Herri omenaldia Mendizabal II.ari

Martxoaren 28ak albiste beltza ekarri zuen; Joxemari Mendizabal aizkolari adunarra zendu zen. Hilabete geroago egin zioten lehen omenaldia Adunan, Gorostidi Harria saioan. Azaroaren 28an berriz, herri omenaldia egingo diote aizkolari handiari.

Eguerdiko 11:30etan hasiera emango zaio ekitaldiari Adunako pilotalekuan. Hamabost harrijasotzaile eta hogei aizkolari izango da bertan, saio borobila egiteko asmoz. Hala azaldu du Iñaki Aristeta zinegotziak: “Punta-puntako herri-kirolariak etorriko dira. Ikuskizun polita izango dela iruditzen zaigu. Ordu eta erdi pasako ekitaldia prestatu dute eta tartean, izango da berezitasunik. Harri-jasotzaileen artean, esaterako, Orioko Idoia Etxeberria gaztearen lana ikusteko aukera izango da. Horrenbeste kirolariren artean, bera izango da emakume bakarra. Urdax Magunazelaia gazteak ere bere saioa eskainiko du”.

Omenaldia eta herri-kirol saioa
Horrelaxe ekingo diote azaroaren 28ko ekitaldiari: “Omenaldi xumea egingo diogu lehendabizi. Bere etxekoak etortzekoak dira eta Joxemari gogoan izango dugu, bai Adunako Udalak, bai Muxkil elkarteko kideek, baita herri-kirolariek ere. Ondoren, kirol ekitaldia egingo dute eta amaitzeko, bertsolarien saioa izango da. Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña etorriko dira”.
Kultur astea borobilduko du Mendizabalen omenezko herri-kirol jaialdiak: “Joxemari Mendizabal adunarra izanik, herri omenaldia egitea merezi zuela uste genuen, eta egokia iruditu zitzaigun Kultur astearen barnean egitea. Herri-kirolak gure kulturaren zati garrantzitsu dira eta ekitaldi indartsua antolatu nahi izan dugu. Gainera, Kultur astea bukatu ondoren egin izan bagenu, gehiegi atzeratuko litzateke”.

Bazkaria, sagardotegian
Pilotalekuko saioa amaituta, hala nahi duenak Aburuza sagardotegian bazkaltzeko aukera izango du. “Horretarako txartelak salgai izango dira Aburuza sagardotegian, Uztartza jatetxean, Tolosako Kantabrikon, Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Leitzako Harakindegia jatetxean. Sarrera aurrez erosten duenak 30 euro ordaindu beharko du. Egunean bertan erostea erabakitzen duenak berriz, 35 euroko prezioan izango ditu”. Azaroaren 25ean amaituko da sarrera aurrez erosteko epea.
Muxkil elkarteak eta Adunako Udalak antolatu dute Mendizabalen omenezko ekitaldia: “Herri-kirolari askoren laguntza izan dugu. Aizkolari, harri-jasotzaile…, euren artean zabaldu dute deialdia eta haiek erabakiko dute egin beharreko lana zein izango den ere. Oso harrera ona izan du omenaldirako deialdiak eta ahal zutenek, baiezkoa eman zuten berehala. Aipatzekoa da Mindegia aizkolariaren kasua. Begietako ebakuntza txiki bat egin berria izango du egun horretan, eta aizkoran saiorik egingo ez badu ere, Adunara gerturatzeko asmoa baduela esan digu”.
Joxemari Mendizabalek oso maitea zuen jaioterria eta adunarrek ere, gogoan dute: “Nahiz eta hamabost urte inguru zituenean Adunatik Villabonara joan zen bizitzera, herritar askorekin harremana izaten jarraitu zuen”, azaldu du Iñaki Aristetak.

Autoak uzteko tokiak
Aparkaleku bereziak jarriko dituzte Adunan, azaroaren 28an. “Hala ere, jende asko etortzea espero dugu, eta komenigarria izango da garaiz etortzea. Kotxeak uzteko tokia ahalik eta modu erosoenean moldatzen saiatuko gara”, azaldu du Iñakik.

Adunan izango diren herri-kirolak
Harri-jasotzaileak: Mieltxo Saralegi, Iñaki Perurena, Inaxio Perurena, Zelai, Goenatxo, Ostolaza, Haimar Irigoien, Goikoetxea, Gorostidi, Urdax, Landarbide, Izeta II, Izeta IV, Urtzi Telleria eta Idoia Etxeberria.
Aizkolariak: Aierbe, Arria II, Arria III, Arria IV, Erasun, Nazabal, Peñagarikano, Azurmendi, Olasagasti, Arrospide, Jaunarena, Ugarteburu, Lopez, Arregi, Etxebeste, Agite, Mindegia, Larretxea, Elorriaga eta Mugerza.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!