretoan.
Asteartean berriz, AFAGI elkarteko kideak gerturatuko dira Adunara. “Alzheimer gaitzaren inguruko azalpenak emango dizkigute arratsaldeko 18:30etan hasiko den hitzaldian. Gaitzaren inguruan Gipuzkoan sortutako elkartea da AFAGI eta bertako kideek emango dituzte azalpen guztiak”, azaldu du Iñakik.
Haurrentzako ipuin kontaketarekin hasiko da asteazkeneko egitaraua. Oihana Etxegibel izango da kontalari 17:30etan, eta iluntzean, lehen sektorearen egoera izango dute hizpide: “ENHE nekazarien sindikatuko bi kide dira etortzekoak. Produktu ekologikoak, nekazaritzaren etorkizuna…, oro har, lehen sektoreak bizi duen egoeraren inguruan arituko dira. Oso interesgarria izango dela iruditzen zaigu, bai adineko jendearentzat, baita gazteagoentzat ere”.
Ostegunean Joseba Salvador andoaindarra izango dute gonbidatu nagusi. “Karlistaldien inguruko azterketa egina dauka eta gaiaren inguruko azalpenak emango dizkigu. Karlistaldiek Adunan izan zuten eragina azalduko digu eta horrekin batera, berak idatzitako liburua ere aurkeztuko du”, azaldu du Iñakik.

Asteburu betea
Ostiralean “Sagarren denbora” film dokumentala eskainiko da kultur aretoan. Alfonso Etxegarai eta Kristiane Etxaluz bikoteak deserrian izandako bizipenak biltzen ditu dokumentalak. Afrikako irla batean bizi dira, deserriratuta, eta haien sentimentuak, nahiak, pozak eta saminak biltzen dira dokumentalean. Ostiral gaueko 22:00etan hasiko da emanaldia.
“Asteburuarekin batera iritsiko dira Kultur asteko ekitaldi jendetsuenak. Larunbat goizean Kantu jirako kideak hurbilduko dira herrira. Adunarrak ez ezik, inguruko herrietako abeslariak ere izango dira bertan, giroa alaitzen. Arratsaldean, berriz, urtero antolatzen den pailazoen emanaldia izango da ikusgai. Patxin eta Potxin pailazoak gerturatuko dira aurtengoan. Ondoren, gaztain eta talo jatea egiten da pilotalekuan, eta horrek jende asko erakarri ohi du”, azaldu du Iñakik.

Igandean, herri kirolak eta antzerkia
Igandean, Kultur asteko ekitaldirik bereziena egingo dute. Apirilean zendutako Mendizabal aizkolari handiari omenaldia egingo diote goizean. Herri kirol ikuskizun bikainaz gozatu ondoren, Aburuza sagardotegian bazkaltzeko aukera ere izango da.
“Igande arratsaldean berriz, antzezlana eskainiko da lehendabiziko aldiz. Lakrikun taldearen “Greban gaude” emanaldia izango da ikusgai”, amaitu du Iñakik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!