Udalak Andoaingo Domina emango dio Jose Mari Olazabali

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2010ko aza. 18a, 20:09

Andoaingo Osoko Udalbatzak datorren azaroaren 27ko batzarraldian Andoaingo Domina bere ohorezko goraipamenetako bat emango dio Jose Mari Olazabal Iñurrita jaunari, 59 urtetan Andoaingo herritarren ongizatearen alde hainbat alorretan egin duen lan itzelagatik.

Aste honetan eman ditu Udalak amaitutzat erabaki hori hartzeko merezimendu espedientea osatzeko lanak eta espediente horren instruktore izan den José Luis Vela zinegotziak adierazi duenez, “merezimenduek gainezka egin diete Udalak goraipamen horiek emateko duen arautegiko eskakizunei”. Hurrengo egunetan Tokiko Gobernu Batzordeak aztertuko du osatu den espedientea eta, azkenik, Osoko Udalbatzaren esku jarriko du, azken erabakia har dezan.

Jose Mari Olazabalen lana oso ezaguna da Andoainen, 59 urtez hainbat alorretan buru-belarri jardun baitu, hala garai bateko langileen eskubideen aldeko borroka eta ekimenetan, Andoaingo udaletxean, Euskalduna kirol elkartean, nola, bereziki, Cáritas erakundearen baitan andoaindarrentzat bizitzeko beharrezko ziren lan- eta gizarte-estaldura oinarrizko ugari eskuratzen, eta beharrik gorrienean bazterturik bizi izan direnei mota orotako laguntza eskaintzen. Urte luzeetako lan eskerga hori Jose Mari Olazabalek hutsaren truke egin du, elkartasun, kristau-karitate edo altruismoagatik.
Estanis Amutxastegi alkateak adierazi du “ehunka dira Olazabalek lagundu dituen andoaindarrak, eta lagundu diodanean esan nahi dut benetako laguntza ematen ziela, sakona, kualifikatua, eta joera nabarmena izan du beti ahulena, beharrik handienean zegoena laguntzeko. Berdin zitzaion jatorriz andoaindarra zen edo munduko beste puntakoa, kristaua zen ala musulmana edo ateoa, ikaragarria izan da gizon honek egin duen lana. Garai bateko borroka sindikaletan ezagutu nuen nik eta esan dezaket gizon osoa zela, leiala eta solaskidearengan begirunea sortzen zuena”.

Jose Luis Vela instruktoreak, berriz, adierazi du azken bi hilabeteetan herritar mordoarekin hitz egin dela Olazabalen merezimenduak osatu ahal izateko eta ohorezko sari hau emanez Andoaingo Udalak herri osoak berarekin zuen zorra eta esker ona adierazi nahi diola.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!